Gorka fisikoki gailendu zaio Jakari finalean, 22-18

Asier Imaz 2015eko azaroaren 22a

Lizartzarra bikain hasi da, 4-12 jarriz. Baina partidaren bigarren zatian behera egin du. Lau t'erdiko promozio mailako txapelketaren finalak oihartzuna izan du Lizartzan eta Tolosaldean. Honela bizitu dute Adarragara joan direnek, eta tabernako pilota zaleek.

TABERNAKO PILOTA ZALEEN KRONIKA

Final atarian

    • "Lizartzatik 40 lagun inguru etorri gara Adarragara. Buila batzuk egiteko nahikoa. Aupa Erik!"
 
    • "Arratsalde ederra pilotarako... Ardo guztiak edango zituzten dagoeneko lizartzarrek!".
    • "Lizartzarrak argi! Gaztelutik ere bazetorrek pilotaria, frontoiak fuerte astintzea!".
    • " Jakak gaur irabazten baldin badu argi lizartzarrekin; horiek ardo guztiak edango dituzte, jakinik bihar Insalus daukatela".
    • "Aupa Erik! Eurre!".
    • "Galdu ala irabazi, Lizartza zurekin! jartzen du pankartan".
    • Gorka ETB-n: "Oraingoz lasai nago, gero ikusiko da. Ondo egiteko gogoz nago, partida handi bat jokatzeok gogoz". "Ez da nire etxea Logroño, Ezkarai baita nire etxea. Hemen entrenatzen dut, baina ez dut etxe bezala hartzen Adarraga. Hemen jokatuko dugulako gustura nago, jendea etorri delako... ea gozatzen dugun". "Ez dakit finalaren atarian esatea egokia den, baina bai, oso momentu onean nagoela uste dut. Gustura nago azken partidetako jokoarekin". "Kantxara eta urduritasunera hobekien moldatzen denak irabazia izango du asko. Erik momentu onean dago, eta partida gogorra izango da. Nire alde ateratzen bada, bikain". 
    • "Finala urruti eta jende gutxi frontoian. Lotsagarria!".

  • "Lehenbiziko partida aspergarria eta pisua; ea finala noiz hasten den".
  • "Berasaluze-Untoria, 22 Ezkurdia-Merino II, 17".
  • "Eurre Jaka!".

