'Mendiz mendi Etxera!' aldaketekin etorriko da

Asier Imaz 2016ko uzt. 14a, 13:54

Bigarren mendi ibilaldia urriaren 1erako iragarri dute; izena emateko bi aukera jarri dituzte, eta bata zein bestea hitzordua baino lehen itxiko dituzte.

Mendiz mendi etxera! mendi ibilaldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Lizartzan. Urriaren 1ean izango da, larunbatez, eta aldaketekin dator. Herritarrek antolatzen duten mendi ibilbideak hainbat helburu ditu, baina bat da nagusia: «Lizartza inguruak dituen parajeez gozatzeko aukera izateaz gain, preso dauden herritarrei eta euren senideei elkartasuna adieraziko diegu».

Izena emateko bi aukera jarri dituzte: www.kirolprobak.com webgunearen bitartez lehena, eta irailaren 23, 29 eta 30ean egin beharrekoa, bigarrena. Egun horietan, Lizartzako plazan postutxo bat egongo da izena eman nahi duenarentzat, 20:00etatik 21:00etara.

AURTENGO BERRIKUNTZA

II. ibilaldian hiru ibilbide izango dira, hau da, iaz baino bat gehiago. 35 kilometrokoa luzea izango da,16 urtetik gorakoentzat, eta 2.200 metroko goranzko maldarekin. Ertaina 18 kilometrokoa izango da; 14 urtetik gorakoentzat, 1.100 metroko goranzkoarekin. Azkenik, familia giroan egiteko, 3 kilometroko ibilbide bat izango da. «Txikienekin egiteko modukoa izango da, kontrol txartel eta guzti, eurei ere izugarrizko ilusioa egiten baitie», azaldu dute antolatzaileek. Izen emateak 20, 15 eta 10 euroan jarri dituzte. Haurrentzat 5 euroan, eta 2 urtetik beherakoentzat dohainik.

Ibilbideetan kontrol guneak egongo dira, iazko moduan, elikagaiez horniturik. Amaieran, parte hartzaile guztientzat nahiz bertaratzen direnentzat bazkaria izango da. Opariak ere banatuko dituzte eta umeen txokoa ere ez da faltako, puzgarri eta guzti. Egun hori egutegian gordetzea eskatu dute antolatzaileek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!