Agirrebarrena eta beste atxilotuen askatasuna eskatu dute

Ataria 2015eko urtarrilaren 27a

Lizartzan batzar informatiboa eta elkarretaratzea egin dituzte iluntzean. 70 lagun inguru elkartu dira. Ostiralerako deialdi berria egin dute.

Frantziako Poliziak Haitz Agirrebarrena lizartzarra eta Jean Francois Magis, Teo Salomon eta Alex Feldman gazteak atxilotu ditu gaur goizean, Iparraldean. 
 
Antza denez "EH ez dago salgai!" kanpainaren harira eginiko ekintzengatik etorri dira atxiloketak. Hain zuzen, 2013ko azaroan etxebizitza bat erre zen Itsasun, eta kanpoan, "EH ez da salgai!" leloa zuen margoturik.
 
Goizeko 06:00etan hasi du Frantziako Poliziak euskal gazteak atxilotzeko operazioa. Jean Francois Magis Itsasun atxilotu dute, eta Mediabask hedabidearen arabera, etxebizitza bat ere miatu dute bertan. Baionan, berriz, Haitz Agirrebarrena eta Teo Salomon hartu dituzte atxilo, eta Arrosan, Alex Feldman. Atxilotuetako bat Pauera eraman dute.
 
Lizartzan egindako batzar informatiboan azaldu dutenez, "ez dago informazio berririk". Lege anti terrorista ezarri diete atxilotuei, eta epailearen aurretik ostiralean pasako direla espero da. "Izan ere, Frantziako legeen arabera, lau egun egon daitezke egoera horretan". Euskal gazteak euren abokatuekin egoteko aukera dute, baina aldi berean, abokatuek ezin dute atxilotuen senideekin harremanik eduki, batzar informatiboan azaldu dutenez.
 
Atxilotuen askatasuna eskatzen jarraituko dute Lizartzan, eta horretarako, ostiralean azken hilabeteko elkarretaratzearekin batera, batzar informatiboa egingo dute, Agirrebarrena eta beste atxilotuen inguruko informazioa emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!