«Abestien moldaketak egitea kantuari eustea da, baina apainduz»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 21a, 15:05

Txikitatik jotzen du pianoa Garazi Esnaola lizartzarrak. Hainbat taldetan aritu ostean, Izaroren birara igo da eta zuzenekoetako boskotea borobiltzen du. Erronka berria da musikariarentzat eta gogotsu dago.

Garazi Esnaola (Lizartza, 1992) Izarorekin dabil eszenatokiz eszenatoki. Musikari bizkaitarrak Eason lana du kalean eta duela gutxi hasi dute bira. Hain justu, bira horretara gehitu da lizartzarra eta datozen hilabeteetako asteburuak bete-beteak baditu ere, kontent dagoela dio. Lizartzarraz gain, Iker Lauroba (gitarra eta teklatuak), Oriol Flores (bateria) eta Julen Barandiaranek (baxua) laguntzen diote Izarori, eta proiektua erronka bat bezala hartu duela esan du. «Proba egiteko eskatu zidatenean erronka bezala hartu nuen. Ez da nire estiloa, baina moldatu nintekeela pentsatu nuen eta niretik zerbait jarri nezakeela, eta lortu dudala esango nuke», esan du. Esnaolak estilo sotila du gustuko eta bera ere nahiko intimista dela dio.

Izaroren proiektuan sartu berri zara, teklatua joz, zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Oraintxe hasi gara eta oso gustura nago. Lehen kontzertuak Bilboko Arriagan eta Donostiako Victoria Eugenian eman genituen eta sekulako aukera da horrelako antzoki batean aritu ahal izatea. Ez bakarrik hori, horrelako musikariekin batera jotzea ikaragarria da. Estilo aldetik aukera berri bat irekitzen dit, ikasteko aukera ematen dit, eta areto berri edo desberdinetan jotzeko aukera ere ematen dit. Aurrekoetan areto txikiagotan eta, batez ere, plazetan jo izan dut. Antzokietara pasatzea beste kontu bat da, eta esperientzia polita izaten ari da.

Izaroren proiektua oso pertsonala da. Nola sartu zara bertan?

Erronka bat izan da horrelako proiektu batean hastea, azken finean bere kantuak dira, eta ni gainera, diskoa grabatuta zegoela iritsi naiz. Hasieran zalantzak izan nituen, ez nekien nire moldaketak sartu edo zegoena bere horretan jo... azkenean, hitz egin, eta tarteko zerbait egitea adostu genuen. Diskoan dauden abesti asko grabatuta dauden bezala jotzen ditut eta abesti zaharrak moldatu egin ditut pixka bat, batez ere, denok eroso sentitu ahal izateko. Lehen unetik oso ondo sentitu naiz taldean, oso harrera ona egin didate. Froga egin nuenean ikusi zen feelinga bazegoela eta bai pertsona bezala eta baita musikalki ere, bat egiten genuela.

Ez da zure lehen taldea, baina bai orain arteko proiekturik desberdinena.

Eraul taldean aritu naiz orain gutxi arte. Diskoa grabatu eta segituan utzi nuen. Asier Beramendik bakarlari gisara jarraitzen du. Aurretik Margot taldean aritu nintzen, lagun batzuen artean egindako proiektu txiki bat izan zen hori. Eta aurretik plaza taldetan ibilia nahiz; eskualdeko lagunetik lehen taldea Kantuki izan zen. Nire lehen esperientzia plazetan Kantukirekin izan zen. Oso oroitzapen politak ditut. Oraingoa oso bestelako proiektua da.

Margot eta Eraulen, kanta propioak zenituzten.

Desberdina da kantu propioak jo edo bertsioak, eta bai alde horretatik Margot eta Eraul nireago ziren. Orain Izarorekin musikari bezala nabil, eta desberdina da. Denetatik ikasi ahal da, beti dago ikasteko aukera.

