"Eskola hau baino gehiago merezi dugu"

Iñigo Terradillos 2014ko mar. 28a, 09:18
Lizartzako eskolako gurasoek eta irakasleek eskola berria egitea aldarrikatu dute; sinadura bilketa hasi dute 'change.org' atarian

Nahikoa dela esan dute Lizartzako eta Orexako gurasoek. Urte asko daramatzate Lizartzan eskola berria eskatzen, eta emaitzarik ikusten ez dutenez, euren aldarrikapena kalera ateratzea erabaki dute. Gurasoek salatu dutenez, «eskola ez dago gaur egungo beharretara egokitua, ez ditu segurtasun neurriak betetzen, eta leku arazo handiak dituzte».

1966. urtean eraiki zuten Lizartzako eskola. Duela hamar urte 27 ikasle zituen, eta gaur egun, 81 ditu. Gorakada nabarmena izan du, beraz. Ikasle gehiago hartu ahal izateko, eskolaren kanpoaldean aurre fabrikaturiko etxola bat jarri zuten, baina, gurasoen ustez, hori ez da konponbidea, hori «petatxuak» jartzea da. Gainera, bertan eskolak emateko, ez direla baldintzarik egokienak betetzen diote irakasleek: «Etxolak behin behinekoa behar zuen izan, baina, aurten seigarren ikasturtea egingo dugu, eta bertan lan egitea gogorra eta zaila da: Batetik, tenperaturaren arazoa dago, kanpoan hotz badago, etxolan ere hotz egiten du, eta bero egiten badu, bertan ere bero; gainera, hezetasun handia dago. Aire girotua jartzean zarata handia sortzen da, eta berdin gertatzen da euria edo kazkabarra egiten badu, horrek eskolak ematean sortzen dituen zailtasunekin», dio Iker Pontesta irakasleak.



Eskolaren hutsune eta gabeziak ez dira etxolara mugatzen. Arantxa Martikorena zuzendariak azaldu duenez, espazioaren arazoa «larria» da: «Gure ikasleen kopurua lau aldiz handitu da, baina, leku berean jarraitzen dugu». Ikasleak gelatan sartzeko arazoari irakasleena ere gehitzen zaio. Hamabi irakasle dira une honetan, eta euren lana behar bezala egiteko «zailtasunak» izaten dituzte: «Irakasle gela oso txikia da, eta ez gara denak sartzen; gurasoekin bileraren bat dugunean, jangelara, musika gelara edota liburutegira joan behar izaten dugu, eta hori ez da egokia», dio Martikorenak.

Materiala behar bezala edukitzeko edo gordetzeko arazoa begibistakoa da: «Fotokopiagailua, esaterako, komunean dugu, eta komun hori bera irakasleok zein ikasleek erabili behar izaten dugu», dio zuzendariak. Bestalde, garbitzailearen gela sarreran dagoen gela txiki bat da, eta garbitzeko materiala gordetzeaz gain, garbitzaileak aldagela moduan erabiltzen du, eta, gainera, argindarraren kaxa ere bertan dago. Azken batean, komunean izan, irakasle gelan edota liburutegian, eskolako milimetro bakoitza baliatu beharra izaten dute euren egunerokoan. Hain justu, liburutegiak berak ere merezi du aipamena. Patxadaz irakurtzeko gune izatetik urrun, hiru gelen arteko pasabidea izaki, jendearen etengabeko joan-etorria ohikoa da bertan.

 



Segurtasun «eza»
Gurasoak zein irakasleak kezkatzen dituen gai garrantzitsuena segurtasuna da. Eskola bi solairutan dago banatuta, eta igo eta jaisteko eskailerak «ez dira batere egokiak», batez ere, haurrentzat. Musika, psikomotrizitate gela eta jangela eskolako eraikinetik kanpo daude eta horietara joateko, errepidea zeharkatu beharra dute haurrek. Herriko plaza erabiltzen dute patio moduan, eta ez dago inolako itxiturarik. Arrazoi horiengatik, «arrisku handiko» egoeretan maiz aurkitzen direla haurrak salatzen dute.

Erakundeen erantzuna
Irakasleek eta gurasoek argi dute Lizartzako eskolak ez dituela ez segurtasun ez eta espazio aldetik gutxieneko baldintzak betetzen. Baina, gurasoek adierazi duten moduan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere onartzen du «hutsune handiak» dituela, eta eskola berria behar dela: «Hamar urte daramatzagu Lizartzako eta Orexako umeentzat eskola berria eskatzen, eta erakundeetatik behin eta berriro onartu dute eskolak ez dituela baldintzak betetzen; azterketak eginak dituzte, eta segurtasun nahiz baliabide aldetik egungo legedia ez duela betetzen berretsi dute», azaldu du Itziar Saenz de Ojer gurasoak.

