Txirritak 40 urte: elkarte bat eta bi norabide

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 28a, 10:15

Lizartzako Txirrita elkarteak 40 urte betetzen ditu eta hori dela eta, bertso afaria antolatu dute apirilaren 21rako eta egun osoko festa maiatzerako.

Plazan bertan dago Txirrita elkartea. Elkarteak herriari bizia ematen dio eta herriak elkarteari, hori dio Xabino San Sebastianek. «Azken batean, herrigintza egitasmo bat da bete-betean», gaineratu du lizartzarrak. San Sebastian zuzendaritza taldeko sei kideetako bat da, baina 40 urte hauetan ia herri osoa pasa da bertatik. «Denontzat denez, denok parte hartu behar dugu», azaldu du.
1978. urtean sortu zuten elkartea eta gaur, orduan bezala, auzolana eta herritarrak dira Txirritaren ikur. «1978. urtean kokatzen gaitu historiak eta aurrez beste 40 urteko ilunaldia pasata gentozen, herri ekimenak auzolanean egiteko ilusioa soberan zegoen gure herrian ere», esan du San Sebastianek. Aukeratutako izena ere ez da kasualitatea: «Bernardo Bidaola Atxega Txirrita herritarraren omenez jarri genion izena, bi urte lehenago Etxalarren herri aske batengatik eraila izan zena».

Sortu berritan ere babes handia jaso zuen elkarteak eta herriko familia gehienetan bazen kideren bat, «erakunde politikoen edo erlijiosoen aterpean ez zegoen gune bat sortu nahi izan genuen. Kirolari, kulturari eta bestelakoei lotutako jarduerak bultzatzea izan zen asmo nagusia», esan du zuzendaritzako kideak. «Gaur egun, egitasmoak berean jarraitzen du, garaian garaikora egokitzen joan gara bakarrik, besterik gabe».

Horixe baita elkarte bat, elkartzeko gune bat, eta hori betetzen da Lizartzan. «Ohituak gaude elkartean adin ezberdinetako mahai inguruak ikusten, bai otorduak prestatzen, eta baita elkarri aholkuak ematen edo besterik gabe, eguneroko gorabeherak partekatzen ere. Horrek giro polita sortzen du eta talde bateko kide egiten eta sentitzen laguntzen du».

Asko dira elkartetik bultzatzen edo babesten diren hitzorduak eta elkartea bera «babestoki» bezala ere definitu du San Sebastianek: «Herri txiki, infernu handi esan ohi da, indibidualismoa goraka doan sasoi hauetan horrelako guneak babestoki dira, aisialdi denbora betetzeko eta isolamenduari edo bakardadeari aurre egiteko balio du».

Bilgune izatearekin batera, herriari zerbitzu egitearena oso presente dute Txirritan, beraz. «Lizartzan hainbat pilotari sortu dira, baina ez da izan kirola horren sustatzaile, hala ere, edozein kirol motatako ekimen bat dagoenean elkartea erabili izan da antolakuntza lanetarako edo azpiegitura gisa, otorduak prestatzeko, besterik ez bada. Beste hainbat ospakizuni lotuta ere egon da beti Txirrita; politika, kultura, herriko jaiak, omenaldiak... Ia era guztietako herriko ekitaldietarako topaleku da», nabarmendu du. Horri lotuta urtean zehar finkoak diren hainbat hitzordu aipatu ditu San Sebastianek: urteurrena bera, sukaldaritza ikastaroak, bertso afariak, upategietara txangoren bat, adinekoen bazkaria, inauteriak, Erromeria Eguna, San Silbestre krosa, Martxoaren 8ko ospakizunak...


Apirilak 21 eta maiatzak 12
Urteurrena dela eta, aurten bi ekitaldi antolatu dituzte, batetik bertso afaria egingo dute Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariarekin apirilaren 21ean, eta, bestetik, egun osoko festa antolatu dute maiatzaren 12rako. 40 urte betetzea ospatzekoa baita: «40 urte egitea edozein arlotara eramanda ere ospatzekoa denez, eta kontuan izanik bazkide sortzaile dezente ere gurekin direla oraindik, egun berezi bat eskaini nahi genion herriari, jai giroan ospatuz eta haserako zailtasun haiei perspektibarekin begiratuz, eman duen onena oroitzeko». Horregatik erabaki dute 25 urtez egin izan duten bertso afaria berreskuratzea, batetik, eta 1978an inaugurazio bazkaria egin zenez, «ohiturari zor» aurten ere bazkaria egitea. «Larunbat arrunt bat ezberdin bihurtuko dugu», esan du.

Bertso afarirako sarrerak salgai daude jada elkartean bertan edo udaletxean 30 euroren truke. Eta parte hartzeko ez da elkarteko kidea izan behar.

Egitaraua

Apirilak 21, larunbata

  • 20:30. Bertso afaria Txirritan, Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariekin.

Maiatzak 12, larunbata

  • 12:30. Kalejira Isk&bila txarangarekin. Elkarte ingurua eta plaza alaituko ditu txarangak.
  • 14:30. 40. urteurreneko bazkaria, elkartean.
  • 18:00. Toka txapelketa, plazan.
  • 20:00. Parrillada eta barrikotea irekia, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!