«Asteburu honetan ospatuko dugu txapela»

Asier Imaz 2016ko aza. 23a, 17:14

Sakearen bueltako finala espero zuten Logroñoko Adarragan, eta horrela atera zen, baina aipatzen ez zutenaren erakustaldiari esker.

Lau t'erdiko Promozio Txapelketa ilusio handiarekin jokatu du Erik Jakak (Lizartza, 1994). Iaz finala irabazterik ez zuen izan. Arantza hori aurten atera du, Dariori 22-10 irabazita. Lizartzarrak 10 sake lortu zituen.

Finala polita izan zen Jakaren zaletuentzat. Agian ez horrenbeste besteentzat. 

Horrela izaten da batek beste nahiko erraz menderatzen duenean. Galtzailearen jarraitzaileentzat eta pilota ikusi nahi duenarentzat, ez da ikusteko polita izaten, baina bai irabazlearen jarraitzaileentzat.

Aurretik sakea gora eta sakea behera ibili zen jendea. Sakea ikusi zen, bai, baina espero ez zutenarena. 

Ematen zuen berak bakarrik sakatu behar zuela, edo nik buena egitera joan behar nuela. Bere sakea hobea dela jakinda, nire buruan konfiantza nuen errestorako. Baina baita sakerako ere; berari mina egiteko esperantza nuen, eta uste dut horrela izan zela. Ezin jarriz ibili zen, eta aurrera joan zenean ere asmatu egin nuen nora atera. Partidaren parte handi bat sakean joan zen, baina berean beharrean nirean.

Olaetxeak duela zortzi urte lortu zuen txapela hori. Orain zuk. Biok lizartzarrak eta biok botilero bera.

Berak anaia duelako eta nik kuadrilako laguna. Baina horretaz gain, pilotaz asko dakielako ematen dugu Iraitz Olaetxea. Nirekin lan oso ona egin du aurten, batez ere, finalerdietako partidan. Momentu zail horretan, buruari buelta ematea kosta egiten da, eta bere laguntzarekin errazago lortu nuen hori egitea. Nik ustez finalean lan errazagoa izan zuela, baina egin beharreko lana egin zuen. Erraz irabazten zoazenean, askotan burua erlaxatu egiten da. Partidan egoten asko lagundu zidan, eta txapelketa guztian egin ez nuena egin nuen; partida barruan hasi eta buka. Horregatik guztiagatik, Iraitzekin oso gustura ibili naiz.

Sari bat baino gehiago dituen txapela da lortu duzuna. Bat: hurrengo urtean lehen mailan jokatzeko aukera. 

Oso sari polita da hori. Aurten, egia esan, promoziokoaren aurretik, eskura eduki dut sari hori. Partida bat irabaztea besterik ez nuen, baina ezin izan nuen lortu. Enpresak gero promozio txapelketan jarri ninduen, eta ilusio handiz jokatu dut. Azkenean, aurtengoan ez, baina hurrengoan plaza segurua izango dut.

Beste saria: senide, lagun eta ingurukoei eman diezun poza. Zer ospatua baduzue.

Herri txikietan denak oso gertukoak izaten gara. Finala eta gero hitz egin genuen, eta ospakizuna asteburu honetarako uztea erabaki genuen. Afari polita egingo dugu, eta gehienak elkartuko garela uste dut. Seguru momentu polita pasako dugula.

Txapela nori eskaini zenion?

Familiakoei, neska-lagunari eta bereziki errehabilitazioan nirekin egon den lantaldeari. Bost hilabete horietan izugarri lagundu zidaten. Gero izeba bati ere eskaini nion. Ez da momentu errazak pasatzen ari, eta espero dut, borrokatzen segitzeko indarrak ematea.

Zure lagun handi bat, Jokin Altuna, zu egon zaren bezala dago, lau t'erdiko finalaren atarian. Ez da erraza izango.

Orain artekoa ere zaila izan du, eta zalantzarik gabe, Oinatz Bengoetxea momentu ikaragarrian dago. Baina Jokinek bere egiten baldin badu, ni behintzat seguru nago aukerak izango dituela. Eta Jokin bezalako pilotari batek aukerak dituenean oso gutxitan egiten du kale. Ea partida handia egiten duen, eta zorte pixka batekin, txapela Amezketara joaten den.

Biok uda izugarria egiteaz gain, lau t'erdikoaren finalean sartu zarete.

Eta ea txapela ere komunean izaten dugun. Jokini beti onena opa diot, lagun handia dudalako. Astean zehar ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta ea txapela lortzen duen. Eta aurten ez baldin badu lortzen, ziur beste urteren batean lortuko duela; izugarrizko maila baitauka.

Hurrengo urtean beraren aurka jokatzen egon zaitezke. 

Amets oso polita da hori. Ez txapelketan bakarrik, bestela ere edozein partidan beraren edo Iker [Irribarria] eta horien aurka jokatzea izugarria izango litzateke. Ea lanaren bidez aukera hori izaten dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!