Hala, eskolaren egoera «txarra» onartzearekin batera, berria eraikitzeko itxaropenak ematen dizkietela diote: «Askotan uste izan dugu eskola berria eraikiko dutela, baina, urteak igaro dira, eta berdin jarraitzen dugu. Beraz, gure egoera salatu eta gizarteratzeko unea dela ikusi dugu, jende guztiak jakin dezan nola gauden», adierazi du Leire Gordo gurasoak. Helburu horrekin egin zuten elkarretaratze jendetsua iragan ostiralean eskolaren atarian, gurasoek, irakasleek eta ikasleek. Horrez gain, change.org atarian sinadura bilketa jarri dute abian, eta dagoeneko, 1.320 sinadura jaso dituzte. Erakundeetatik euren aldarrikapenari erantzuna ematea espero dute, gainerakoan, borrokan jarraituko dutela esan dute, «eskolan lan egiten dutenek nahiz ikasleek eskola hau baino gehiago merezi dutelako».

 

 
 

Eskolak egoera "onean"

25 dira Gipuzkoan dauden eskola txikiak, eta horietatik ia erdia, 11, Tolosaldean daude. Hain justu, Abaltzisketan, Adunan, Albizturren, Alkizan, Altzon, Berrobin, Bidania-Goiatzen, Ikaztegietan, Larraulen, Lizartzan eta Zizurkilen dute eskola txikia. Sei ikasgela edo gutxiago dituzten eskola publiko eta euskaldunak dira. Ikasle talde txikiak hartzen dituzte eta adin desberdineko haurrak gela berean izaten dira. Eskola txikien bereizgarri da, baita ere, «elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzea», «herriaren nortasuna eta kulturan oinarritutako heziketa bultzatzea», «naturarekin harreman zuzena izatea», «elkar ezagutzeko eta aintzat hartzeko aukera ematea» eta «irakasle eta gurasoen arteko harreman estua».

Oro har, Gipuzkoako nahiz Tolosaldeko eskola txikien egoera «ona» dela eta Hezkuntza Sailak horiek «babesteko eta zaintzeko» joera duela azaldu du Mikel Goñi Gipuzkoako eskola txikien irakasleen koordinatzaileak. Lizartzakoaren moduan, badira salbuespenak, ordea, eta multzo horretan, Alkizako eskola ere sar daiteke. «Bi horien kasuan, egoera nahiko beltza da; Alkizako eskola txiki geratu da, eta ondorioz, gela bat egokitu behar izan da. Oraingoz konponbidea izan da, baina, etorkizun hurbilean eskola berria beharko dute», adierazi du Goñik. «Lizartzan ere eskola berria behar dute, epe oso motzean, izan ere, ez dira modu egokian sartzen, aspalditik gela aurre fabrikatu batean daude eta egoera kaxkarra da benetan», gehitu du.

Dena den, orokorrean, egoera «bestelakoa» dela dio Goñik: «Hainbat eskola azken hamabost urteen barruan egin edo berritu dira, eta beste batzuk ez hain berriak izanagatik ere, egoera onean daude». Ikasleen eta irakasleen kopurua oso anitza da. Txikienek 30 ikasle inguru dituzte, eta horien heziketarako lau edo bost irakasle dituzte. Handienak, Lizartza, esaterako, 80 ikasle inguru eta 12 irakasle dituzte.

Larraulen, ziklo osoa
Larraulgo kasua ere nabarmendu daiteke. Izatez, Asteasuko eskolako gela desplazatua da, baina, antolaketa mailan, eskola txikien ereduari jarraitzen dio, hau da, adin ezberdinetako ikasleak gela berdinean elkartuta daude. Aipatzekoa da, bertako ikasleek Haur eta Lehen Hezkuntza bertan egin ahal izango dutela datorren ikasturtetik aurrera, 5. mailako ikasle batek 3. zikloa zabalduko duelarik.

Aurtengo festa, Bidania-Goiatzen
1988. urtean Eskola txikiak bizirik lelopean ospatu zuten eskola txikien estreinako festa Bidania-Goiatzen, eta 27 urte geroago, bertan egingo dute festa, ekainaren 8an. Urtero, ekaineko bigarren igandeak hartu ohi du eskola txikien festa, eta «herriak eta eskolak elkarren beharra dutela bizirauteko gogoratzea» izaten du xede.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!