«Errauste plantek eragin zuzena dute osasunean»

Iñigo Terradillos 2016ko mai. 24a, 13:26

Errauste planta eta osasuna hitzaldia emango du gaur, Lizartzako gunean, 19:00etan Juan Karlos Izagirre Errauste Plantaren Aurkako Mugimenduko kide eta medikuak. Maiatzaren 29rako Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuz antolatu duten giza katerako deialdia ere egingo du.

Errauste plantak osasunean dituen ondorioez ariko zara, batik bat.

Errauste plantez ari garenean konturatzen gara ezkutuan gauza asko geratzen direla. Horietako bat da gisa horretako azpiegiturek osasunean eragiten duten kaltea. Mediku talde bat dago honetaz ikertu duena, eta munduan zehar egindako hamaika ikerketetan ateratzen diren ondorioak aztertu dituena. Hauen lana ezagututa, mediku batzuk kezka azaldu dugu, ikusi baitugu zientifikoki frogatzen dela errauste plantek eragina dutela osasunean. Gainera, gure arduradun politikoek ez dute ezer esaten honen inguruan, eta hori jakinda aurrera jarraitzeko asmoa azaltzen dute. Egin diren ikerketa horiek mahai gainean jarri beharko lirateke, jendeak gutxienez informazio hori jakin dezan.

Madrilgo Carlos III.ena Osasunerako Institutuak argitaratu zuen ikerketaren arabera, errauste planta baten ondoan bizitzeak minbiziaz hiltzeko arriskua handitzen du.

Interesgarria da zabaltzea ez dela mediku gipuzkoar batzuek esaten duguna soilik. Egin diren ikerketetatik aukeraketa bat egin dugu fidagarrien iruditu zaizkigunekin, eta ikusi dugu, denetan erlazio zuzena duela errauste plantak osasunean eragindako kalteekin. Baten batean ez da azaltzen erlazio hau, baina egileek beti esaten dute ez direla ausartzen esatera sortzen ziren sustantziak kaltegarriak ez direnik osasunerako. Bada ezpadako esaldi hori beti aipatzen da. Teknologia berriekin egindako erraustegi modernoetan ere ikusi da erlazio hori badagoela.

Zentzu horretan, Carlos III.aren ikerketa eredugarria izan da Europan, metodologia onarekin egin da. Ikerketa horretan aztertzen da zuzenean minbizia dutenen artean heriotza tasa zenbatekoa den eta nola areagotzen den tasa hori erraustegi baten ondoan bizi bazara. Ondorioa da tasa horrek %13 gora egiten dela. 

[Jarraitu elkarrizketa osoa entzuten audioan]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!