Peio Olano lizartzarra aske geratuko da gaur, bermea ordaindu eta gero

Ataria 2013ko martxoaren 12a

Peio Olano lizartzar presoa aske geratuko da gaur arratsaldean, 15.000 euroko bermepean. ETAko kidea izatea leporatuta epaiketaren zain zegoen Olano Murtziako (Espainia) espetxean. Iragan urtarrilean hiru urte bete zituen preso.

Onintza Ostolaza Peio Olanoren abokatuak baieztatu duen moduan, atzo goizean jaso zuten epailearen autoa. Duela hilabete prozesatu, eta bere espetxeratze egoeran mantentzea erabaki zuten; «guk horren aurkako helegitea jarri genuen, eta epaileak onartu egin digu auzipetuta jarraitzen duela, baina aske egon daitekeela 15.000 euroko bermea ordainduta», adierazi du Ostolazak. Bada, bermea ordaindu, eta epaitegian tramiteak egingo dituzte gaur goizean, eta arratsalde iluntze aldera lizartzarra aske utziko dutela espero dute.

Abokatuak azaldutakoaren arabera, Olanok berak atzo eguerdirako oraindik ez zekien aske geratuko dela: «Bere senideek badakite, beraz, etxera deitzen duen unean edo aske utziko duten unean bertan jakingo du berria». Bestalde, Olanoren sendiko kideak bermearen tramiteak bukatu ostean abiatuko dira Murtziara, lizartzarra preso dagoen kartzelara.

Epaiketa, datarik gabe

Behin aske geratuta, epaiketaren zain jarraituko luke Peio Olanok, baina hori noiz egingo litzatekeen zehaztu gabe. Hain zuzen ere, Ostolazaren arabera, hori litzateke aske utzi izanaren arrazoietako bat: «Preso egonik lau urte egon zaitezke gehienez epaiketaren zain, baina behin aske utzita ez dago gehienezko epe hori». 2014 urteko urtarrilean beteko zituen Olanok lau urte espetxean, eta data hori baino lehen egin beharko lukete epaiketa preso egongo balitz.

ETAko komando bateko kide izatea leporatzen diote Peio Olanori, baina akusazio zehatza ez dute oraindik ezagutzen. Hori prozedura aurrera doan heinean zehaztuko du fiskaltzak. Guardia Zibilak 2010 urteko urtarrilaren 7an atxilotu zuen Lizartzan, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioan. Gaueko hamabiak inguruan iritsi zen Guardia Zibila Lizartzara, eta Olanoren etxea eta haren gurasoena miatu zituen goizeko laurak arte. 2009 urteko otsailean Salamancan (Espainia) ustez ETArena zen auto bat aurkitu zuen Poliziak lehergaiekin, eta horrekin lotu zuten Olano.

Beste zigorra, beteta

Regina Otaola (PP) Lizartzako alkate izandakoari heriotza mehatxua egin ziola egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe zigorra, hamabi mila euroko kalte-ordaina eta kargu publikoak betetzeko zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zion Peio Olanori. 2007ko irailaren 7an izan zen ustezko mehatxua, herriko jaietan Otaola udaletxean Espainiako bandera jartzen ari zela. Epailearen arabera, «hil egingo zara» oihu egin zion Olanok. 2007ko udal hauteskundeetan Espainiako Justiziak Lizartzako ezker abertzaleko hautagaitza baliogabe utzi zuen eta PPk horregatik lortu zuen alkatetza.

Bada, Onintza Ostolaza abokatuak adierazi duenez, zigorra betea du Olanok: «Aldi berean zigor hori, eta ETAko kide izatea leporatzen zaion auziarengatik zigor prebentiboa betetzen egon da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!