Leaburuko ostatuak etapa berri bati ekingo dio. Azken hamabost urteetan Peñascal fundazioaren esku egon da haren kudeaketa, eta, kontratua amaitzear dela, Leaburu-Txaramako Udalak lehiaketa publikoa jarri du martxan datozen urteetarako kudeatzaile berria aukeratzeko. Urriaren 27an zabaldu zuten deialdia, eta hilabeteko epea izango dute interesa duten enpresek eta ekintzaileek beren proiektuak aurkezteko.
Udalarentzat lehentasuna da ostatuaren jarduerari jarraipena ematea. Izan ere, Joxe Ramon Eizagirre alkateak azaldu duenez, taberna edo jatetxe bat baino gehiago da herritarrentzat: «herriko bilgune nagusia da, eguneroko harremanak sendotzeko eta askotariko ekitaldiak egiteko tokia. Herriko bizitzan duen garrantziari eustea funtsezkoa da udalarentzat».
Baina, hortik harago ere begiratu nahi dute, eta eskaintzen dituen aukerak baliatuta, Tolosaldean erreferente izatea gustatuko litzaieke.
Gaur egungo ostatua 2003an inauguratu zuten. Ordura arte, udaletxeko eraikinaren beheko solairuan zegoen, baina espazioa txiki geratu zela ikusita, ostatu berriaren aldeko apustua egin zuten. Luisa Uzkudun zinegotziak adierazi duenez, erabaki hark emaitza ona izan zuen: «Gurea bezalako herri txiki batek horrelako ostatu bat edukitzea harro egoteko modukoa da».
Urteotan herritarren bilgune izateaz gain, eskualdeko eta eskualdeaz haragoko herrietako bisitariak ere erakarri ditu. Udal ordezkarien esanetan, kokapena da haren indarguneetako bat: Tolosatik eta autobidetik gertu dago, natura ingurune erakargarri batean. Horrek aukera ematen du askotariko erabiltzaileengana iristeko, bai herritarrengana, bai mendira joaten direnengana, familietara edota gastronomiaz gozatu nahi duten bisitariengana.
Instalazioek ere aukera zabala eskaintzen dute. Taberna eta jatetxeaz gain, bi terraza, haurrentzako txokoa eta lau logela ditu eraikinak. Inguruan, berriz, aparkalekua, haurrentzako parkea eta helduek ariketa fisikoa egiteko tresnak daude. Irisgarritasuna ere bermatuta dago.
Etapa berriari begira, logelen zerbitzua berreskuratzea da udalaren asmoetako bat. Izan ere, garai batean ostatua hartzeko aukera ere eskaintzen zuen, baina zerbitzu hori ez dago martxan gaur egun. Udalaren ustez, berriz abian jartzeak turismoa erakartzen eta Tolosaldeko eskaintza dibertsifikatzen lagunduko luke. Horrela, jatetxe jarduera eta ostatu zerbitzua uztartzeko aukera izango luke etorkizuneko kudeatzaileak.
Azken urteetako balantze baikorra
Kudeaketa aldaketaren atarian, orain arte egindako lanaren balantze baikorra egin du udalak. Peñascal fundazioak 2011tik izan du ostatuaren ardura, eta urte horietan ostalaritza jarduera gizarteratzearekin eta lanbide prestakuntzarekin uztartu du.
Uzkudunek bereziki nabarmendu du fundazioak egindako lan soziala. Haren esanetan, ostatuaren kudeaketaz arduratzeaz gain, lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei prestakuntza eskaintzeko gunea izan da, gazte askoak bertan osatu baitute beren prestakuntza, zerbitzari edo sukaldari lanetan arituz. «Udala gizarteratze lan horren parte sentitu da».
Udal ordezkariek azaldu dutenez, fundazioaren eta herritarren arteko harremana oso ona izan da, eta esperientzia aberasgarria izan da herriarentzat. Horregatik, aurrera begira ere antzeko izaera soziala duen egitasmo bati jarraipena ematea begi onez ikusiko lukete. Nolanahi ere, lehiaketa proiektu berrietara zabalik dago, eta aurkeztutako proposamenen ezaugarriak baloratuko dituzte.
Euskara eta bertako produktuak
Kudeatzaile berria aukeratzeko orduan, eskaintza ekonomikoaz gain, proiektuaren kalitatea ere hartuko du kontuan udalak. Eskaintza gastronomikoa, zerbitzuaren antolaketa, jasangarritasuna, enpleguaren sorrera eta instalazioetan egin daitezkeen hobekuntzak izango dira baloratu beharreko alderdietako batzuk.
Euskararen erabilerak ere leku nabarmena izango du. «Euskara izan behar da bertako hizkuntza», adierazi du Eizagirrek. Udalak nahi du euskarak eguneroko jardunean lehentasunezko lekua izatea, eta ostatuak herriko hizkuntza errealitatearekin bat egitea.
Bertako produktuekin lan egitea ere garrantzitsua da udalarentzat, eta azaldu dutenez, ostatuan eskaintzen diren plateretan herriko ekoizleen produktuak erabiltzea sustatu nahi dute. Horren bidez, tokiko gastronomia indartzeaz gain, bertako ekoizleei bultzada eman nahi diete. Kudeatzaile berriarekin batera landu nahiko luketen ildoetako bat da.
Herriaren parte
Ostatuaren eta herriaren arteko lotura sendotzea ere bada udalaren helburu nagusietako bat. Izan ere, Leaburuko bizitza sozialaren zati handi bat bertan egiten da. Herriko jaietan nahiz bestelako ekitaldietan herritarrak elkartzeko ohiko tokia da, eta eginkizun horri eustea ezinbestekotzat jotzen dute.
Baina udalaren nahia ez da ostatua elkargune izatera mugatzea. Herriko jardueretan parte hartzea eta ostatuak berak ekimenak antolatzea ere sustatu nahi dute. Horren adibide dira azken jaietan gaztetxoentzat antolatutako tailerrak. Harrera ona izan zutela azaldu dute, eta aurrerantzean ere horrelako jarduerei jarraipena ematea gustatuko litzaieke.
Era berean, ostatuan antzezlanak, kontzertuak edo bestelako kultur ekitaldiak antolatzeko aukera aipatu dute. Udalaren eta etorkizuneko kudeatzailearen arteko elkarlana bultzatzea izango litzateke asmoa, ostatuak herriko dinamikan parte hartzen jarrai dezan.
Hamar urteko emakida aurreikusten du lehiaketak, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Epe horrek egonkortasuna eman diezaioke kudeatzaile berriari, bere proiektua garatu eta eskaintza sendotzeko. Ostalaritzan esperientzia duten enpresei eta ekintzaileei zuzendu die deialdia udalak, eta proposamenak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkeztu beharko dira.
Etapa berriak, beraz, bi helburu uztartuko ditu: Leaburuko ostatuak herritarrentzat duen garrantziari eustea eta eskualde osora begirako eskaintza indartzea. Herriko bilgune izaten jarraitzea eta Tolosaldeko erreferente bihurtzea dira udalak datozen urteetarako jarri dituen erronka nagusiak.