Finala, tantoz-tanto

    • 0-0: "Sakea eta dirua gorri". "Victor anai gaztea Gorka baino hobea da". "Jaka pilotariagoa da. Txapela Lizartzara gaur, seguru!".
    • 0-1: "Horrelako tantoak egiten badituzte, ez dira ederki iritsiko 22ra". "Latza, latza, latza... hasiera! Aupa Jaka, ño!".
    • 1-1: "Txapa!".
    • 1-2: "Ederra! Beso bizia dik!". "Earra tantoa!" "Hori gantxoa! Ufff... Azpi-azpitik sartuta; dotorea!"
    • 2-2: "Bigarren botean?...". "Ez"
    • 2-3: "Horixe egiten du ondo Jakak, besagain esku muturrarekin". "Ederra bolea Jaka!". "Xalak horrelakoak egiten zituen,... lehen".
    • 2-4: "Egin dio..." "Egurre zeok Lizartzan" "Ikaragarria,... hori maisutasuna gantxo horretan ere".
    • 3-4: "Berak galdu du!". "Jakak partida luzatzen baldin badu gehiago aguantatuko du; bestea makalagoa da". "Oso gogorra finala".
    • 4-4: "Engainatu du!". "Sakeak horrela bueltatzen baditu berriz ere egingo dio". "Fisikoki zeinek aguantatu, hor egongo da gakoa".
    • 4-5: "Pasa, pasa!" "Bai, bai , bai...". "Lau t'erdi zeozergatik dek!". ""Biak ez dira ibili oso fin hor".
    • 4-6: "Postura horrekin, boleaz, eman edo dejada, biak berdin egiten ditu". "Ezker bolea bikaina dauka".
    • 4-7: "Sakez!". "Ondo ari da jokatzen Jaka". "Aguantatuko al dio honek?" "Aguantatuko dio, anaia baino gogorragoa da". "Sakea eramateko modukoa zen".
    • 4-8: "Gora!". "Errioxarra behera etorriko da; moral exkaxekoa da. Lizartzarra berriz kaskagogorra da".
    • 4-9: "Egin dio, egin dio...". "Atsedena errioxarrak; beharko dik". "Gorkaren botileroa psikologoa omen da, Agirrerekin ibili zena". "Fin sakatzen ari dek lizartzarra, errioxarra bere onetik atera dek". "Itxura ona hartzen ari da partida". "Segi horrela Jaka!". "Funtziona!".
    • 4-10: "A zer tantoa egin diona Jakak, zabalean dejada, erabat engainatuz". "Dotore eta ikaragarri jokatzen ari da lizartzarra. Partida urdin". "Aupa Jaka, txapela Lizartza". "Baina bidean galdu gabe, eh! Bodega asko daude hortik eta". 
    • 4-11: "Goitik behera nagusi".
    • 4-12: "Ederra, berriz. Abantaila handi samarra hartu dik". "Gorka aldageletara?". "Lizartzakoa izanda, finala beste frontoi batean jarri beharko izan beharko litzateke; jende gehiago egongo zen". "Aise doa oraingoz. Partidaren lehen zatian gipuzkoarra entxufatuta. Eta Gorkak berpizteko zantzu handik ez du ematen. Jakak saketik hiru eta errematean ere tantoak egiten edo bideratzen. Ematen".
    • 5-12: "Kontuz oraindik errioxarrarekin". "Ezkerrarekin jarri izan balitz emango zuen, bolea horrekin...".
    • 6-12: "Pasa izan al da?". "Azkar altxa du behintzat besoa errioxarrak". "Bai, garbi-garbi". "Aldageletatik egindako bueltak bentaja egin dio". 
    • 7-12: "Atsedenaldia hobeto etorri zaio errioxarrari".
    • 7-13: "Ederra!". "Jaka handiagoa al da alturaz? Ez". "Bai, bai, Gorka ez da horrenbeste". "Gorka izangoa handiagoa". "Ezetz ba, Jaka dela. Ea, hi, bidatu zak". "Jaka 1,86; Gorka 1,81". "Zer esan diat?". "A ojo ari nitxoan eta...". "Gorkaren lau tantoko bolada moztu du Jakak piloteo luze eta gogor baten ondoren. Tanto psikologikoa. Orain sakean asmatzen segi ez gero, partida bideratuta dauka". "Pilotak saltarin xamarrak?". "Tanto luze eta gogorra. Baina fisikoki jaka hobeto ikusten dut".
    • 8-13: "Kale!". "Olaetxea botilero. Horrek ere merituak badauzka... Animo Jaka. Lizartzarrak txapeldun!".
    • 9-13: "Sake erantzuna gora". "Kontuz, ez da bestea urruti".
    • 10-13: "Egin dio, egin dio... Kale jo eta tanto. Presaka dabil hala eta guztiz Gorka". "Behatz puntarekin jo dio...". "Jaka! Esnatu beharra zegok".
    • 10-14: "Txapa!". "Tantoa egina zuen, eta galdu. Hori egindako tantoa galtzea da, besteari tantoa ematea, eta gainera sakea errestatzen jartzea". "Olaetxea botileroa pilotan ez al zen ibiltzen?". "Uste dut afizionatuetan ibilia dala. Orain Tolosa CF-en dabil haurrekin pilota irakasle".
    • 10-14: "Buelta eman al du?...". "Kostatzen ari zaio behintzat... buelta eman al du?". "Jaka nora joatea nahi zuen ba... Zer nahi zuen, desagertzea?". "Tantoa eman dio, ez?". "Ez, ez,... buelta eman du...". "Errioxarra delako, bestela...".
    • 11-14: "Orain berak tantoa, gainera...". "Orain ere errioxarrak lapurretan". "Gorkak hor ez al dio enbarazu egiten? Eman ezak buelta orain...". "Garai baten buelta inoiz ez zen ematen".
    • 11-15: "Txapa!!!". "Jaka nekatuta ikusten da!". "Opari polita izan da Gorkarena". "Jaka eserita eta Gorka zutik atsedenaldian". 
    • 12-15: "Nekatuta dago". "Bai, baina biak daude nekatuta". "Errioxarra piztu egin da. Komeriak dira hemen". "Bolea gehiago aprobetxatu beharko luke Jakak". "Partida indefinizio punttu batean sartu da. Sakea duenak ez du probesten, eta dena irekita dago".
    • 13-15: "Seinale txarra da pilota horrela harrika botatzea". "Lau t'erdiko marran barruan izan da, garbi. Airez sartzeko ondo zuen". "Hurrengo tantoa ez baldin badu egiten, izorratuta dago".
    • 14-15. "Ohhh...". "Hori nekearen kontua izan dek". "Pilotari ez dio apuntatu... Jaka aurreneko zatian oso ondo, baina bigarrengoan gaizki; presaka. Ez al da animikoki eroriko. Horrela bada, galdua dago". 
    • 15-15: "Txapa azpira...". "Azpira ez, lurrera!". "Bera ari da galtzen". "Altxa pilota! Harrotu... Hori egitea nahikoa zuen".  "Bat da nahi izatea, eta bestea ahal izatea". "Eramateko pilota zen". "Pott egina dago". "Zentratu egin beharra dauka, bestela,... malo". "Asko ari da galtzen aspaldian". "Jaka nekatuta; Gorka hauspotuta". "Psikologoa ona izango dek".
    • 15-16: "Berriro buelta eske?! Jeta badauka behintzat". "Tanto izugarri gogorra!". "Earra!". "Biak nekatu dira oraingoan". "Zer nahi zuen... jo duen lekuan gelditu da Jaka. Errioxarrak orain ere kexaka". "Beste tanto psikologiko bat. Fisikoak zeresana izango du". "Gorka osoago dago; Jaka erorita ikusten da". "Hiru minutuko atsedenaldia hartuko luke oraintxe". 
    • 15-17: "Ikusi al duzu bi pareteko hori? Lurretik!". "Hil ala bizi jokatu beharra dauka; zeren fisikoki...". "Urrezko tantoak dira hemendik aurrerakoak". "Eman eurre Jaka!". "Hau sufrimendua, ño!".
    • 16-17: "Ooohhh... kale". "Gorputza atzean geratu zaio". "Horrelakoekin morala jaistea normala".
    • 16-18: "Berak galdu du... jo behar horrekin zertan dabil? Partidari eustea besterik ez dauka". "Atsedenaldia ondo etorriko zaio Jakari".

