Elkarrizketa

«Nire indar guztiak momentu honetan belaunaldi erreleboan daude»

Aitor Arroyo Askarai

Mahala baserriko Jokin Arrospide. A.A.A.

Esnekiak eraldatzen hiru hamarkadako ibilbidea ondu du Mahala baserriak; askotariko jakiak ekoizten dituzte, eta eurak banatzen dituzte Euskal Herrian zehar.

Mahala etxeak 30 urte bete ditu esnea lehenengoz eraldatzen hasi zenetik. Lehen gaztak Jokin Arrospide (Leaburu-Txarama, 1965) arduradunak egin zituen, eta kontatu du pixkanaka zabaldu dutela produktuen ekoizpena. Behiak zaintzeko zein esnekiak egiteko lanak ezagun dituenaren begiradaz azaldu ditu baserriaren jatorria, proiektuaren bilakaera, gaur egungo erronkak eta etorkizuneko asmoak.

Nolakoa da Mahalako egunerokoa?

Gaur egun lantalde dezentea dugu: 22 edo 24 langilek osatzen dugu. Urteko garaiaren arabera, kanpoko lanetan zein elaborazio lanetan aldaketa batzuk izaten ditugu. Saiatzen gara postu bakoitzean pertsona bat baino gehiago izaten, kopuru handia ematen du, baina kontuan hartu behar da banaketa ere guk egiten dugula.

Hortaz, lan ezberdin asko egiten dituzue.

Hori da. Batzuk prestatuta daude ganadua zaintzeko, beste batzuk espezializatuta daude banaketan, beste batzuk elaboratzen... Eta horiek berak edo beste batzuk askotariko lanak egiten aritzen dira. Gurean oso jende gutxi dago gauza bakarra egiten duena. Ezustekoei aurre egiteko eta... Beharrezko ikusten dugu hori.

Urteko garaiaren arabera asko aldatzen al da lana?

Lanaren bolumena nahiko egonkor mantentzen da. Udan eta eguraldi ona egiten duenean aprobetxatu egin behar izaten da, eta oso beteak izaten dira egun horiek. Eta, bestela, nahiko orekatua izaten da elaboratzeko eta banatzeko lana. Udan, adibidez, barrualdean gutxiago saltzen dugu; eta, neguan, gehiago. Kostaldean udan izaten da mugimendu gehiago, eta neguan zertxobait gutxiago... Nahiko orekatuta mantentzen da.

Produktuak elaboratzeko garaian ere aldatzen da pixka bat: udan izozki dezente saltzen dugu, eta gazta pixka bat gutxiago; eta neguan, berriz, kontrara: izozki gutxiago, eta gazta gehiago. Jogurta, postreak eta halakoak, berriz, nahiko antzeko mantentzen dira.

Zer saltzen duzue gehien?

Ez da gauza bera kilotan edo eurotan neurtzea. Bolumenez, garbi, jogurtak saltzen ditugu gehien; baina fakturazioan gaztak pisu handia du.

Eta gutxien?

Izaten dira arrakastarik lortzen ez duten produktuak, eta horiez ahaztu egiten gara. Bi denda ditugu —bana Bilbon eta Donostian—, eta horiek dira gure harrobia, nolabait. Bertan probak egiten ditugu, bezeroei dastatzeko eman eta hor ikusten dugu produktu batek ibilbidea izan dezakeen edo ez. Batzuk geratu dira bidean.

Hortaz, zuzenean saltzen duzue eta profesionalekin ere egiten duzue lan?

Tolosako azokan saltzen dugu, eta beste azoka batzuetan ere izaten gara; askotan ez. Gure produktuak kalitatea zaintzen duten denda txiki ia guztietan daude. Hortik bermatzen dugu salmenta. Eta, esan bezala, denda bana daukagu Bilbon eta Donostian. Bilbokoak hamahiru urte daramatza martxan, eta egonkortuta dagoela esan genezake; Donostiakoak, berriz, hiru bat urte izango ditu, eta bere bidea egiten ari da. Denda horiek aukera ematen digute bertako produktuak eta euskara babesteko, eta gure neurrian aritzeko.

Horiez gain, kate antolatu batzuetan ere bagaude; batez ere, gure produktua defendatzen dutenetan. Pare bat aipatzeagatik, bada, Eroski, Unialco...

Noraino iristen dira Mahala produktuak?

Sentitzen dut sortu genituen oinarriak mantentzen ditugula. Oso garbi genuen gure produktuek bertakoentzat izan behar zutela, eta gure eremua Euskal Herria da; bertatik kanpo esan liteke ez dugula ezer saltzen. Etiketetan ere nabaritzen da hori; asko baldintzatzen du bezeroa etiketak, eta hor ikusten da nori begira egiten dugun. Filosofia hori garbi genuen hasieran, eta mantentzen dugu horrela sinesten dugulako.

«Harrotasun puntu bat sentitzen dut hasierako oinarriak mantentzen 
ditugula ikusita»

Hiru hamarkada bete dituzue. Zer esan nahi du zuentzat?

Gauza hauek ez dute jatekorik ematen [erdi barrez], jatekoa eguneroko lanak ematen digu. Pentsarazten dizu, ordea: 30 urte pasatu dira eta harrotasun puntu bat sentitzen dut hasierako oinarriak mantentzen ditugula ikusita.

Jende askok esan izan digu gutxiago dibertsifikatu behar genuela, kontzentratu behar genuela ekoizpena unitate edo erreferentzia gutxitan... Baina gure ideia ez zen hori, ez da, eta ez dugu izatea nahi. Iruditzen zaigu dibertsifikazio horrek egonkortasun bat ematen digula, eta gure kontsumitzaileak ere behar dituela aukera ezberdinak.

