Legebiltzarkideek Lizartzako eskolaren «beharrarekin» bat egin dute

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 9a, 18:35

Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko ordezkariak izan dira goizean Lizartzako eskolako haurrek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko

Pasa den astean Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkaritza bat izan zen Lizartzako eskolan bertan bizi duten egoera bertatik-bertara ezagutzen. Gaurkoan Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza saileko ordezkarien txanda izan da. Lizartzan izan dira EAJ alderdiko Garbiñe Mendizal eta EHBilduko Belen Arrondo. Estitxu Greñas eta Rebeca Ubera. Eurekin izan ziren Begoña Balerdi Lizartzako alkatea eta Eneko Maioz Orexakoa, Ixiar Balerdi ikasketa burua eta Marta Lakuntza eskolako zuzendaria, eta gurasoak.

Gaurko bisita bi herrietako alkateek azaroaren 25ean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Sailera egindako bisitaren ondorio izan da. Bertan eskolan bizi duen «larritasun egoera» nolakoa den azaldu zieten, baina egoera bertatik bertara ezagutzeko gonbita luzatu zieten orduan, «behar-beharrezkoa» iruditzen zitzaielako lehen pertsonan ezagutzea nolakoa den egoera hori.

Legebiltzarkideei plazan egin diete harrera, eta berehala ekin diete eskolako gune ezberdinak bisitatzeari. Lakuntzak eta Balerdik azaldu diete 22 ikasle izatetik, 80 ikasle izatera pasa direla, eta eraikin berdinean daudela ikasle kopuru honekin ere. Gainera, 2008tik teknikariek hainbat txosten egin dituztela eta euren eskaerei erantzunez bertatik «jende pila» pasa dela ere azaldu diete. Baina, guztiek «eskola berriaren beharra» agertu arren, ez dute eskola berririk izan. Adabaki ezberdinak jarri dizkiote.

Balorazio orokorra

Lizartzako eskolako proiektua 2017 amaiera edo 2018 hasieran gauzatzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Proiektua egiteko pleguak ere uztailean kaleratzekoak ziren, eta azkenean azaro amaieran atera ziren. Hilabeteko epea dago proiektuak aurkezteko.

Aipatu bezala, gaurko bisitan EAJko eta EH Bilduko ordezkariak izan dira. EAJ alderdiko Garbiñe Mendizabal legebiltzarkideak bisitaren ostean azaldu du, ez duela bisitaren beharrik Lizartzako eskolaren «beharra» ulertzeko eta beharra «nabaria» dela. Ume kopuruak izan dituen gora-beherez gain, eskolako baldintzak ez direla «egokiak» adierazi du, ez ikasleentzako ezta irakasleentzako ere. Irakasleek «dena» jartzearen ondorioz, egoera «leuntzen» laguntzen duela uste du. Aipatu bezala, hezkuntza sailak atera du lehen plegua proiektua egiteko eta tramiteek aurrera jarrai dezaten «zaindu» eta «bultzatu» beharko dituztela uste du. Nahiz eta, tramiteak bere epeak dituenez, horiek «errespetatu» beharko direla uste duen, aurrekontuen negoziaketan gauzak aldatu badaitezke ere. Azpiegituren kronograman «aurreikusita» dago Lizartzako proiektua, baino hori aurreratuz gero beste bat kentzea izango litzateke «sailaren arazoa» Mendizabalen esanetan.

EH Bilduko Belen Arrondok Lizartzan eskola berria «lehenbailehen» behar duela adierazi du, «urte asko daramatela» eskaera egiten eta eskolak ez dituela «gutxieneko baldintzak» betetzen, «gutxieneko heziketa egokia» emateko. Horregatik, 2015eko aurrekontuetan hezkuntza «lehenetsi» behar dela eta Lizartza eta Orexako eskolarako diru kantitate bat sartzeko zuzenketa bat sartu dute. Familiak «haserre» egotea «ulertzen» dutela adierazi zuen Arrondok, eta eskola berria lortzeko «lanean» jarraituko dutela.
Eneko Maiozek, Orexako alkateak, bisitaren balorazio «gazi-gozoa» egin du. Gozoa legebiltzarkideei «larritasunezko egoeraren berri emateko» legebiltzarreko ordezkaritza etortzea lortu dutelako. Gazia, berriz, ez dutelako «borondate politiko gehiegirik ikusi eskola berriaren plangintza 2017an kokatzen duen planetik haratago joateko». Horrek harritu egin du Maioz, egoeraren «larritasuna» onartuta, plangintzan mantentzen direlako. Aurrera begira, eskolako irakasleekin eta gurasoekin bilduko dira eman beharreko pausuak zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!