    • 17-18: "Zabalean dejada, bizi baino kanpora". "Ona zen ba...". "Juxtu xamar baina aurrera. Gaur txapela Lizartzara".
    • 18-18: "Paliza handia hartzen ari dira biak. A zer erritmoa!". "Aupa Jaka! Eurreee!!". "Lehertuta zegok Jaka...".
    • 19-18: "Sakez... ene...". "Galdu egingo dik gainera...". "Sake txarra zen". "Konfiantzarik gabe ari da jokatzen niretzat". "Nekatuta dago baina oraindik irabaztea posible da".
    • 20-18: "Mugitzea kosta egiten zaio. Ittota dago". "Indarrik gabe". "Gorka fisikoki gailendu da".
    • 21-18: "Gora errestoa... ia etsi du". "Aspaldi etsita dabil". "Promozio txapelketako finala sakatzen ez dakien batek irabazi du. Hau aldea bi mailen artean. "Zaila, zaila... Aupa Erik!".
    • 22-18: "Akabo". "Buelta hura erabakigarria izan da". "Ezin izan du. Pena". "Hori bai, partida ikaragarri gogorra izan da".

Partida ondorena

  • "Ez dago, ba... Ez nuen uste baino fisikoak azkenean bestaldera egin du. Zorionak Gorkari, eta zorionak Jakari, finaleraino iristeagatik".
  • Erik Jaka ETB-n: "Ondo hastea garrantzitsua da, baina bukatzea gehiago. Nire hasiera oso ona izan da, baina bere bukaera hobea; indarrez justu iritsi naiz. Erritmo handiko partida izan da, eta detaileek erabaki dute. Bukaeran bera ni baino gehiago izan da, eta partidak alde egin dit". "Pilotari txispa guztia joan zaie, eta ez nuen minik egiten. Eskuetatik alde egiten zidan pilotak. Berak baino opari gehiago egin ditut. Lastima handia da, horrelako aukera gutxi izaten baitira. Borrokatzen eta entrenatzen jarraitzea besterik ez zaigu geratzen, berriro ere horrelako aukera bat izateko. Ea hurrengoan aprobetxatzea lortzen dugun". "Bi afizioak oso ondo egon dira; errespetuz. Eskertzekoa da, bai Gorkarenari eta baita nireari ere". 
  • Adarragatik lizartzarrak: "Azkenean ezin. Pena latza. Baina orain finalera iritsi izana ospatzera goaz".

 

* Eskerrik asko kronika honetan parte hartu duzuen guztioi!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!