Sevilla II espetxeko euskal presoen senideek agerraldia egingo dute Batzar Nagusietan

Ataria 2013ko abenduaren 18a

EH Bilduk proposatuko du instituzioaren ordezkaritza bat espetxera joatea eta zuzendariarekin biltzea

Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiak onartu egin du datorren ostiralean Sevilla II espetxean dauden euskal presoen senideek agerraldia egitea Giza Eskubideen Batzordean. Preso horietako bat da Garikoitz Etxeberria lizartzarra.

EH Bilduk egin du eskaera, eta PSE-EE eta PP kontra azaldu diren arren, aurrera egin du proposamenak. Koalizioak ohar batean azaldu duenez, sozialistak ados azaldu dira proposamenaren "oinarriarekin", baina gaia Batzar Nagusietako bake lantaldera eramatea proposatu dute.

EH Bilduren arabera, “garrantzitsua” da presoen egoera instituzioetan jorratzea eta espetxeetan ematen diren “eskubideen zapalketen” aurrean “interbentzio zuzena” izatea. Hala, datorren ostiralean egitekoa den batzordean proposatuko du Batzar Nagusietako ordezkaritza bat Sevillako espetxera joatea eta zuzendariarekin elkarrizketatzea. “Sevillan gertatzen ari dena ezin da onartu; ez dago inolako justifikaziorik eta salaketa iraunkorra eskatzen du. Mendeku politika bat sumatzen da horren atzean. Ordua heldu da espetxe politika aldatzeko, sakabanaketa amaitzeko”, azpimarratu du koalizioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!