Hamabost urte herriaren zerbitzura

Ainhoa Lopez Leaburuko ostatuko koordinatzailea eta Rachid Ahtadou Peñascaleko ikaslea. LEYRE CARRASCO

Peñascalen kudeaketa Leaburuko ostatuan amaitzear da, eta egitasmoarekin jarraitzeko nahia azaldu dute ordezkariek.

Hamabost urtek askorako ematen dute; lanbide bat ikasteko, lan-aukera bat aurkitzeko eta, batez ere, arrastoa uzten duten harremanak eraikitzeko. Hori guztia lortu du Leaburuko ostatuak azken hamabost urteotan. Peñascal kooperatibaren eskutik, ostalaritza-gunea taberna bat baino gehiago bihurtu da: prestakuntzarako, laneratzerako eta jatorri zein errealitate desberdinetako pertsonen arteko topagune bilakatu da.

Peñascaleko Gipuzkoako koordinatzailea den Gillermo Malkorrak (Tolosa, 1971) azaldu duenez, «proiektu isila» duela hamabost urte sortu zen, Leaburuko ostatuaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publikoaren ostean. «Eskola bat sortu nahi genuen, ikuspegi bikoitzarekin: prestakuntza eta benetako jarduera uztartzen zituena, ikasleek ingurune erreal batean lan egiten ikas zezaten».

Hasierako urteak «ilusioz eta ziurgabetasun puntu batez» bizi izan zituzten. «Beldur pixka batekin hasi ginen, proiektua handia zelako, baina oso polita», gogoratu du Malkorrak. Tolosaldean ostalaritza-zerbitzua eskaintzea zen helburua, eta, aldi berean, pertsonak lan munduan sartzeko prestatzea. Urteak igaro ahala, prestakuntza, enplegua eta komunitatearen integrazioa uztartzen dituen proiektu bihurtu da. Askotan, «oharkabean» egindako lana izan dela adierazi du koordinatzaileak, «baina emaitza esanguratsuak lortu ditu».

Zenbakiek ibilbidearen arrakasta erakusten dute: ia 400 ikaslek parte hartu dute proiektuan, eta laneratze-prozesuen bidezko 45 kontratazio inguru egin dira. Sukaldaritza eta ostalaritzaz gain, Peñascalek beste espezialitate batzuetako prestakuntza ere eskaintzen du, hala nola, soldadura eta iturgintza.

Lau urteko esperientzia

Zenbaki horien atzean, ordea, pertsonen istorioak daude. Horietako bat Rachid Ahtadou (Tetuan, Maroko, 2000) ikaslearena da. Duela lau urte hasi zen Leaburuko ostatuan, eta egun lan-kontratua du. Hasieran, eguneko zentroan esperientzia hartzen hasi zen, ikasle gisa, eta pixkanaka lan-munduan sartzeko bidea egin du. Denbora horretan, hainbat lanpostutan aritu da: lehenengo sei hilabetez sukaldean, eta ondoren barran eta aretoan. «Lau urte hauetan sukaldean, aretoan eta barran esperientzia hartu dut, baita jendearekin harremanetan aritzeko konfiantza ere», azaldu du.

Eguneko zentroak ezagutzak eskuratzeko, praktikatzeko eta laneratze-prozesuan laguntza jasotzeko aukera ematen die ikasleei. Ahtadouren kasuan laguntza hori garrantzitsua izan zen egoera administratiboa erregularizatzeko ere. «Hemen hasi aurretik nahiko gaizki nengoen, baina lanean hasi nintzenean lagundu egin zidaten, kalean ezer egin gabe gera ez nendin», azaldu du. Duela bi hilabete lortu zuen bere egoera egonkortzea, eta ordutik «lasaitasun handiagoz» egiten du aurrera.

