Lizartzako Kale Nagusian ibilgailuak geldotzeko lanak egin dituzte

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 17a, 11:44

Ibilgailuek lanen ondorioz abiadura geldotu beharko dute eta espaloi zabalagoei esker oinezkoek leku gehiago izango dute

Lizartzako errepide nagusian aldaketa garrantzitsuak egin dituzte azken hilabeteetan. Bertatik igarotzean ikus daitezke errepidean eta espaloietan egin dituzten aldaketak. Gipuzkoako Foru Aldundia aritu da lan hauek egiten, eta Lizartzako alkatea den Begoña Balerdiren arabera, lan hauen helburua Kale Nagusian «trafikoa mantsotzea» da.
Izan ere, urteetan zehar proposamen ugari jaso ditu udalak, ibilgailuen abiadura geldotze aldera, eta hainbat ideia ere martxan jarri dituzte. Esate baterako, abiadura geldotzeko esaten zuten errotuluak jarri izan dituzte, baina «ez zituzten errespetatzen».
Errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta horregatik, arazoari aurre egiteko aurrera eraman den proiektua aurkeztu zion udalari.
Kale nagusiko lanak ekainaren 9an hasi zituzten, eta pasa den astean amaitu. Errepidea bi gunetan estutu egin dute, eta bi norabideetan ibilgailuek  stopa egin behar dute. Horrez gain, hainbat semaforo ere jarri dituzte. Honek guztiak «abiadura murriztea» du helburu. Balerdiren esanetan, «oinezkoek eta herritarrek» nabarituko dute bereziki trafioan egin den aldaketa.  Oinezkoentzat espaloia ere zabaldu da.
Gauzak honela, Balerdik uste du  «denon partetik jarrita» aldaketa «onerako» izan daitekeela.
«Orain errespetatu egin behar da»
Maribi Beldarrainek 41 urte daramatza Lizartzako Joxe Mari tabernan lanean. Bere gizonarekin ezkondu zenean Tolosatik Lizartzara joan zen bizitzera, eta ordutik Lizartzako Kale Nagusiak izan dituen aldaketak gertutik ezagutu ditu. Izan ere, bere taberna ondo-ondotik pasatzen da errepidea.
Azken hilabeteetan egin dituzten aldaketak «ondo» daudela uste du Beldarrainek. «Zerbait egin beharra» zegoela argi zuen, eta egindako aldaketa «polita» dela uste du. Proiektua egiterakoan «aukerarik onenaren alde» egingo zutela uste du. Hala ere, orain garrantzitsuena abiadura geldotzeko egindako lanak «errespetatzea» da.
Herrian errepidean egin dituzten lanen inguruko iritzi ezberdinak aurki daitezke. Baina, edonola ere herritarrek eta errepide hortatik igarotzen diren gidariek aldaketa nabarmena nabarituko dute hemendik aurrera bertatik igarotzean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!