Mikel Olaetxea, Bartzelonarik onena bezala

Asier Imaz 2014ko urr. 25a, 00:10

Kantxari neurria hartu, pilota alde batera eta bestera mugitu, eta aurkaria desagerrarazi. Lizartzarrak hori egin zuen atzo Elizondon, Ezkurdiaren aurkako partidan. Lehen mailako lau t'erdiko txapelketaren ligaxkako lehen partida, 22-13 irabazi zuen Olaetxeak.

Bartzelonarik onenaren pare aritu zen atzo Mikel Olaetxea lizartzarra. Ezkurdia zuen aurkari, eta faboritoa nafarra zen. Partida hasieran parean ibili ziren bi pilotariak. Arbizuarrak golpe bortitza du, eta ezer askorik egin gabe, markagailuan bere aldeko tantoak lortzen zituen. Hutsegite gutxiko lehia izan zen atzokoa, eta norberak egindako tantoek mugitzen zuten markagailua. Partidaren lehen zatia berdindurik amaitu zuten, ondorioz. 22-13 galdu arren, ez zuen partida txarra jokatu Ezkurdiak, nahiz eta bigarren zatian, desagerturik ibili.

Artista, hitzaren esanahi guztiarekin, Mikel Olaetxea izan zen. Lau t'erdiko txapelketa behe-behetik hasi du lizartzarrak. Aurre kanporaketan Lemunori irabazi zion. Partida txara izan zen. Bi pilotariek huts ugari egin zituzten, eta irabazleak txapelketan bizi luzerik ez zuela izango zirudien. Lizartzarrak izan zuen aurrera egiteko zortea. Ondorengo koxkan, Jon Jaunarena zegoen zain. Tolosan jokatu zen Olaetxea eta leitzarraren arteko partida. Ikusteko ez zen lehia polita izan. Hutsak nagusitu ziren Beotibarren, eta sakeari eta azken txanpako saiakerari esker, Olaetxeak eraman zuen kanporaketa. Joko handirik erakutsi gabe, bi partida irabazi zituen lizartzarrak, eta hirugarrena Abel Barriolaren aurkakoa izango zuen. Kasu honetan ere, dirua leitzarraren alde atera zen, baina lizartzarrak ezustekoa eman zuen, jokoan hobekuntza batekin. Hala eta guztiz ere, Barriolaren partida arraroa izan zen. Lau saketan falta egin zuen Aspeko pilotari beteranoak, eta leitzarrak horrelakoak gutxitan edo ia inoiz ez ditu egiten. Baina saria hor zegoen: "txapeldunen liga". 

Ezer galtzekorik gabe atera zen kantxara atzo Olaetxea. Eta ez zuen ezer galdu. Eginak, 16 tanto. Ikusgarria! Baina hori baino ikusgarriagoa izan zen Elizondoko pilotalekuan erakutsi zuena. Ez sinesteko moduko 22 tanto egin zituen lizartzarrak. Ez 22 tanto amaiera, baizik eta bere alde bukatu zuten 22 tanto. Artistek egiten dutena egin zuen Olaetxeak: bere dohainak eta mugak baliatuz, zerbait perfektua. Ezkurdiak pilotari ematen zionean, partidaren hasieran, lizartzarrak jai izango zuela zirudien; arbizuarrak tartea nahi zuenean egingo zuela ematen zuen. Baina tantoz tanto, Olaetxeak eutsi egiten zion markagailuari, tartea irekitzea erabaki zuen arte. Hutsik apenas egin gabe, dena arriskatuz eta dena asmatuz, baina batez ere, ideiak argi zituela jokatuz. Olaizola II.aren itzala ez zen urruti ibili Elizondon, bataren eta bestearen arteko jauzia ahaztu gabe. Pilota eskuin ezker mugituz; lau t'erdiko marra guztiak ederki kontrolatuz; aurkaria hara eta hona lehertuz; pilota bakoitzari bere marka bilakatu den efektua emanaz; bere muga fisikoak ongi erabiliz; uneoro partidak eskatzen zuena eginaz, baita tantoa galdutakoan edo aurkariak kale egindakoan; zoragarri: artista! Lemunoren aurkako hogei partida egin ditzake, baina Elizondon erakutsitakoa, hor geratuko da. Bartzelonarik onenaren pare.

Ezin aipatu gabe utzi botileroa. Iraitz Olaetxea anaia. Pilota munduan modu askotako botileroak ikusten dira. Retegi Bi-rena, Julian Retegi pilotari ohi handia. Arretxe II.arena, Arretxe I. pilotari handia. Batzuek eta besteek transmititzen dutena kontuan hartuta, Iraitz Olaetxearen ondoan txiki gelditzen dira pilotari ohi handi horiek, botilero paperean, noski. Atzoko garaipenaren zati handi bat, beraz, eta agian uste baina handiagoa, Iraitz Olaetxeari dagokio. Beti ere, kanpotik begiratzen duenaren ezjakintasunean.

Momentuko sentsazioek, ordea, hori diote, Olaetxearen aurka jokatzen duen pilotariak, bakarrak, bikote baten aurka jokatzen duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!