Eskualdeko lehen inauteriei ongi etorria emateko prest daude

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 22a, 10:20

Argazkian, iaz puske biltzen ibili zen taldearen argazkia

Lizartzarrak dira eskualdean inauteriak antolatzen eta ospatzen  lehenak. Nekazal giroko inauteriak bezala deskribatzen dituzte, eta puske biltzeak eta dantzek protagonismo berezia izaten dute.

Inauteri giroa sumatzen hasi da eskualde osoan. Egun zoro horiek bizitzen lehenak izango dira lizartzarrak, asteburu honetan ekingo baitie inauterietako ospakizuenei. Aurreko egunak «lanpetuta» igarotzen ari direla dio Malentxo Arrospidek, inauteriak antolatzeaz arduratzen den Otsolar dantza taldeko kidea. Azken orduko ohiko arazoei aurten taldean biltzeko izan dituzten arazoak gehitu zaizkie, baina hala ere, aurtengoan ere ez dute hutsik egingo.

Lizartzako inauteriak berreskuratzeko informazio bilketa lana egin behar izan zuten. Ahozko transmisioak euskal kulturan garrantzia handia izan du, eta Lizartzako inauterietan ere beharrezkoa izan zen: «Ahoz aho helduengandik jaso genituen lehenengo adierazpenak. Beraiek 1920-1930 inguruan ospatzen zituzten».   
Inauteri dantzak, berriz, ez dute lortu noiztik datozen jakitea, baina horiek ere transmisioaren bidez mantendu dira. Aurreko mendearen hasieran Lizartzan inauteriak ospatzen baziren ere, duela «hogeita hiru urte» berreskuratu zituzten berriro inauteri jaiak. Hain zuzen ere, orduan data ezartzerakoan, «tradizio handiko» Tolosako Inauteriak kontuan izan zituzten, «aurre» egitea ezinezkoa zela pentsatuta. Horregatik, Tolosakoak baino astebete lehenago egitea erabaki zuten. Hala ere, bazuten beste ohitura bat ere: «Inauterietako jakia izateko txekorra astebete lehenago hiltzen zuten». Tradizio hori ere «berritu» egin nahi izan zuten, eta Tolosakoak baino hamabost egun lehenago egiten dute festa hura, nahiz eta eraberritu egin duten.

Nekazal giroko inauteriak

Inauteriak galduta egon ziren garaian ere, inauteri dantzak mantendu egin ziren Lizartzan, «herriko festetan» egiten ziren. Dantzak «ondo» atera zirela eta, «beroaldian» inauteriak egiten hastea erabaki zuten, aurrekoengandik jasotakoaren «ahalik eta berdintsuena» egiten; nahiz eta gerora egokitzen ere joan diren. Otsolar dantza taldeak hartu zuen ardura hori.

Horrela sortu ziren Arrospidek «nekazal giroko inauteriak» bezala deskribatzen dituenak. Tolosakoengandik desberdinak direla uste du: «Gure inauterian dantzariak larunbat goizean etxez etxe dantza egitea eta puske biltzera joaten dira. Gero horrekin otordua egiten dute». Hori inauterien «muina» da. Bestalde, mozorro giroa ere sortu da herrian, eta «gurdiak eta mozorroak» ere antolatzen dituzte. Dantzak dira protagonista Lizartzako inauterietan, horren erakusle 600 biztanleko herri batean «60 dantzaritik gora» aritzea dantzan egun horietan: «Inauteri dantzak ia gazte guztiek dakizkite. Gure aurrekoek bezala guk ere transmisioa egin nahi izan dugu».

Parte hartzea zabal izaten da inauterietan, Arrospideren esanetan «jendeak gehien parte hartzen duen» festa da.

Bi asteburu potolo

Lizartzako inauteriak bi asteburutan banatzen dira. Bihar ekingo diete lehen jai egunari. Txekorrari lotutako festa hura egiten dute orain ere, baina garai berrietara egokituta: «Garai batean txekorra plazan hiltzen zen eta dantza taldeak dantzak egiten zituen. Gero hori aldatzen joan zen, animalien babeseko elkarteak ahotsa altxatzen hasi zirenean. Orain mataderian hiltzen da eta haragia jaten da». Hortaz, oraindik dantza taldeak saioa egiten du eta txekorrarena antzerki bidez «irudikatzen» dute.

Lehena «egun polita» dela uste du Arrospidek, «giro polita» sortzen delako eta hurrengo astebururako «motorrak berotzeko» balio duelako. Hala ere, Arrospidek inauteritako une bat aukeratzekotan bigarren asteburuan dantzariak eta txantxoak puske biltzen ibiltzen direnekoa aukeratuko luke: «Eguerdian kalera jaisten direnean mozorroekin nahastuta sortzen den giroa oso berezia izaten da».

Hala ere, bigarren asteburuari hasiera emateko ardura eskolako haurrek izango dute ostiralean mozorro festa ospatuko baitute. Hori ere antolatzaileentzat «pizgarria» eta  «eransgarria» da inauterientzat.
Azken egunean, inauteri dantzariek «ekitaldi nagusia» egiten dute: «Guretzako polita eta berezia».
Tolosaldeko herritar guztiak Lizartzako inauteriak «ikustera» eta bertan «parte hartzera» gonbita ditu Arrospidek.

EGITARAUA

BIHAR, URTARRILAK 23

12.00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz, udal ordezkariak eta txekorra plazan direla. Ondoren,  antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia. 19:00. Kantu poteoa herriko inauteri kantuak abestuz.

URTARRILAK 29, OSTIRALA

14.15. Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren, kalejira.

URTARRILAK 30, LARUNBATA

07:00. Plazan elkartu eta kalejira  Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. ‘Diana’ abestuz hasiko da inauteria.
07:30. Puske-biltzea, dantzari  eta txantxoak elkarrekin ospeletik. 09:30. Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik.
13:30. Inauteri partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.
18:00. Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta ‘Lizartzako talogileak’ egindako taloak jateko aukera izango da.

URTARRILAK 31, IGANDEA

11:00. Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako Ihaute Dantzak plazan.
14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan.  Ondoren, txaranga eta bertso saioa. 20:30. Plazan “ijitoa” errez  inauterien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!