Mendiz Mendi Etxera ekimenean parte hartzea goraka doa

Ataria 2017ko ira. 21a, 11:47

Hirugarren aldiz antolatuko dute Lizartzan ekimena, eta iaz izandako 270 parte hartzaile kopurua gainditzea espero dute, 220 mendizalek dagoeneko izena eman baitute.

Hirugarren urtez antolatu dute Lizartzan Mendiz Mendi Etxera ekimena. Etzi, irailaren 23an, egingo da, eta gero eta jende gehiago erakartzen duen seinale da atzo eguerdirako dagoeneko 220 parte hartzailek izena emana zutela, hiru ibilbideak kontuan hartuta. Iaz 270 inguru izan ziren, beraz, espero dute aurtengoan kopuru hori igotzea.

Oraindik, noski, izena emateko hainbat aukera daude. Batetik, internetez www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin daiteke. Bestalde, Lizartzako plazan gaur eta bihar, 20:00etatik 21:00etara, izango dira antolakuntza taldekoak. Eta egunean bertan ere, proba bakoitza hasi aurretik egin daiteke.

Antolatzaileek diotenez, «Lizartzak dituen ondoko parajeez gozatzeko aukera izateaz gain, bertakoak diren baino preso dauden herritar eta euren senideei elkartasuna adieraziko diegu». Aurtengorako eguraldi ona dagoela aurreikusita dio antolakuntzan dabilen Nagore Esnaolak, eta jendea animatu du parte hartzera. Bide batez, esker ona azaldu die parte hartzaileei, eta iazko edizioa ekarri du gogora: «Eguraldi txarra egin zuen, eta halere egunean bertan jende asko etorri zen izena ematera. Pentsatzen genuen aurretik izena eman zutenak etorriko zirela, baina ezustekoa hartu genuen egunean bertan ere zenbat jende azaldu zen ikusita. Sekulakoa izan zen».

Mendi martxetan hainbat kontrol gune izango dira eta baita anoa guneak ere. Ibilbide motzak ere bere kontrol eta anoa gunea izango du Goltzurzelain. «Haurrei ilusioa egiten die beraiei ere, mendi martxa ertaineko eta luzekoei bezala, txartela markatzea», esan du Esnaolak.

Parte hartzaile guztiek oparitxo bat jasoko dute ibilbideen bukaeran, eta horretaz gain hainbat produktu zozkatuko dira guztien artean: herri ostatuko otorduak, Arrospide ile-apaindegiaren zerbitzuak, Antsonea gaztak, Mahalako produktuak, Zuhaizki aroztegiaren opariak, eta Aitor Agirrebarrena eta Garikoitz Etxeberria preso lizartzarrek egindako eskulanak.

BIDEOA ETXEBERRIAREN AHOTSAREKIN

Jendearen parte hartzea bultzatzeko bideo bat egin dute eta Youtuben zintzilikatu. Garikoitz Etxeberriak berak egindako bertsoekin osatu dute abestia, eta berak kantatzen ditu. Etxeberriaren ahotsa Sevilla II espetxetik telefonoz grabatu zuten, eta gero Lizartzako hainbat haur eta helduek ere parte hartu dute abestia osatzeko. «Oso gustura gaude nola geratu den bideoa», esan du Esnaolak.

Mendiz Mendi Etxera ekimena ibilaldiez gain, egun pasa egiteko proposamena da. Izan ere, haurrentzako gune bat izango da, puzgarriekin eta ohe elastikoekin, eta herri bazkaria ere egingo da. Hiru ibilaldietako parte hartzaile guztiek bazkarian izateko aukera dute, eta parte hartzen ez dutenek bere txartela erosi dezakete. 10 euro balio du eta herriko tabernetan erosi daiteke, eta bihar iluntzera arte izango da epea horretarako. «Gertatu izan da familia batean ibilaldia egiten duena bakarra dela, eta modu honetara bere familiakoek aukera dute txartelak hartu eta elkarrekin bazkaltzeko», azaldu du Esnaolak.

Bazkaria plazan egingo da eta plater nagusia paella izango da. Lehenengo haurrek bazkaltzen dute, eta gero martxa ertainekoen eta luzekoen txanda izaten da. «Dena auzolanean antolatzen da», nabarmendu du Esnaolak.

 

IBILALDIEN EZAUGARRIAK

Ibilaldi luzea. 35 kilometro eta 2.200 metroko bataz besteko goranzko malda. Irteera 07:00etan. Bederatzi kontrol gune: Lizartza-Otsabio-Añi-Ilarratsu-Narbaitzu-Urkita-Ulizar-Errospe-Lizartza. 16 urtetik gorakoentzat da eta 20 euro da izen ematea.

Ibilaldi ertaina. 18 kilometro eta 1.100 metroko bataz besteko goranzko malda. 08:00etan irteera. 14 urtetik gorakoentzat. Sei kontrol gune: Lizartza-Otsabio-Añi-Ilarratsu-Narbaitzu-Lizartza. Izen ematea 15 euro.

Ibilaldi motza. 3 kilometro eta familia giroan egiteko. Irteera 10:30ean. Izena ematea: helduek 10 euro eta haurrek 5 euro. 2 urtetik beherakoek dohainik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!