Jakak irabazi eta txapela Lizartzara

Ataria 2016ko aza. 20a, 20:40

Erik Jakak jantzi du pilotako promozioko Lau T´erdiko txapela Logroñoko Adarragan. Partida oso-osoa jokatu du eta 22 eta 10 irabazi dio lizartzarrak Dario Gomez ezkaraitarrari, nagusitasun osoz. Bigarrenez dakarte sari preziatu hau Lizartzara epe laburrean, aurten zortzi urte Olaetxeak jantzi baitzuen.

Hasieratik bukaerara agindu du Erik Jakak partidan eta merezimendu osoz irabazi dio Dariori zaleen gehiengoa alde zuen frontoian. Logroñon jokatuta partida, frontoira hurbildu diren gehienak ezkaraitarraren aldekoak ziren, normala den bezala; lizartzarrak, baina, eraman ditu bere zaletuak ere eta giro ederrean jokatu da partida.

Jakari egokitu zaio lehen sakea ateratzea eta berarentzat izan da lehen tantoa ezkaraitarraren pilotakada luze batek lau t´erdiko marraz atzera bote egin duenean. Bigarren tantoan pilotakada asko jo dituzte, biek izan dituzte aukerak bukatzeko eta, azkenean, ezkaraitarraren alde erori da. Hau izan da partidako berdinketa bakarra. Dariok bere lehen sakea falta egin du gero, eta beste sei kateatu ditu segidan lizartzarrak (8-1), horietatik lau sakez.

Suertez egin du Dariok bere bigarrena: berak gaizki jotako pilota batek bote zeharo okerra egin du eta ez du Jakak ezer egiterik izan. Baina pilota ez oso zail bat galdu du hurrengo tantoan Dario berak, eta hamahirugarreneraino joan da zuzenean Jaka (13-2). Bolada honetan sakez egin ditu hiru tanto -bat ederra Dario airera zetorkiola ohartu eta eskuinetik eskuinera jota egin duena- eta beste bat sake errematean, ezker gantxoz goxo-goxo txokoan utzita. Darioren sake zitalaz hitz egin dugu asko, baina Jaka zen mina egiten ari zena oso ondo sakatuz eta Darioren ahulezietako bat nabarmenduz.

Jakaren eskuin sotamanoak lau t´erdiko marra pasatu du eta hala egin du hirugarrena Dariok, eta saketik laugarrena. Hurrengoan, defentsa lan ikaragarria egin du Erikek saketik hasita eta, azkenean, berak egin du tantoa ezker-horman pilota zeharo baztertuta hirugarren koadroan. Beste bat saketik, sake-errematea hurrengoan, oraingoan ezker gantxoa zabalera jota, eta 16 eta 4 aurretik. Denean ari zen hobeto.

Partidako sake-falta egiteko zaukan artean Erikek, eta orain egin du motzegia jota. Baina ez dio kalterik egin, oso zentratuta jarraitu du. Sakez bi tanto egin dizkio segidan Dariok, aitzakiarik gabeak, zitalak eta gaiztoak izan dira-eta (16-7). Hurrengo tantoa bikain jokatu du lizartzarrak, sake zaila jiratu, batera eta bestera tantoari eutsi eta, aukera izan duenean ezker gantxo ederra zabalera, tanto! Beste hiru egin ditu jarraian eta partida bukatzeko bi falta zitzaizkion.

Darioren susperraldi txiki bat etorri da, baina partidak bazuen ordurako nagusia. Darioren ezker zehar luzea eskuin marratik hara joan da eta saketik bukatu du Jakak. 22 eta 10.  Besoak jaso ditu lizartzarrak ikusleen txalo zartaden artean. Iaz ere finala jokatu zuen eta faborito nagusia izatearen zama eraman behar izan du. Ez du zalantzarako aukerarik eman, gorabeheratsu aritu da partida gehienetan, baina jokatutako partida guztiak irabazi ditu. Gaur finala zen, eta, gaur bai, partida oso-osoa jokatu du hasieratik bukaerara, gorabeherarik gabea. Sakatzen, errestatzen, defentsan, erasoan ... denean izan da nagusi.

Hiru urtetan hirugarren txapela du, bi promozioko binakako txapelketakoak eta hau. Gaurko honek, gainera, datorren urtean txapelketa honetan onenen aurka jokatzen aritzeko eskubidea ematen dio. Sari handia berak aitortu duen bezala, asko kosta dena eta ondo merezia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!