Izan edo ez izan faborito

Jexux Murua 2016ko azaroaren 22a

Faboritoa zen ia denentzat eta arrazoi eman die bere aldeko apustua egin zuten guztiei.  Erraztasunez irabazi du Erik Jakak promozioko lau t’erdiko txapelketa.

Promozio mailako lau final jokatu ditu azken bi urtetan, eta iazko lau t’erdikoak bakarrik egin dio ihes. Aurtengoan, inor gutxiesteko asmorik gabe, koska bat gainerakoen gainetik dagoela erakutsi du, eta onenen aurka jokatzeko prest dagoela. Bidea egiten ari da lizartzarra, pausoz pauso. Urte zaila izan du azkenekoa lesio bat tarteko, baina honi gaina hartu eta aurrera doa, mailaz maila gorantz. Txiki-txikitatik onenekin lehiatzera ohitua da, horien artean nahi duela antzeman zaio, eta ez dirudi etsiko duenik lortu arte.


Pausoz pauso ez, baizik eta lauka onen-onenen sailera sartu dena, Jokin Altuna da. Honi ez genion faborito titulurik jarri txapelketa hasieran. Jakaren kasuan ez bezala, inork gutxik iragarriko zuen aurtengo final nagusira helduko zenik. Eta hor dago pilotazale guztion gozamenerako, ze ez zait iruditzen pilotari honen jokoak txoratzen ez duen pilotazalerik egon daitekeenik. Uda harrigarria egin du eta, segidan, lau t’erdiko finalean sartu zaigu. Ez du bide erraza izan, hanka bat finalaurrekoa jokatzetik kanpo zuela ere ikusi genuen, baina Olaizolaren aurkakoan erakustaldi ederra eskaini zigun. Gasteizko Ogetan, Ogeta bera atzeko hormatik begira duela, Oinatz Bengoetxea eta honen joko bihurria izango ditu zain. Zein baino zein bihurriagoak biak, ikustekoa izango da. Amorratzen gaude!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!