[Gutuna] Gipuzkoako Urak, Ur Kontsorzioa... eta dietak!

Josune Zubeldia Etxeberria 2017ko urtarrilaren 18a

Gertaerak. Gipuzkoako Urak delako Kontsorzioko batzar nagusia Zizurkilen izan zen joan den urrian.
Herriko zinegotzi bezala lehen aldia nuen. Sartzerakoan, gutun azal bat eman zidaten. Nere lantokian aurkezteko frogagiria zela pentsatu nuen. Areto barruan, gutun azala zabaldu eta... 60 euro.

Berehala harrerara irten nintzen eta, hori zer zen galdetu nuen. Dieta zela esan zidan Kontsorzioko langileak eta dirua itzuli nien.
Batzar horretan, grosso modo, 50 lagun izango ginen; 50 bider 60 euro buruko, 3. 000 euro inguru banatu ziren dietatan.
Batzar horretan, hitz egin, asko jota zortzi pertsonek hitz egingo zuten. Ondoren, kontu orokorrak onartu ziren.
Balorazioa. Gipuzkoako Urak, Kontsorzioak, herritarroi dirutza kobratzen digu. Formaz kontrol publikoa duen, Gipuzkoako Ur Kontsorzioa, egiaz talde pribatu batek, Gipuzkoako Urak-ek, soilik maneiatzen du, negozioa batzuentzako delarik.
Eta amaraun horren harietako bat ote da gutun azalak banatzea? Hori guztia, noski, herritarroi kendutako diruarekin.

Josune Zubeldia Etxeberria, Lizartza

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!