«Gorkari puntu indartsu asko ikusten dizkiot une honetan»

Asier Imaz 2015ko aza. 20a, 08:52

Lau t’erdiko promozio txapelketaren finala igandean jokatuko du Adarragan, 17:00etan. Logroñoko Adarraga pilotalekuan hiru partidako jaialdia antolatu dute azaroaren 22an. Erik Jakaren (Lizartza, 1994) eta Gorkaren arteko finala, tartekoa izango da.

Lesio bat izan zenuen udan. Finalaren atarian, zer moduz zaude?
Lesioa nahiko ahaztuta dago. Uda txarra izan da alde horretatik, baina txapelketa hasterakoan arazorik gabe nenbilen. Arazoa zen jokoa ez nuela hartzen. Txapelketa aurrera joan den heinean, goraka egin dut. Finalera nahiko momentu onean iritsi naizela uste dut.

Lau t’erdikoa Darioren aurka hasi zenuen, 22-16 irabaziz.
Partida arriskutsua zen. Txapelketako lehen partida beti izaten da arriskutsua, eta gehiago kanporaketa bat baldin bada. Sufritzea tokatu zitzaidan Darioren aurka, baina aurrera atera nuen. Garaipenak konfiantza eman zidan ligaxkarako.


Behe-behetik hasteak harritu al zintuen?
Ez nekien txapelketa egingo zuten edo ez. Azken momentuan esan zidaten; txapelketa pilotari gutxirekin egingo zutela. Aurre kanporaketa jokatu behar nuela esan zidaten, eta egia esan, ez nintzen gehiegi harritu. Binaka gauzak ondo egin ditut profesionaletan, baina lau t’erdian, oso gaizki.


2009an Elgetan irabazi zenuen lau t’erdiko txapelketa. Profesionaletan zuk esan bezala ez zara fin ibili. Gustatzen al zaizu kaiola?
Txapelketa bat da, eta horrek beti sortzen dizu ilusioa. Hasieran beldur pixka bat banuen; aurreko urteetan bezala joango ote zen edo. Azken bi urteetan nire burua gehiegi presionatu dudala uste dut, eta horregatik gazuak ez zaizkidala ondo atera. Aurten beste filosofia batekin hartu dut lau t’erdikoa; lasaiago. Jokoa ere pausatuagoa egiten saiatu naiz, eta nire ustez, ondo joan zait.


Finaleko aurkariaren aurka, ligaxkan jokatu zenuen, 22-16 galduz.
Opari dezente egin nituen partida hartan. Txapelketak bera oso momentu onean harrapatu du; partida guztiak oso onak egin ditu. Gure arteko hartan, oso serio jokatu zuen, opari gutxi eginez eta aukerak aprobetxatuz. Nik alderantziz; ez nituen aukera aprobetxatu, eta erabakigarriak izan ziren opariak egin nituen.


Finala desberdina izango da.
Ligaxkan joan etorriko partidak izaten direnean, batetik bestera ez da zerikusirik izaten. Final bat izanda, oraindik eta gutxiago. Bera bere lana egitera aterako da, eta nik, partida hartatik ikasi egin beharra daukat. Orduko akatsak ekidin behar ditut, eta gauzak ondo egitera aterako naiz.


Zein da Gorkaren puntu indartsua?
Egia esan puntu indartsu asko ikusten dizkiot orain. Momentu honetan, tantoa erraz amaitzeaz gain, asko defendatzen du. Fisikoki ere oso ondo dago, eta partida oso zaila izango dela uste dut.


Eta Erik Jakarena?
Gakoa nire buruan konfidantza izatea izango dela uste dut. Txapelketa irabazten baldin badut, hurrengo urtean lehen mailan jokatzeko aukera izango nuke. Lehen mailan ia inoiz ez dut jokatzen, eta horrek asko motibatzen nau, eta ilusio handia sortzen dit. Ea motibazio eta ilusio horren laguntzarekin partida on bat egiteko aukera dudan.  


Finala Logroñon izango da, bere etxean.
Nire ustez egokiagoa izango zen finala pilotaleku neutro batean jokatzea. Baina enpresak bere loturak izango zituen erabaki hori hartzerakoan, udaletxearekin edo... Behin frontoian sartzen garenean, biontzat berdina izango da. Irabazi nahi duenak ondo jokatu beharko du.


Frontoi bezala, zer moduzko harremana duzu Logroñoko Adarragarekin?
Egia esan ez oso gustukoa. Labrit edo Atano III.a nahiago izaten ditut. Berak nik baino gehiago ezagutuko du Adarraga, ziur, baina hala eta guztiz ere, ez dago aitzakiarik.


Finalaren atari honetan, Lizartzan zer giro dago?
Finalek beti mugitzen dute jendea. Larunbatean izango zela uste genuen hasieran, eta horrek jende gehiago animatuko zuela uste dut; ondoren parranda egiteko eta abar.  Hala eta guztiz ere sarreren zerrenda jarri dute eta jendea ari da izena ematen. Autobusa ere agian aterako da. Seguru ez dudala babes faltik izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!