Euskararen Eguna 2015

Talde giro onean errazagoa da euskara ikastea

Ataria 2015ko abe. 2a, 11:57

Irudian, Lizartzan astearte eta ostegunetan euskara ikasteko biltzen den taldea

Euskara ikasteko bi talde osatu dituzte aurten Lizartzan; astean bitan elkartzen dira talde horiek

Lizartzan iaz jada sortu zuten euskara klase bat, eta aurten ere argi zuen udaleko kultura eta euskara batzordeak «lan egin» behar zuela taldea aurrera eramateko, batzordeko kide diren Leire Gordo eta Aitziber Abasoloren arabera. Horrez gain, udalak bi herritarrengandik jaso zuen euskara ikasteko nahia, kasu honetan, ordea, jada euskara maila bat zuten. Interesa ezagututa, «berehala» euskara taldea osatzeko behar zen gutxieneko sei pertsonako taldea osatzeari ekin zioten; lana ez zen hain erraza izan, baina azkenean lortu zuten. Tartean bada lehen herritar batekin mintzapraktika egiten zuen ikasle bat, eta orain euskara taldea osatuta bertan parte hartzen duena.

Talde «oso desberdinak» dira. Goizeko taldean zazpi pertsona daude, «gehienak» atzerritarrak dira, eta arratsaldean zortzi, batez ere Lizartzan bizi diren baina beste herri batzuetatik etorri diren herritarrak daude. Orexa eta Orendaindik etorritako bi ikasle ere badituzte taldean. Tolosaldeko ATARIA-k arratsaldetako klasean dauden ikasle eta irakasleekin hitz egiteko aukera izan du. Giro bikaina dute urrian klaseak jasotzen hasi zen taldean, jada afariren bat ere egina dute. Ion Olano da irakaslea, eta Hernaniko AEK-tik etortzen da klaseak ematera. Bere esanetan, taldeko ikasle bakoitzak «bere maila» du, baina denak «ondo» moldatzen dira hizketan. Azterketa batek prestatu nahi du, lanerako «garrantzitsua» dela uste duelako  baina «gehienek» ez dute «perfil bat ateratzeko beharrik», eta hortaz, euskararekiko «konfiantza gehiago hartzea eta ikasten jarraitzea» da ikasleen helburu nagusia. Beraiek azpimarratzen dute bereziki euskaraz hobeto hitz egitea dutela helburu. Horregatik, batez ere «mintza saioak» izaten dituzte, nahiz eta bestelako gauzak ere lantzen dituzten.

Ikasleak «gustura» daude euskara klaseekin. Guztiek azpimarratzen dute Olanoren euskara «irakasteko modua», orain arte landu izan duenaren modu «desberdina» da, eta «gehiago» ikasiko dutela uste dute.
Herrian bertan euskara ikasteko aukera izatea «oso ondo» dagoela uste dute ikasleek, eta irakasleak ere uste du euskara ikasteko «ahalik eta erraztasun gehien» eman behar dela, bai gertutasunari begira eta baita ekonomikoki lagunduta ere.

Lizartzan, hurrengo «helburua», mintzalagun egitasmoa martxan jartzea litzateke. Horrela, arrazoi ezberdinengatik kanpoan gelditu diren ikasleak ere bertan parte hartzeko aukera izango lukete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!