Irailaren 23rako lanean hasiak dira Lizartzan

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 27a, 12:03

‘Mendiz mendi etxera!’ ekimenaren hirugarren edizioa antolatu dute; herriko presoei eta euren senideei elkartasuna adierazteko martxa da.

Lizartzako Mendiz mendi etxera! mendi ibilaldia irailaren 23an izango da. Abuztua tarteko, antolatzaileak hirugarren edizioari begira lanean jarri dira. Iaz bezala, hiru ibilbidetan parte hartzeko aukera izango da: 35 kilometroko ibilbide luzea; 18ko ertaina eta 3 kilometroko ibilbide laburra, familia giroan egiteko modukoa.  
Mendi ibilaldia egiteko izena eman beharra dago aurrez. Horretarako bi bide jarri dituzte lizartzarrek: internetez kirolprobak.com webgunean, eta Lizartzako plazan, irailaren 15, 21 eta 22an, 20:00etatik 21:00etarako tartean.

Parte hartzaileek hainbat kontrol gune izango dituzte ibilbidean, jan edanarekin horniturik. Proba amaitzean, orain arteko edizioetan bezala, mendizale edo gerturatzen direnentzat paella egongo da herrian. Parte hartzaileen artean hainbat opariren zozketa egingo da, eta haurrek euren txokoa izango dute, puzgarri zein ohe elastikoekin.

Hainbat ezaugarri:

  • Ibilbide luzea: 35 km eta 2.200 metroko bataz besteko goranzko malda. Irteera 07:00etan. Bederatzi kontrol gune. 16 urtetik gorakoentzat, 20 euro izen ematea.
  • Ibilbide ertaina: 18 kilometro eta 1.100 metroko bataz besteko goranzko malda. 08:00etan irteera. 14 urtetik gorakoentzat, 15 euro izen ematea. Sei kontrol gune.
  • Ibilbide laburra: 3 kilometro eta familia giroan egitekoa. Irteera 10:30ean. Helduek 10 euro eta haurrek 5. Dohainik 2 urtetik beherakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!