Berezko bidea egin nahi duen artista

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 27a, 09:00
Ezustekoa izan da herrikide askorentzat Iñaki Balerdiren pintura erakusketa ikustea, askok ez baitzuten lizartzarraren margotzeko dohainaren berri. Iragan asteburuan jarri zituen bere margoak herriko kultur gunean ikusgai, eta ia herri osoa igaro zen bertatik. Handik igarotzeko aukerarik izan ez zuenak Tolosako Lanbroa tabernan ikusi ahalko ditu uztailaren amaierara arte.

Duela bost urte hasi zen margotzen. Bajan zegoela eta, denbora libre gehiago zuen, eta erretratu bat egiten hasi zen. Gustura geratu zen emaitzarekin, eta ingurukoek sorpresaz hartu zuten, hain ondo egiten zuenik ez baitzuten espero. Erretratuari markoa jartzera joan zen Tolosara, eta han pintura ikastaro bati ekitea gomendatu zioten. Horrela hasi zen Sukru Karakus Tolosan bizi den artista turkiarrarekin ikasten. «Bost urte daramatzat berarekin ikasten, eta oso gustura nago, jarraitzeko gogoz», azaldu du lizartzarrak.  
Bost urteetan ikasitakoa erakutsi du bi erakusketetan. Era askotako lanak jarri zituen Lizartzan ikusgai, eta baita Lanbroa tabernan ere, ikuspegiak, abstraktuak, erretratuak. Berak ateratako argazkietatik edota aldizkarietan aurkitutakoetatik eta margolari ezagunen lanetatik eginikoak dira asko, erretratuen kasuan, familiakoei eginak dira, eta abstraktuetan badira bi edo hiru berezko sormenetik sortuak. horregatik, pixka bat «geldituta» dagoela dio: «Definizio baten faltan sentitzen dut neure burua; buruhausteak sortzen dizkit horrek, zer eratako pinturak egiten jarraitu erabakitzeko borrokan nabil neure buruarekin; aurrera begira nire asmoa da nigandik sortutako lanak egin eta erakustea». Lanak zein eratakoak izan denbora gutxiago edo gehiago behar izaten dutela ere aipatu du Balerdik. «Abstraktuak egiteko, esaterako, denbora gutxiago behar izaten da normalean». Jarraitzen dituen artisten artean, berriz, Zumeta eta Balerdi daude.
Utzia zuen zaletasuna
Margotzeko zaletasuna betidanik izan du Iñaki Balerdik. «Eskolan margotzen genuenean, nahiko ondo egiten nuen, ikaskideen artean nire lanak nabarmentzen ziren». Eskolako garaietatik, ordea, albo batera utzia zuen margoketa: «Eskola utzi, lanean hasi, eta duela bost urtera arte ez nuen gehiago ezer margotu, ahaztua nuen».
Herritarren artean hitz politak entzun ditu, eta askok zoriondu dute lanak asko gustatu zaizkiela esanez.  Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen diola esan du Balerdik: «Niretzat sorpresa izan da hainbeste jende erakusketan ikustea, oso pozgarria da». Gaur egun, geratzen zaion denbora librea baliatzen du margotzeko, ia egunero saiatzen delarik zerbait margotzen. Arkatza eskuan baino jarraitu beharreko bidea argitzeko gogoetan igarotzen du azkenaldian denbora gehien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!