Mendi martxa arrakastatsua

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 25a, 16:29

Lizartzako Mendiz Mendi Etxerako antolatzaileak txoratzen daude; «izugarrizko arrakasta» izan zen larunbatekoa.

Ibilbide luzean 75 mendizale izan ziren, ertainean 144 eta laburrean, familia giroan egitekoan, 193. Guztira, 412. Hori nahikoa ez eta bazkaltzera 500 elkartu ziren. Lehen balantzea, beraz, ezin hobea egin dute antolatzaileek: «Eguraldia bikaina izan zen, parte hartzea zer esanik ez, ez zen istripurik izan eta ez zen inor galdu. Gehiegi, gehiegi izan zen larunbatekoa... oso pozik gaude. Izugarrizko indarra eman digu horrek». Mendizaleen artean portugaldar bat, ingelesak eta frantsesak ere izan zirela baieztatu dute lizartzarrek.


Diru kontuak oraindik bukatu ez dituzten arren, iaz baino %30 gehiago bilduko dutela uste dute. Arlo guztietan, beraz, paregabe atera zaie mendi martxaren hirugarren edizioa. Bigarrengoan, iazkoan, 311 mendizale elkartu zituzten, eta lehenengoan, 221. Larunbatean, marka guztiak hautsi zituzten. «Hortik gora ez dugu behar, Lizartzako azpiegiturek ez lukete emango. Bazkaltzerako orduan batez ere», diote umoretsu.


Arrakastaren zergatia elkartasunean kokatzen dute antolatzaileek. Lizartzako presoak eta denak abenduan etxean izatea gustatuko litzaiekeen arren, hurrengo urteko edizioa buruan dute antolatzaileek. Irailaren 22an edo 23an izango da. Oraindik erabaki behar dugu larunbatean edo igandean egingo dugun. Bitartean, jendearen elkartasuna eskertu nahi izan dute, eta behar balitz, aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzea eskatu dute. Esker oneko hitz horietan, parte hartzaileez gain lanean aritu diren boluntarioak aipatu dituzte lizartzarrek; 80 lagunetik gora aritu dira lantegi horretan. «Bazkarian, adibidez, Txatarras jo eta su eduki genuen arroza egiten. Azken momentuan, 15 kilo gehiago egin behar izan zituen, goizean aurreikusitakoa erraz gaindituko genuela segidan jabetu baikinen. Dena bikain atera zen azkenean, eta arratsaldean luzatu zen ekimena izan zen, mahaiaren bueltan lasai egon baitzen jendea; gustura geunden seinale».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!