Erromeri giroa zabalduz

Imanol Garcia Landa 2014ko eka. 6a, 17:04
II. Erromeri Eguna antolatu dute biharko Lizartzan. Musikaz eta dantzaz beteko dituzte kale eta plazak

Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere antolatu du Otsolar Dantza Taldeak Erromeri Eguna. Bihar, larunbatean, izango da, egun osoko egitarauarekin. Dantzari Txiki Eguna antolatzen urte batzuk zeramatzaten, baina ikusten zuten «motz antzera gelditzen zela», antolakuntzan parte hartzen duen Malentxo Arrospidek: «Dantzari txikiei begira bakarrik egiten zen ekitaldia, eta aurreko urtean pentsatu genuen pixka bat gehiago zabaldu egin behar genuela herrian».

Beraz, haurrak bakarrik ez, herritar guztiak ere dantzara animatu nahi zituzten. «Helduen talde bat ere badago herri dantzak ikasten dituena, eta horiek ere gehitu ziren ekitaldira», esan du Arrospidek. Iaz, uste baino jende gehiago animatu zela dio antolakuntzan parte hartzen duen Leire Zubeldiak: «Hasieran beldurra genuen, ea ikasten ari ez den jendea dantza egiten hasiko ote zen. Eta ikasten ari denei segituz, uste baino jende gehiago aritu zen dantzan». Plaza dantzak direla dio Arrospidek, «errazak dantzatzeko», eta horrek ere erraztu egiten du jendea animatzera. Eguraldiak ere bere garrantzia duela diote: «Plazaren inguruan dantza eta bazkaria egiteak beste animo bat ematen du. Frontoi edo leku itxi batean egitea erabat ezberdina da horrelako ekitaldietarako».

Egitarau zabala

Egunari hasiera emateko dantza poteoa egingo dute. Herriko dantzariak eta Tolosako Udaberri dantza taldeko kideak izango dira bertan. Geldialdiak egingo dituzte herritik zehar, eta bertan dantzak egingo dituzte. Iaz kantu talde bat ere izan zen, eta dantzei kantuak erantsi zizkioten.

Ondoren etorriko da dantza erakustaldia plazan. Gazteenek egingo dute saioa. Zubeldiak azaldu duenez, «beraiei ere tarte bat uzten zaie, astero beste seriotasun batekin entseguak egiten ari direnek bere erakustalditxoa emateko». Erakustaldia bukatuta, herri dantzak ikasteko aukera izango da. Horrek ere bere arrazoia du, Zubeldiak dioenez: «Gero dantza egitera animatzeko, eta ez begira bakarrik egoteko; azkenean pauso txiki batzuk eginez, eta besteei begiratuz, dantzara animatzeko».

Bazkaria ere izango da plazan bertan, eguraldiak lagunduz gero, eta horren ondoren kantu saioa izango da. «Euskal bazkari askotan gertatzen den moduan, azkenean denek bukatuko dugu abesten», diote. «Herriko musikariek joko dute, eta denok kantatzeko aukera izango da».

Erromeriak emango dio bukaera egunari, eta lehengo urtean izan ziren Unsain taldeak girotuko du aurten ere. «Lizartzan arrakasta handia dute, festetan ere urte askotan etorri dira eta oso gustukoak dira herrian; oso ondo pasatzen dugu beraiekin».

Antolatzaileek Erromeri Egunera soinean euskal jantziz edo antzinako jantziz joateko gonbita luzatu dute. «Horrek ere laguntzen du giroa berotzen edo osatzen», dio Arrospidek. «Behin jantzi horiekin zoazenean, festan parte hartzea ere errazagoa da».

Lizartzan ez ezik, erromeria festa moduan berreskuratzen ari dira eskualdeko hainbat lekutan. «Nik uste dut pixkana indarra hartzen ari dela», dio Arrospidek. «Ez dut esango lehengora itzuliko garenik, baina pixkana jendea animatzen ari da. Erromeria gauza oso polita da. Gaztetan ezagutu dugunok, faltan botatzen dugu». Biharko egunak giro hori berreskuratzen lagundu dezakeela diote, eta gero herriko festetan ere jendea dantza egitera animatu daitekeela: «Hori da, behintzat, gure asmoa».

Gazteek euskal dantzak egitea da agian, bide horretan, zailtasun nagusiena. «Astero dantza ikastera joaten direnak animatzen dira, baina inoiz egin ez duen bati azkenean kosta egiten zaio», Zubeldiak azaldu duenez. «Azkenean inguruan jende asko dantzan hasten denean, zu ere parte hartzera animatzen zara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!