Naparra gogoan, desagertu eta 37 urte igaro ondoren

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 14a, 08:58

Naparra ekarri zuten gogora Lizartzako Igarolabekoa baserrian, igandean. TOLOSALDEKO ATARIA

1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz; herritarrak Lizartzan bildu dira egia, justizia eta aitortza aldarrikatzeko.

Iruindarra zen Joxe Migel Etxeberria Naparra, baina urtero ekartzen dute gogora Lizartzako Igarolabekoa familiako baserrian. Aurtengo hitzordua igandean izan zen, hain justu, azken aldiz ikusi zutela 37 urte betetzen ziren egunean. Senideak eta lagunak bildu ziren baserrian dagoen monolitoan eta Naparra non dagoen jakiteko eskubidea dutela aldarrikatu zuten.

Ekitaldian dultzaineroak, txalapartariak eta bertsolariak izan ziren, eta baita hainbat hizlari ere, tartean bere anaia Eneko. Han bildutakoei eskerrak eman zizkien lehenik, eta egia jakiteko eskubidea dutela esan zuen. Era berean, urteetan erakundeen bazterketa jasan eta gero 2014an Behatokiak egindako eta Egiari Zor elkarteak aurkeztutako txostenari esker Nazio Batuen erakundean Naparraren desagerpenari buruz hitz egiteko aukera izan zutela gogoratu zuen eta Nazio Batuen Erakundeak kasua desagertze behartu gisa onartu zuela, eta beraz, egia, justizia eta aitortzarako eskubidea dutela, legez.

Duela hilabete gutxi Naparraren gorpuzkia aurkitzeko urratsak eman zirela ere gogoratu zuen Naparraren anaiak. Izan ere, informaziorik gabeko urte ilunak pasata, Iñaki Errazkin kazetariak datu esanguratsuak bildu ahal izan zituen. Antza garaiko Espainiako zerbitzu sekretuetako, Cesid-eko, kide ohi batek Naparra non lurperatu zuen argitu zion eta Paco Etxeberria auzitegiko medikuarekin batera txosten bat osatu zuten. Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak kasua berriz ere ireki zuen, eta Frantziako Mont de Marsan inguruan egin zituzten indusketak, apirilean. Ez zuten ezer aurkitu ordea.

Anaiak bilaketa ez dela eten esan zuen, epaileak ez baitu kasua erabat itxi. Espainiako poliziari eta Guardia Zibilari Cesid-eko kide ohia aurkitzeko informazioa eskatu die, besteak beste. Etxeberriak eta Errazkinek osatutako txostenean gorpuzkinak beste tokiren batean ere egon daitekeela bildu zuten, eta hori ere kontuan hartu dezake epaileak.

Era beran, ekitaldian ezker abertzaleko Haimar Altunak ere hartu zuen hitza. Gizarteak eta bereziki senideek Naparra non dagoen jakiteko eskubidea dutela esan zuen Altunak, «beharbada Landetako Labrit inguruan izango dute. Eremua sakonago begiratzea gustatuko litzaioke sendiari, baina berriz ere zailtasunak, trabak, eta oztopoak. Ez dago interesik familiaren sufrimendua arintzeko». «Beste behin ere egia, justizia eta aitortza aldarrikatzera etorri gara. Ez dago aitzakiarik. Herri bat bakean eta bizikidetzan eraikitzeko beharrezkoak dira. Berriro inoiz gehiago hori ez gertatzeko bermeak exijitzen ditugu», esan zuen. Bukatzeko «eskaini ahal izango diogun omenaldirik onena euskal aberri libre eta sozialista eraikitzea izango da» esan zuen.

ZIBURUN, AZKENEKOZ

Naparra 1980. urteko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz. ETA eta Komando Autonomoak erakunde armatuetako kidea izan zen eta 1978. urtean erbesteratu zen Ipar Euskal Herrira. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen Ziburura, norbaitekin zuen topaketa batera. Ziburun ikusi zuten azkeneko aldiz, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. Batallon Vasco Español (BVE) erakundeak Deia egunkariari eginiko dei baten bidez jakinarazi zuen bahitu eta erail zutela. Beste lau aldiz ere aitortu zuten Naparra desagerrarazi zutela.

Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu berriak agertu artean. 2016an iritsi ziren zantzu horiek eta auzia berriz ere zabaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!