Leaburuko ostatuan hasi zeneko lehen urratsak ez ziren errazak izan Ahtadourentzat. Sukaldean moldatzen ikasteak, produktuak non dauden jakiteak edo barran bezeroak artatzeak denbora eta praktika eskatzen dute. «Lehenengo egunak pixka bat zailak izaten dira beti, baina ohitzen zarenean gauzak non dauden badakizu, eta dena errazagoa bihurtzen da», gogoratu du. Denborarekin, lanbide-ezagutzak eskuratzeaz gain, «konfiantza eta autonomia» ere irabazi ditu.

Lankideekin izandako harremana eta beste ikasleei ikasitakoa erakusteko aukera ere garrantzitsuak izan dira bere ibilbidean. Urte hauetan hainbat ikasle-talderekin egin du topo, eta sukaldean, barran zein aretoan ikastera etorri direnei laguntzeko aukera izan du.

Herriaren topagunea

Ostatuaren ekarpena ez da prestakuntzaren esparrura mugatu. Jarduerari esker, Leaburuko bizilagunentzako topagune bat izatera bilakatu da ostatua. Ahtadouk azaldu duenez, herritarrekin izan duen harremana beti izan da ona: «Beti oso ondo moldatu naiz haiekin, eta pozik daude ni hemen nagoenean».

Establezimenduak herritarrak ez ezik, aste barruan zein asteburuetan bazkaltzera hurbiltzen diren langileak ere artatzen ditu. Herriko jaietan ere zeregin garrantzitsua izan du. «Egun horietan, jende asko biltzen da ostatuan, eta langileek ahalegin berezia egin behar izaten dugu guztiei behar bezala erantzuteko. Lau urte hauetan hiruzpalau jaietan lan egin dut. Jende asko eta lan asko izan dugu», gogoratu du ikasleak.

Hori guztiagatik, ikaslearentzako ostatua irekita mantentzea funtsezkoa da herriarentzat. «Kalean dauden gazteei aukera bat ematen die, eta hemen familiarik edo babesik ez duten eguneko zentroko pertsonei laguntzen die. Gainera, herriari bizia ematen dio; taberna ixten badute, herria triste geratzen da».

Iritzi bera du Ainhoa Lopezek (Urnieta, 1978), Leaburuko ostatuaren koordinatzaileak. Haren ustez, hamabost urte hauetako lorpen nagusietako bat proiektuan parte hartu duten gazteen eta bertako biztanleen arteko «bizikidetza» izan da. «Tabernak oztopoak gainditzeko, konfiantza sortzeko eta aukera baten bila iristen diren pertsonak lankide eta komunitateko kide aktibo bihur daitezkeela erakusteko balio izan du».

Etapa baten amaiera

Peñascalek ostatuaren kudeaketan egindako ibilbidea ziklo baten amaierara iritsi da; lizitazioaren epea bukatu delako eta kudeaketa berriro lehiaketa publikora atera delako. Malkorrak azpimarratu duenez, «administrazio-prozesu baten amaiera da, ez ekimenarena».

Hala ere, etorkizunak zalantzak sortzen dizkie. Izan ere, kooperatiba «une delikatuak» bizitzen ari dela onartu du Malkorrak, bereziki, Pello Uranga bezalako lankideen galera izan dutelako tartean. Hala ere, eredu hau jasangarria eta beharrezkoa dela sinesten jarraitzen dute koordinatzaileek: «Baliabideak eta ahalegina behar ditu, baina lekua ikusgarria da, eta mantentzen saiatu behar dugu».

Ostatuaren parte izan direnen nahia da establezimenduak irekita jarraitzea eta behar duten beste pertsona batzuei aukerak eskaintzen jarraitzea. Hala adierazi du ikasleak ere: «Proiektuak aurrera jarraitzea nahiko nuke, beharra duten beste pertsona batzuei lana eskaintzeko». Halaber, Leaburuko herriari eta Peñascali eskerrak eman dizkie, «nirekin izan duten jarreragatik eta hainbeste gazteri laguntzeagatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!