Bira hasi besterik ez duzue egin, datozen hilabeteetan agenda betea izango duzu.

Bira potentea dauka lotuta eta hasteko gogoarekin gaude. Badirudi oraintxe hasi garela, baina gu aspalditik hasiak gaude. Ni ia 6 hilabete daramatzat lanean eta gainontzekoak ia urtebete. Beraz, gogoa genuen kontzertuak emateko. Egia da ekainera bitarte ia astebururo dugula zerbait.

Eta etorkizunera begira, baduzu beste proiekturik buruan?

Une honetan Izaroren proiektuan nik dakidan horretatik ekarpenak egitea da nire asmoa eta aurrera begira auskalo, beti sortzen da zerbait, jendea ezagutzen zoaz... sortzen dira gauzak.

Animatuko al zara inoiz, zure proiektu propioa kaleratzera? Pentsatu al duzu inoiz?

Oraingoz ez. Baditut kantak eta, baina momentuz ez da horiek plazaratzeko unea.

Nolako proiektuan ikusten duzu zure burua?

Egia esan gauza desberdinak probatzea gustatzen zait, azkenean zure papera aldatzen joaten da. Taldean ibilita beti duzu musikari bezala ekarpenak egiteko aukera; kantuak egiten edo moldaketekin... Kasu hau desberdina da; abestiak eginda daude jada, eta nik nireganatu eta moldatu behar izan ditut. Izarorena beste prozesu bat izan da. Biak gustatzen zaizkit, bai sortzea eta baita moldatzeak irekitzen dizkidan aukera ere. Abestiari eustea da, baina apainduz. Oso lan polita da.

Txikitatik datorkizu musikarekiko zaletasuna, ezta?

Nire aita musikaria da, eta guk betidanik, txiki-txikitatik, ikasi dugu musika. Egia esan ez dakit noiz hasi nintzen, baina erdi jolasean edo oso txikitatik. Etxean ikasi dut. Betidanik jo izan dut pianoa, baina egia da, 15 urterekin edo, pianoa alde batera utzi eta gitarra elektrikoa jotzen hasteko gogoa ere izan nuela, baina pianoari eutsi nion. Gitarra ere ikasi nuen pixka bat, baina nire instrumentua pianoa da, ez nuen utzi. Erosoen pianoan nago, nahiz eta beste batzuk ere jotzen ditudan.

Lizartzak musikari asko eman ditu.

Saltsero asko dago herrian, eta egia da musika oso presente egon dela beti herrian. Niri ere askotan esan didate lizartzarra izanda instrumenturen bat jo behar nuela, erdi barrez. Lizartza beti izan da musikazalea, nik uste ikusten denetik egiten dela, eta gurean beti ikusi izan dugu musika presente egon dela.

Donostian bizi zara orain. Hiri bizia eta herri lasaia, zer nahiago duzu?

Biak ditut gustuko. Egia esan ez naiz geldi egotekoa ere eta Lizartzan bizi nintzenean ez nuen bertan denbora asko ematen eta orain Donostian ere gauza bera pasatzen zait.

Duela gutxi esan du Iker Laurobak Lauroba proiektua bertan behera uzten dutela, hain justu, musikaren mundutik bizitzea oso zaila delako. Ados al zaude zure taldekidearekin?

Mugimendua dago eta badago lanerako gogoa, baina profesional bezala aritzea oso zaila da. Gure taldean ez da ia inor bizi musikatik bakarrik, ez ez dutelako nahi, posible ez delako baizik. Bigarren lan bat eduki behar dugu, eta askotan bigarren lan horrek mugatzen digu zuzenekoetarako eta abar. Nahiko egoera aldrebesa da. Zein iturgin etorriko zaizu etxera ogitarteko baten truke? Musikarioi askotan eskatu digute jotzeko ogitartekoaren truke, eta ez beti, baina horrek agerian uzten du kontzertu baten atzean dagoen lan guztia ez dela behar bezala baloratzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!