Munduko txapeldunek Lizartzan jokatuko dute

Asier Imaz 2015ko abe. 29a, 11:20

Herri txikietako jokalariekin osatutako GAEL Elkarteak azken bi urteetan Mikrofutsaleko Munduko Kopa irabazi du. Orain, haur horiek eta taldean parte hartu nahi dutenek, etxean jokatuko dute.

Eskualdeko haur ugarik osatzen dute taldea, eta larunbatean, urtarrilaren 2an, Lizartzan jokatuko den I. Gabonetako Torneoan egongo dira. 16:00etan hasi eta 19:30ean amaituko dute torneoa, sari banaketa ekitaldiarekin. Lizartzako pilotalekuan jokatuko dira partidak, eta GAEL-etik herritarrak bertara gonbidatu dituzte, frontoia betetzeko eskatuz.


Talde gonbidatuak
Gabonetako Torneoaren lehen edizioa jokatuko da Lizartzan. Aurkezpen ekitaldian, atzo, GAEL-eko jokalariak eta arduradunak egon ziren. Jon Leunda entrenatzaileak azaldu zuenez, hasiera batean torneoari nazio arteko izaera eman nahi izan zioten: «Sahararrekin harremanetan egon gara, baina federazioa eta guztia antolatzen ari dira, eta aurten ez da posible izango haiek hemen egotea». Beste hainbat talderekin ere hitz egin dute, baina azkenean ez da posible izan. Lizartzan egongo direnak Leitzako Aurrera, Irurtzungo Xota eta Errioxako Lardero izango dira.


Gabonetako txapelketa bi mailatan jokatuko da. Lehenik, lehen urteko infantilen lehiak izango dira, hau da, 2003an jaiotakoenak. Ondoren, bigarren urteko infantilen torneoaren txanda izango da. Partida guztiak Lizartzako pilotalekuan jokatuko dira, eta 25 minutuko iraupena izango dute.


Jon Leunda GAEL-eko entrenatzailearen esanetan, txapelketaren helburua «haurrek ondo pasatzea da». Orain arte antzeko taldeen aurka beti kanpoan jokatu dute, eta larunbatean etxean aritzeko aukera izango dute. «Herri txikietako haurrekin egiten ari garen lana erakutsi nahi dugu, eta guraso eta jarraitzaileek hori ikusteko aukera izango dute Gabonetako Torneoari esker. Urduritasun pixka bat izango dute ziurrenik haurrek, harmailak beteta ikustean, baina helburua ondo pasatzea izango da, ez torneoa irabaztea», azaldu zuen Leundak.


Entrenatzaileak Lizartzara etorriko diren taldeen maila azpimarratu zuen azkenik, txapelketan parte hartzeagatik eskerrak ematearekin batera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!