Urtebete pasa baino lehen bueltan dira inauteriak Lizartzan. Urtero moduan eskualdeko lehenak izango dira lizartzarrak mozorroak janzten eta baita inauteriak agurtzen ere. Bi astetako egitarau zabalarekin ospatuko dituzte inaute jaiak aurten ere Lizartzan.
Larunbat honetan emango diete hasiera Lizartzako inauteriei gibela dastatuz 12:00etan. Udal ordezkariak eta txekorra ere plazan izango dira eta ondoren, antzerkiaren eta Otsolar dantza taldearen txanda izango da. Larunbat iluntzean herriko inauteri kantuak abestuz egingo duten poteoarekin emango diete amaiera inauterien lehen asteko ekitaldiei.
Pasa den urteko inauterietako argazkien proiekzioa egingo da gunean datorren ostegunean eta ostiralean, eskolakoen mozorro festaren ordua izango da.
Lizartzako inauterien bigarren asteburuari goizean goizetik ekingo diote herritarrek. Eguzkiaren lehen argi printzekin batera kalejiran abiatuko dira lizartzarrak Uetako zubitik barrena, dantzari eta txistularien laguntzarekin Diana abestuz. 07:30ean puska-biltzearekin hasiko dira txantxoak dantzariekin Ospeletik eta bi ordu beranduago geldialdia egingo dute Etxe-zahar baserrian gosaltzeko.
Eguerdian, mozorroak eta gurdiak kalera aterako dira Errota zaharretik, baita txaranga ere. Kalejira egin ostean, bazkari herrikoia izango da herriko pilotalekuan. Bazkaloste alaia eta gero, 18:00etan, gurdiak eta mozorroak berriro bilduko dira Joxe Mariko aparkalekuan kalejiran plazara jaisteko. Hainbat sagardotegietako zukua dastatzeko aukera izango da bertan, Lizartzako talogileek egindako taloekin batera.
Lizartzako inauterien azken egunean meza nagusia izango da lehenik eta ondoren hamaiketakoa herriko plazan. 12:00ak aldera dantzariak herriko kaleetatik zehar ibiliko dira mozorro, gurdi eta gainerakoekin puska-biltzen. Lizartzako Ihaute dantzekin gozatzeko aukera egongo da ondoren eta 14:00etan inauteri bazkaria izango da frontoian. Txarangaren doinuek alaituko dute bazkal ondorena eta jokoak eta zozketa ere egingo dira. Azkenik, aurtengo inauteriak agurtzeko eta ohiturari jarraiki, ijitoa erreko dute lizartzarrek herriko plazan.
Balkoi originalenari saria
Azken urteetan bezalaxe, beraien etxeetako balkoiak apaintzera deitu dituzte herritarrak antolakuntzatik. Aurten ere inauterietan zehar modu originalenean jantzitako balkoia saritua izango da.
Berezien apaindutako edo politen dagoen balkoi saridunaren jabeei La Perla talasoterapia zentroan bi pertsonentzako zirkuitua oparituko zaie. Iaz, Lurdes eta Iparraren balkoi dotorea izan zen saritua inauterietan.
Egitaraua
URTARRILAK 31, LARUNBATA
12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz. Udal ordezkariak eta txekorra plazan izango dira.
Ondoren. Antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia.
19:00. Kantu poteoa herriko inauteri kantuak abestuz.
Otsailak 5, osteguna
19:00. Ihauteriak 2014 iruditan argazki proiekzioa gunean.
Otsailak 6, ostirala
14:15. Eskolak antolatuta mozorro festa.
Ondoren. Kalejira.
Otsailak 7, larunbata
07:00. Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. Diana abestuz hasiko da inauteria.
07:30. Puska-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin Ospeletik.
09:30. Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera ataritik.
13:30. Inauteri partaide guztiek kalejira Arrateko zubitik irtenda.
Ondoren. Bazkari herrikoia frontoian.
18:00. Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko. Bertan, sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera izango da.
Otsailak 8, IGANDEA
11:00. Meza nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska-biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
Ondoren. Lizartzako Ihaute Dantzak plazan.
14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan.
Ondoren. Txaranga, jokoak eta zozketa.
20:30. Inauterien amaiera plazan ijitoa errez.