Ibilgailuak Lizartzatik polikiago pasatzeko lanak hasi dituzte

Ataria 2014ko ekainaren 16a

Zirkulazio abiadura murrizteko eta ondorioz, segurtasuna areagotzeko, lanak hasi dituzte Lizartzan, GI-2135 errepidean Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2014ko Artapen Planaren bide segurtasuneko programaren barruan. Bi hilabete barru bukatzea espero dute.

Lizartzako zeharkaldian ibilgailuen abiadura biziegia da eta abiadura horrek arriskuan jartzen du bide segurtasuna. Arazoa konpontzeko, zirkulazioa lasaitzeko proiektu bat egin dute eta honenbestez galtzadari bide-lerro bakarra emango diote zeharbidearen bi zatitan.  Bi aldeetako espaloiak ere zabalduko dituzte.

Foru Aldundiko teknikarien arabera, bidearen trazatua eta sekzioa aldatzea da irtenbiderik egokiena, ibilgailua behartua egon dadin abiadura gutxitzera. Beste irtenbide batzuek (esate baterako, zeharbideak goratzea eta antzeko irtenbideak) eragozpen bat dute, zarata sortzen dutela, zarata gogaikarria gauetan batez ere, eta ibilgailuak kaltetu daitezke. Proiektuari esker, ibilgailuak behartuta egongo dira abiadura mantsotzera, eta kontrako norabidean beste ibilgailuren bat baldin badator gelditu egin beharko dira. Sor litezkeen auto ilarak ez dira oso handiak izango, zeharbide horrek zirkulazio-intentsitate txikia baitu.

Proiektuko zeharbideak 223 metro ditu, eta estuguneetako batek 75 metro izango ditu. Estugune horretako trafikoa antolatzeko, seinale bertikalak eta horizontalak jarriko dituzte, eta “stop” seinalea hasieran eta bukaeran. Bigarren estuguneak, berriz, 50 metro izango ditu, eta ibaiaren beste aldera doazen zubietako baten sarreraren aldamenean dago. Puntu horretan, oinezkoen bi pasabide daude: pasabide bat sarreraren alde banatan. Oinezkoen zirkulazioa eta zubiaren irteera semaforo bidez antolatuko dira. Bost semaforo jarriko dira: bi, oinezkoen pasabide bakoitzean; bosgarrena aurreko txikanako “stop” seinalean; eta seigarrena, berriz, zubiaren irteeran (azken semaforo hori espira elektromagnetikoen bidez antolatuko da, ibilgailuen etorrera atzematen baitute).  

Lanak egiteko aurrekontua 126.478 eurokoa da (BEZ barne), lanak orain bi aste hasi ziren, exekuzio epea bi hilekoa da eta Construcciones Iturrioz enpresak egingo ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!