Euskararekiko «kontzientzia» pizteko ekimenak Lizartzan

Maier Ugartemendia 2015ko aza. 27a, 09:00

Euskararen Egunaren harira, aste osorako ekimenak antolatu dituzte Lizartzan

Euskararen Eguna gero eta gertuago dago, abenduaren 3an ospatzen baita, eta hainbat herritan egun honen inguruan egitarau ezberdinak antolatzen dituzte. Lizartzan ere aste osoan zehar izango dituzte ekimenak egun honen harira.

Leire Gordo eta Aitziber Abasolo, euskara eta kultura batzordeko kideek azaldutakoaren arabera, aste honetan antolatutako ekimenen helburua jendea «kontzientziatzea» da. Zeren ikusten dute «gero eta gaztelania gehiago entzuten dela», eta horren aurrean euskarari «bultzadatxo bat» ematea gustatuko litzaieke. Izan ere, duela hilabete batzuk Uemak Lizartzan egindako ikerketa batek zer pentsa eman zieten batzordeko kideei, bertan euskararen ezagutza eta erabilera jaitsi zela ikusten baitzen.

Uemak emandako datuen arabera, Lizartzan ezagutza %97,8koa zen 1991an, eta %82,3koa 2011n. Herritarren lehen hizkuntza zen %95,7arentzat duela hogei urte, eta %69,5arentzat egun. Etxeko hizkuntzari dagokionez ere %87,1etik, %69,3 izatera pasa da azken hogei urteetan.

Hain zuzen ere, «sentsibilizazio» lan hori egiteko asmoz eskainiko du astearteko tailerra Uemak, Lizartzako udalarekin elkarlanean. Mankomunitateak jakinarazi duenez, «udalerri euskaldunetako bilakaera aztertzeaz gain herriko egoera ere hartuko dute hizpide bertan». Euskara indarberritzeko prozesuan herritarrek «modu aktiboan» parte hartzea «garrantzitsua» da Uemarentzat, «herriko kezkak eta tokian tokiko beharrak» jorratzeko, eta Lizartzan ere asmo hori dute. Horregatik, tailerra guztiz irekia dela azpimarratu nahi izan dute mankomunitatetik eta hortaz, interesa duen edonor bertara joatera animatu nahi izan dute.

Abenduaren 3a, berriz, ospakizun eguna izango da, eta horregatik bereziki herriko gazteenei zuzendutako festa izango dute arratsaldean.

Eta euskarari zuzendutako asteari amaiera ostiralean, heldu nahiz haurrek gozatzea izango duten ipuin kontaketa batekin.

Egitaraua

ABENDUAK 1, ASTEARTEA

19:00. Uemak arnasgune euskaldunei buruzko formazio tailerra emango du, kulturgunean.

ABENDUAK 3, OSTEGUNA

Goizean. Haur Eskolan postal lehiaketa egingo da. Argazkiak jarriko dituzte eta herritarrentzat atea zabalik egongo da.
16:30. Haurrentzako txokolate jatea eta jokoak izango dira plazan, musikarekin giroturik. Guztia euskara ikasten ari diren ikasleek lagunduta.

ABENDUAK 4, OSTIRALA

19:00. Amonaren belarriak entzundako kontu txiki eta handiak izeneko ipuin kontaketa Kontukantoiren eskutik, udaletxeko aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!