Erromeriaren doinuek jantziko dute Lizartzako plaza larunbatean

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 1a, 10:34
Irudian, iazko erromeriako une batean herritarrak dantzan.

Otsolar Dantza Taldeak laugarren urtez Erromeria Eguna antolatu du larunbat honetarako, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako.

Otsolar dantza taldearen urteroko hitzordua izango da larunbatean, Lizartzan, Erromeria Eguna ospatuko baitute bertan. Azken orduko lanak besterik ez zaizkie geratzen prestatzeko Malentxo Arrospide dantza taldeko kidearen esanetan.

Egun berezia izaten da dantza taldearentzat Erromeria Eguna, «oso giro polita» sortzen baita eta dantzariez gain «herriko jendeak» ere parte hartzen baitu. Gainera, udaberria izanik, normalean eguraldiak «laguntzen» du Arrospideren esanetan, eta hortaz, Lizartzako plazak «beste kolore bat» hartzen du.

Duela sei urte inguru Dantzari Txiki Eguna antolatzen hasi zen taldea, «ikasturte amaieran». Baina, «beste jende bat» begira bakarrik geratzen zela ikusirik, duela lau urte Erromeria Eguna antolatzea erabaki zuten, «jende gehiagok parte hartzeko aukera» emango zuelakoan. Azken finean, eguna «osatuagoa» geldituko zela iritzita, Dantzari Txiki Eguna ospatzetik Erromeria Eguna ospatzera pasatzea erabaki zuten.

150 PERTSONA INGURU

Larunbatean, bataz beste, 80 dantzari inguru elkartuko dira Lizartzan. Herriko dantzariez gain, azken urteetan eurekin izan dituzte Udaberri Dantza Taldeko dantzariak eta aurten lehen aldiz Oinkari Dantza Taldekoak ere gonbidatu dituzte.

Baina, esan bezala, dantzariez gain herritarrek ere parte hartzen dute festan, eta «giroa gustatzen» zaien herritarrak ere batuko zaizkie festara. Guztira, 150 pertsona inguru elkartzea espero dute.

Herritar ezberdinak biltzen saiatzen dira, hain zuzen ere, dantzan ibiltzen ez den jendea eta erromeria giro horretatik «atzenduta» dagoena «erakartzea». «Zaila» izan arren, urtero «bakarren batzuk gehiago» elkartzen omen dira Arrospideren esanetan, eta hori «pozgarria» dela uste du.

EGUN OSOKO FESTA

Beste urteetan kalejirarekin eman izan diote hasiera egunari, baina aurtengoan hiru dantza talde elkartzearekin ordubeteko emanaldi bat eskaintzea erabaki dute plazan. Ondorenean, dantzari horiekin batera herritar guztiei aukera emango zaie plaza dantzak dantzatzeko.

Eguerdian, herriko plazan «leku aproposa» dutela aprobetxatuz bazkari herrikoia egingo dute, eta ondorengo kantu saioarekin «giro ederrean» pasatzen dute eguerdia. Bazkarirako txartelak salgai daude herriko tabernan eta dendan, bihar, asteazkena arte.

Aurten lehen aldiz Bide Batez taldea izango da erromeria girotzearen arduraduna. Eguna borobiltzeko eta indarrak berreskuratzeko, berriz, iaz lehen aldiz egin eta «harrera ona» izan zuen, eta aurten errepikatuko duten sagardo eta pintxo dastaketa izango dute.

Herritarrak giroan «errazago» sartzeko asmoarekin, bertaratzen diren guztiei festan euskal jantziekin edo norberak duenarekin parte hartzeko gonbita luzatu diete antolatzaileek.

Herritar guztiei, nahiz inguruko herrietako erromeri zaleei «gonbita» luzatu die Arrospidek: «Giro polita sortzen da, eta gustatzen zaiona agertu dadila egun guztian zehar izango baita erromeria giroa, bereziki arratsaldean. Pozik eta esku zabal onartuko ditugu!».

ERROMERI EGUNA

Ekainak 4, larunbata

12:00. Dantza emanaldia: Oinkari Dantza Taldea (Amasa-Villabona), Udaberri Dantza Taldea (Tolosa) eta Otsolar Dantza Taldea (Lizartza).

13:00. Plaza dantzak, herritar guztiei zuzenduak.

14:30. Bazkari herrikoia. Ondoren, kantu saioa herriko musikarien eskutik.

18:00. Erromeria, Bide Batez taldearekin.

19:00. Sagardo eta pintxo dastaketa. Sagardotegiak: Aburuza (Aduna), Goikoetxea (Lizartza), Petritegi (Astigarraga), Rufino (Hernani), Setien (Urnieta) eta Urbitarte (Ataun).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!