«Preso guztiak etxera ekarri arte» lanean jarraitu behar dela dio Pello Olanok

Ataria 2013ko martxoaren 14a

Pello Olano euskal preso ohia atzo goizaldean iritsi zen Lizartzara, 01:30ak inguruan. Herriko plazan 70 lagun inguru zituen zain, harrera beroa egiteko gogotsu. Txupinazoarekin batera, hiru auto iritsi ziren jarraian klaxona joaz. Murtziatik zetozen. Pello Olano bigarren autotik jaitsi zen, txaloen eta oihuen artean. Lehen besarkaden ondoren, herriko musikariek eta dantzariek agurra eskaini zioten. Ondoren, euria eta hotza egiten zuenez, elkartera joan ziren guztiak.

Pello Olanoren lehen hitzak esker ona adierazteko izan ziren. Espetxean egon den hiru urte hauetan berak, «eta batez ere», bere sendiak jasotako elkartasuna eskertu zuen lizartzarrak. Jarraian, kartzeletan utzi duen errealitatea gogoratu zuen: «Preso bat gutxiago, bai, baina Gari eta Aitor eta beste 600 gelditzen dira oraindik. Haiek denak etxera ekarri arte lanean jarraitu behar dugu».

Ilusioarekin kaleratu dela ere esan zuen preso ohiak: «Ezker abertzaleak behar banau hor egongo naiz, eta lanean eta borrokan jarraituko dut prozesuaren alde, eta herri honen askatasuna lortu arte. Guk jasan duguna gure seme-alabek eta ondorengoek jasan ez dezaten, benetako bakea eta askatasuna lortu behar ditugu».

Pello Olano astearte arratsaldean gelditu zen aske, 15.000 euroko bermea ordainduta. Espetxean hiru urte eta bi hilabete igaro ditu lizartzarrak, eta ETAko kide izatea leporatzen dio Espainiako justiziak. Oraindik epaiketaren zain dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!