Lizartzako eskolaren egoera «kaskarra» salatu dute Batzar Nagusietan

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 14a, 18:21

Lizartza eta Orexako alkateek batzarkideak eskolako egoera gertutik ezagutzera gonbidatu zituzten

Astelehenean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Araudi Batzordean izan ziren Begoña Balerdi, Lizartzako alkatea, eta Eneko Maioz, Orexako alkatea, Lizartzako eskolaren egoera «kaskarra» salatzeko. Era berean, bi alkateek Eusko Jaurlaritzak eskola berria  egiteko premiaren aurrean erakutsi duen «utzikeria» salatu zuten. 

Gainera, Lizartzako eskola ikustera joateko «gonbidapena» ere luzatu diete batzarkideei, egoera bertatik bertara ezagutu dezaten.

2017a «urruti» dago
Lizartzako guraso elkarteko kideak iazko ikasturtean, martxoan, abiatu zituzten eskolaren egoera salatzeko protestaldiak. Apirilaren 19an Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin bildu ziren, eskola berria eraikitzeaz hitz egiteko. Bilera hartan jaurlaritzak adierazi zien 2017 urteko aurrekontuetan onartuta dagoela Lizartzan eskola berria eraikitzea, eta 1,5 milioi euro aurreikusi dituztela proiektua egiteko. Baina, Begoña Balerdi alkatearen esanetan, «larrialdizko» egoera batean aurkitzen da eskola, eta 2017a «urruti» dago. 

Eskolako egoera «kaskarra» azaltzeko, Balerdik eta Maiozek hainbat datu eman zituzten Batzar Nagusietan: «Egun, 81 ikasle ditu eskolak, 2000. urtean baino 54 gehiago. Ikasleen igoera nabarmena izan du, beraz; orduan 27 ziren eskolan. 1966ko eraikinak segurtasun arazo larriak ditu; arriskuak handiak dira oraindik istripurik gertatu ez bada ere. 2008an jarritako aurrefabrikatutako etxolak, bestalde, zarata eta hozbero aldetik hainbat buruhauste sortu die eta ez da nahikoa izan espazio arazoak konpontzeko. Eskolatik kanpo, errepideaz bestalde diren beste udal lokal batzuetan ematen ari dira, besteak beste, soinketa, musika eta antzerkia. Jangelara ere bestaldera joan beharra daukate. Gainera, aurten, beste etxola bat jarri behar izan dute».

Balerdiren esanetan, batzarkideak jada «jakinaren gainean» zeuden, Lizartzan bizi duten egoeraren inguruan, eta beraiek ahalmenik izan ez arren, asteleheneko agerraldian batzarkideak «bidelagun» egin nahi izan zituzten. Aipatu bezala, Lizartzako eskolaren egoera gertutik ezagutzeko gonbitea luzatu zieten, eta batzarkideen aldetik «harrera ona» jaso zuten Balerdiren ustez. Astelehenekoa «pauso txiki bat» gehiago izan da Balerdiren ustez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan ere ateak «inoiz» itxi ez badizkiete ere, ez daude itxaroteko moduan. eskolan «ez da egoera normala» bizi, eta horrek premiazko erantzun baten beharra eskatzen duela uste du.

Eskola berria 2017an eraikitzen hasiko balira ere, «oso berandu» dela deritzote alkateek; izan ere, tartean beste hiru urte daude, eta urte horietan «zerbiat gertatu» daitekeenaren kezka dute. Etxola berri bat jarri arren, «lekuaren arazoa ez da konpondu», eta larrialdiko egoera batean «irteerak eta huste ibilbideak» ezin dituztela ezarri salatzen dute.

Jarraipen batzordea
Astelehenean egindako agerraldia Balerdiren esanetan, «maila instituzionalean emandako pausua» izan zen, eta arratsaldean bertan gurasoei bertan gertatutakoa azaldu zieten. Gurasoek euren aldarrikapena egiteko pausuak ematen jarraituko dute. Instituzionalki, berriz, hurrengo pausua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailean bilera eskatzea izango da. Bertan jarraipen batzordea egiten duen batzordean. Honela, eskola berria eraikitzeko prozesua ahalik eta azkarren «aktibatzea» lortu nahi dute, eta benetan pausuak ematen direla baieztatu. Proiektuak ahalik eta azkarren aurrera egiten duela ziurtatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!