Larriki gaixorik dauden presoen egoera salatu dute

Ataria 2016ko azaroaren 8a

Lizartzan larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten

Sarek hainbat ekitaldi antolatu ditu Salatzen Dut kanpainaren barruan, larriki gaixorik dauden presoen egoera salatu asmoz.

Sarek euskal presoek jasaten duten oinarrizko eskubideen urraketak salatzen jarraitzen du Salatzen Dut kanpainaren barruan.

Batetik, Ibarrako osasun zentroko langileekin atxikipen kanpaina hasi zuten, eta jada 14 langileren babesa jaso dute. Bestetik, Lizartzan bi ekimen egin zituzten pasa den astean; larriki gaixorik dauden presoen egoerari buruzko hitzaldia eskaini zuen Idoia Ibero Sareko kideak eta baita elkarretaratze bat ere. Gogoratu behar da, zentzu honetan, Lizartzako Garikoitz Etxeberria presoa gose greban egon zela pasa den astean.

 

 

Era berean, Ibarran bertso-afaria egingo dute Xepla elkartean azaroaren 18an. Andoni Egaña eta Agin Laburu ariko dira bertsotan 20:30etik aurrera. Sarrerak Zubiaurre, Txumitxa, Atari eta Karlatzen erosi daitezke 15 euroren truke ikasle eta langabeek, eta 18 eurotan gainontzekoek. Iaz egin zuten lehen aldiz, Sendi Ekintzan hain zuzen, eta arrakastatsua izan zen oso, sarrera guztiak agortu zirelarik. Horregatik aurten, txartela erosi nahi dutenei bizi ibiltzeko deia egin die Sarek. Asmoa bertso-afaria urtero elkarte desberdin batean errepikatzea da, "espero dezagun, beste gai batzuen inguruan izatea arrazoia", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!