Olaetxeak Beotibarren jokatuko du lau t’erdian

Asier Imaz 2015eko urriaren 2a

Iazko Lau t’erdiko Txapelketa ikusgarria egin zuen Mikel Olaetxeak. Enpresak final hogeita hamabirenetan jarri zuen, hau da, txapelketa hasi aurreko kanporaketan.

Final hamaseirenetara sailkatzeko Lemunori irabazi behar izan zion. Ondoren, Jaunarena kaleratu zuen. Final zortzirenetan, Barriolari irabazi zion. Final laurdenetako ligaxkan hirutik bi partida irabazi zituen: Ezkurdia eta Olaizola II.aren aurka. Bengoetxearen aurkako porrotarekin, finalerdietara ezin pasa gelditu zen.


Txapela kentzeko moduko txapelketa egin zuen lizartzarrak, emaitza eta joko ikusgarriarekin.


Aurten, ordea, emaitza horiek ez ditu kontuan hartu enpresak, eta Olaetxea lehen kanporaketan jarri dute, final hamaseirenetan. Partida hori bihar izango da, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta bigarren partida izango da Olaetxea-Irribarriaren artekoa. Partida irabazten duenak final zortzirenetarako txartela lortuko du, eta Iñaki Artolaren aurka jokatu beharko du.


Tolosako jaialdiko lehen partida ere txapelketakoa izango da: Arretxe II-Ezkurdia. Ondoren, Gorka-Tolosak Jaka-Irustaren aurka jokatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!