Hasi dira inauteriak Lizartzan

Imanol Garcia Landa 2015eko urtarrilaren 31

Urtero legez, hasiera eman diote inauteriei Lizartzan antzerkia eta dantza emanaldiaren bidez. Eguraldi aurreikuspenak medio, frontoian egin dute, eta giro ederra jarri dute antzezleek, dantzariek eta musikariek.

Antzerkiaren gai nagusia ebola gaitza izan da. Gaizki ulertua izan da eta Lizartzan gaitza zabaldu dela uste izan dute, eta frontoia berrogeialdian jarri. Azkenean, gaizki ulertua konpondu eta dantza afrikarren emanaldiarekin bukatu dute antzezlana.

Euskal dantzak herriko Otsolar taldekoek eta Amasa-Villabonako Oinkari taldekoek egin dituzte. Txiki, gazte eta heldu elkartu dira herriko frontoian. Aipatzekoa da ere musikarien saioa: herritarrek osatutako taldeak zuzenean jo du musika guztia, maila ederra erakutsiz.

Eta nola ez, inauterietako udalbatza egon da emanaldi guztia jarraitzen. Txekorra ere bertan izan da, frontoian, baina azken urteetan egin ohi den moduan, ez dute hil. Hori bai, gibela jan dute bai udalbatzakoek baita hala nahi izan duten herritarrek ere. Hurrengo asteburuan jarraituko dute lizartzarrek inauteriak ospatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!