Lizartzan elkartasuna adierazi diote Pat Rice Sinn Feineko kideari

Ataria 2014ko urriaren 30a

Argazkia: Argia

Pat Rice gaur goizean atxilotu dute eta arratsaldean geratu da aske. Lizartzen 40 pertsona inguru bildu dira Pat Riceri elkartasuna adierazteko. Berarekin hitz egiteko aukera izan dute eta "ondo" dagoela eta "kargurik gabe" aske gelditu dela adierazi die; horrez gain, eskerrak eman dizkie adierazitako elkartasunagatik

Jean McConvilleren desagerpenaz galdekatzeko atzeman dute Belfast kanpoaldean gaur goizean. Bi hilabetez izan da Euskal Herrian Rice, Lizartzan hain zuzen, eta Irlandara itzuli berritan atzeman dute. Galdeketa egin ostean, aske utzi du poliziak.
 
Mairtín O Muilleoir Belfasteko alkate ohiak baieztatu dio albistea BERRIAri. Goizeko bederatzietan atxilotu dute, etxean. Euskal Herrian izan da irail hasieratik urriaren 25era arte, eta asteon itzuli da Irlanda iparraldera.

Jean McConvillek 37 urte zituen bahitu zutenean. Alarguna zen, eta hamar seme-alabaren ama; 1972an bahitu, hil, eta ezkutuan ehortzi zuen IRAk, Erresuma Batuko segurtasun indarren "salataria" izatea egotzita. Gerora, susmo horiek okerrak zirela ondorioztatu zuten PSNIren Herri Defendatzailearen Bulegoaren ikerketa baten bidez.

IRAk 1999an aitortu zuen, Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta urtebetera, McConville —ezkontzean katoliko bihurtutako protestantea— eta beste zortzi errepublikano hil eta desagerrarazi zituela; McConvilleren gorpua 2003an aurkitu zuen ibiltari batek, Louth konderriko hondartza batean lurperatuta. Hainbat ikerketa lanek diote hamazazpi izan zirela talde armatu errepublikanoek desagerraraziak.

AEBetako Bonton College unibertsitateak 2001 eta 2006 artean IRAko hainbat militante ohiri egindako elkarrizketetan oinarrituta, Gerry Adams atxilotu zuten iragan maiatzean. Grabazioak elkarrizketatuak hil arte ez zirela argitara aterako hitzemanda, IRAko zenbait disidente —Brendan Hughes komandante ohia, Dolours Price eta Ivor Bell bera, besteak beste— eta paramilitar ohiak ere elkarrizketatu zituzten, Irlandako gatazkari buruzko ikerketa lan baterako.

Baina PSNIren eskaria onartu, eta AEBetako auzitegi batek giltzapean gordetako grabazioetako batzuk Ipar Irlandako Poliziaren esku jartzeko agindu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!