‘Mendiz Mendi Etxera!’ larunbatean, hiru ibilbiderekin

Asier Imaz 2016ko ira. 27a, 15:58

Lizartzako mendi martxan izena emateko aukerak zabalik daude; iaz, lehen edizioan, 224 parte hartzaile izan zituzten eta aurten, erronka, zenbaki hori gainditzea izango da.

Mendiz Mendi Etxera! mendi ibilaldiaren bigarren edizioa antolatu dute Lizartzan, larunbatean. Iaz bi ibilaldi prestatu zituzten, eta aurten, hiru jarri dituzte aukeran. Luzea 35 km-koa izango da, 2.200 metroko malda positiboarekin. Parte hartzaileak 07:00etan aterako dira Lizartzako plazatik.


Ibilaldi ertaina 18 kilometrokoa izango da, 1.100 metroko maldarekin. 08:00etan emango zaio irteera.
Azkenik, haurrekin egiteko ibilaldia 10:30ean aterako da, eta hiru kilometro izango ditu. Ondoren, guztientzat bazkaria izango da plazan.


Izen emateak aurreko urteko datuak hobetu ditu mendi ibilaldiaren aurreko asteetan. Antolatzaileak gustura agertu dira, eta iazko 224 parte hartzaileen zenbakia hobetzea espero dute. Bazkarian 300 lagun elkartu zituzten, herritarrentzat ere irekia baita. Aurtengoan, zenbaki hori ere gainditu nahiko lukete. Horregatik, mendira edo bazkaltzera gonbidatu dituzte herritar guztiak: «Iaz lehendabiziko edizioa izan zen. Ez genuen espero horrenbesteko erantzuna izango zuenik, eta oso eskertuta geratu ginen». Anoa guneetan jana eta edana denentzat izango da, eta txikienentzat puzgarriak izango dira ibilaldi amaieran.


Ibilaldiaren amaieran, bazkariaz gain, parte hartzaile guztiek diploma eta opariak izango dituzte, zozketa ere egingo dutelarik. Sarien artean, Aitor Agirrebarrena eta Garikoitz Etxeberria preso politikoek egindako eskulanak egongo dira. Bi lizartzarrak etxetik 1.000 kilometrora daude, eta mendi ibilaldia euren senideei laguntzeko antolatzen dute lizartzarrek.


IZEN EMATEA
Ostegunean eta ostiralean Lizartzako plazan postua jarriko dute mendi ibilaldian parte hartzeko, 20:00etatik 21:00etara. Horrez gain egunean bertan ere epea zabalik izango da, nahiz eta antolatzaileentzat komenigarriagoa den aurrez apuntatzea. www.kirolprobak.com webgunean ere mendi lasterketan parte hartzeko aukera zabalik dago.


INFORMAZIO GEHIAGORAKO
Alde batetik www.kirolprobak.com webgunean zintzilikatu dute informazioa, eta bestetik, telefono bat jarri dute edozein zalantza argitzeko: 638 88 91 63 (Nagore).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!