Olaetxea, aurrera!

Jexux Murua 2015ko urr. 5a, 13:01

Iaz txapelketa bikaina egin arren, partida bakarra galduta tanto gora-beheragatik geratu zen finaletik kanpora, behe-behetik heldu behar izan dio aurten ere 4 eta erdiko txapelketari lizartzarrak. Irribarriari 22-21 irabazita, bulegoetan kendu dioten lekua berreskuratzeko lehen urratsa eman du Beotibarren

Arrisku handiko partida zen. Iker Irribarria ahal handiko pilotaria da, ezker zein eskuinez zartako ikaragarria ematen dio pilotari, eta handienen artean aritzeko aukera hau sari handia izan da berarentzat. Udako partida batean, gainera, nahikoa erraz irabazi zion neurri honetan Mikeli. Hark itsura ona ematea aski enpresari arrazoia emateko. Honek, berriz, nahi eta nahi ez irabazi egin behar enpresari arrazoia kentzeko. Alde ederra!

Nahiz eta lehen sakea berari egokitu, ez zion hasiera ona eman Olaetxeak partidari, eta aramarrak egin zituen partidako lehen hiru tantoak jarraian. Beronek egindako huts nabarmen bati esker sakea bereganaturik, pilota aldatu eta zortzi tanto egin zituen jarraian, horietako bi sakez eta beste hiru ezkerrez egindako jokaldiekin. Txapara joan zitzaion ezker-zehar bikainak eten zion bolada.

Arazoak zituen Mikelek sake errestoa kentzeko, partida osoan larri samar ibili zen horretan, eta Irribarriak ondo aprobetxatzen zituen bukatzeko. Zortzina! Elkar hautsi ezineko alditxoa etorri zen gero, arik eta Irribarriak egindako sake faltak, Olaetxearen hamabigarrena, beste hiru tanto bikain kateatzeko aukera eman zion arte honi. Bolada hau ere txapara joan zitzaion ezker-zehar batek etengo zuen (beste hirutan ere salatu zuen txapak Mikelen jokaldia; amorragarriena, Irribarriaren hogeita bat garrena izan zena, Mikelek ezker-hormatik eskuinez eskuineko puntara egin zuenekoa; 21-18 zaudela eskuineko arrastora joan zitzaion ezker-zehar ederrak ere ez zion graziarik egingo).

Hutsak eta bi pilotarien tanto onak tartekatzen joan ziren hortik aurrera, tanto gehienak lizartzarraren alde baina, eta 21-18 jarri zen aurretik. Orduan etorri zen eskuin marrak salatu zuena eta, ondoren, partidako tanto gogorrenetakoa: Mikelek batera eta bestera mugitu zuen Irribarria, bazirudien hantxe bukatuko zela partida, baina aramarrak defentsan zenbat hobetu duen erakutsi zigun eta azkenean berak amaitu zuen tantoa, etsi-etsian txoko-txokoan egindako ezker ñaku ederrarekin: 21-20.

Hogeita banakoa kontatu dugu lehen. Azken tantoa laburra izan zen: sakea atera Irribarriak, errestoa ezin kendu, ñakua txokora aramarrak, lizartzarrak antzeman eta ezkerrez pilota zabalera, defektoarekin eta Irribarria inolaz ere iritsi ezin zen tokira: 22-21 eta Olaetxea aurrera!

Iñaki Artola alegiarra izango du aurrez aurre datorren ostiralean, Beotibarren bertan. Eskualdeko bi pilotari. Iñakik ondo menderatzen du kaiolako jokoa; iaz aisa irabazi zuen bigarren mailako txapela. Irribarriari irabazi izanak, txukun jokatuta gainera, lasaitasuna emango zion lizartzarrari. Azken-laurdenetako ligaxkan sartzea sari handia da bientzat eta, irabazten duenak irabazten duela, eskualdeak ziurtatua du ordezkari bat.

Pilotakadak: 231
Tanto boladak: 0-3, 8-3, 8-8, 9-9, 9-10, 10-10, 11-11, 16-12, 16-16, 18-16, 20-17, 21-18, 21-21, 22-21

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!