Gutuna: Ura badago... Gipuzkoako Urak-tik haratago!

Koldo AlaƱa 2015ko urt. 29a, 11:32
Amezketako iturria

Koldo Alaña lizartzarrak uraren gestioaren inguruko gutuna helarazi du. Lizartzan eurek kudeatzen dute.

1.- GUSA Gipuzkoako ur-kontsortzioari buruz ari gara. Gipuzkoako Urak. Izen horrekin, euren asmoa definitzen dute: Gipuzkoako uren gestioaren jabe izatea. Enpresa publikoa izan arren, gestioa eta gestioaren fruituak pertsona partikular zehatz batzuen esku gelditzen dira...Elosegi jauna buru dela. Esker abertzalearen ilegalizazioaz baliatuta, hainbat herritako uraren gestioa bereganatu nahi izan zuten (Lizartza, Zaldibia,..) eta baita lortu ere (Altzo,...). Zaldibiakoek kontatzen dute, Diputazioa PNVren esku zegoela, Olanok esan zien: «vais a entrar en al Consorcio por cojones». Halako interesa adierazten dutenak, ez dira etorriko gure herrira faborea guri egitera, ezta? Euren portaerari buruz gehiago hitz egitea badago, baina hemen tokirik ez.

2.- Kezkatuta gaude, entzuten dugulako, hainbat herrietan, uraren gestioa Kontsortzioaren esku uzten ari direlako...herria eta udaletxea des-enpoderatzen ari direlako. Eta, uste dugu, toki gehienetan, bestelako alternatibarik dagoen ala ez sakon aztertu gabe. Gure herrian, Lizartzan, horrela ikusi dugu.

3.- Kontsortzioak sinistarazi nahi digu, ura gestionatzeko modu egokiena, beraiena dela. Kaosa interesatzen zaie: ematen du, Kontsortziorik gabe, diru-galerak izango ditugula...Kontsortziorik gabe, ur kaxkarra. Errealitatea bestelakoa izan arren; izan ere, diru-galerak euren mesederako dira....zenbat eta ur zikinagoa, negozio gehiago eurentzako. Gure herrian, Lizartzan, besteak beste, honako portaera deskubritu diegu: Ur oso garestia saltzen digute, tratamendua aitzakitzat hartuta. Herriko sarean ur galera handia dago, eta udaletxeak ordaindu behar du gainkostu hori. Kontsortzioak konbentzitu nahi gaitu, gestioa euren esku utziz gero, ur galera eurek konponduko luketela. Eta trukoa non dago? Bada, herriak daukan ur ezin hobeagoa, tratamendu gutxi behar duena, errekara doala. Eta herriko ura erabiliko bagenu, nahiz eta galerak izan, guretzako kostea ia zero izango litzateke. Shock teoria erabiltzen digute: kaosa sortarazi eta gero salbatzaile gisara etorri.

4.-Bestelako adibideak baditugu Gipuzkoan. Donostialdean, Oiartzunek, Pasaiak, Hernanik,...bertako ura ere gestionatzen dute, eta bertako sareak euren esku segitzen du. Zaldibia, Gaztelu, Leaburu, Andoain,...hauek ere bertako gestioaren aldeko apustua egin dute. Beraz, badaukagu nora begira, udalgintza indartzeko... «por ovarios».

5.-Konbentzituta gaude, tokiz toki azterketa eginez gero, posible dela bestelako alternatibak ere mahaigaineratzea. Kontsortzioarena hor dago, baina herriz herri egindako diagnostikoa falta da. Gero, proposamen ezberdinen arteko eztabaida egingo dugu, eta erabaki egokiagoa hartuko genuke. Dudarik gabe. Lizartzan horrela egin dugu; herriko uraren gestioaren aldeko proposamena jorratuta daukagu. Orain, hauteskundeak aurrean ditugula, uraren gestioaren gaiak, berebiziko garrantzia du, hauteskunde-programetan kontuan hartzeko.

6.- Lizartzan egin dugunari buruzko interesa daukazuenok, gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hemen duzue gure e-posta: gureuragureesku@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!