Zein izan dira 30 urtez irauteko gakoak?

Hasiera oso zaila izan zen. Instituzioak eta gobernatzen gaituztenak Mahala bezalako proiektuen aurka zeuden; sinesten zuten esne-zentralen egitura zela etorkizuna, eta gure lana zela ekoiztea eta haiei entregatzea produktua. Nik, bestalde, garbi nuen —gure gurasoen eta aurrekoen eginkizuna nolakoa zen ikusita— bertako produktua bertakoentzat eta industrializatu gabe egin behar zela.

Produktua zentral bati entregatzen nionean... Gerora iristen zen produktua ez nuen nire sentitzen. Hor hasi nintzen hausnartzen, bidaiatzen eta ondorio argi gisa ikusi nuen gure eginkizuna zela ekoizten duguna transformatzea eta bertan saltzea. Hasiera zaila zela esan dut laguntzarik ez genuelako izan; are gehiago, aurreneko urteetan nolabaiteko boikota egin zuten instituzioek. Gerora bertsioa asko aldatu dute, eta gaur egun Mahala bezalako proiektuak bultzatu egiten dituzte.

Kontrara, hasieratik asko babestu ninduen gizarteak, bai animo aldetik eta baita ekonomikoki ere. Horrek erraztu egiten du kontua, eta urte gutxian dezente hedatu gara.

Nolakoa izan da bilakaera?

Aurreneko elaborazioa 1996ko maiatzean egin genuen. Asko lagundu zidaten Artzai Gaztakoek, Otxandorena zenak. Eta gero, telefonoa eta gauzak egiteko gogo handia. Ukuiluaren ondoko instalazio txiki-txiki batean hasi ginen eta 2003an, pixkanaka, instalazio berriak egin genituen. Momentu hartan esnea eraldatzeko instalazioak egiteaz gain, beste eremu txiki bat egin genuen haragia lantzeko; eta, horrela, gaitasuna irabazi genuen hestebeteak egiteko.

Duela hamabost bat urte postreekin hasi ginen: natillak, arroz esnea, flanak... Eta izozkiekin ere duela hamar bat urte hasi ginen. Urte hauetan gauza asko gertatu dira, eta gure irizpideak izan dira produktuen aukera zabaltzea eta ahalik eta kalitate onena lortzea. Eta, jakina, bezeroa ondo zaintzea.

Zein da Mahala baserriaren jatorria?

Nik uste bi historia daudela: bata, epe motzekoa, eta, bestea, denboran atzera egiten duena. Motza da nire ibilbidea, 30 edo 40 urtekoa. 16 edo 18 urte nituela ingurukoak sumatzen nituen laneko errutinan erabat erreta: astelehenetik ostiralera makurtuta, eta asteburua beti motzegi. Beti pentsatzen nuen oso tristea iruditzen zitzaidala ordu gehien egin behar diren lekuan horrela sentitzea.

Zazpi senide gara, eta gazteena naiz ni. Beste guztiak kanpora joan ziren lanera-eta, eta aitak ere galdetzen zidan ea zein asmo nituen... Garbi nuen baserrian geratzen baldin banintzen, bere osotasunean lantzeko izango zela. Zabalegin [Nafarroa] nekazaritza eskola zegoen, negu bat egin nuen han, eta hark harrapatu ninduen. Garai berezia zen, Europako sarrera zen orduan, eta ez nuen bat egiten sustatzen zuten ikuspuntuarekin: hango ildoa zen ustiaketa handiak egitearen aldekoa, eta asko bultzatzen gintuzten esne behiak jartzera, behi asko jartzera. Esaten ziguten lehiatu behar genuela alemaniarrekin eta holandarrekin...

Eta ez zenuen gustuko?

Ez nuen hortik jo nahi; nire norabidea gehiago zuzeneko salmentarena. Herri txiki batzuetan produktu freskoa saltzea zailagoa izaten da, baina guk kontsumitzaile asko bertan izanda... Kontraesan hori sumatzen nuen, eta behiekin hasi eta sei edo zazpi urtera sistema guztiari kontra eginez hasi nintzen esnea eraldatzeko arloan.

Azkenean, bizitzari zentzua bilatzea izan da asmoa, edo horretarako nahia. Korapiloak askatu nahi izaten dituzu, eta gehienak uste dut askatu ditudala.

Baserriaren beste historiak denboran atzera egiten duela aipatu duzu.

Zalantzarik gabe, umetan etxera noiz edo noiz periodikoren bat iristen zen, eta gogoan dut han ikusi izana Mahalari buruzkoak: duela hirurehun urte ospitale izan zela eta halakoak. Harrak heldu zidan. Izatez, baserriaren izena da Mahala, eta produktuei Mahala marka 30 edo 31 urte nituela jarri nien. Mahala izena hebreeratik ote datorren esan izan dute historialariek. Aurretik beste bertsio bat ere zabaldu izan da: magala hitzetik ote zetorren edo. Hemen erreka ondoko inguruak ere Maria Magdalena du izena... Baina itxura guztien arabera hebreeratik etorritakoa izan behar du, eta esan nahi omen du leuna, suabea, biguna, laguntzekoa... Eta horrek lotura du ordena ospitalarioaren garaiarekin.

Zein garai izango litzateke hori?

Ospitalarioen ordena 1.060 urte inguruan sortu zen, eta haien helburua zen Jerusalemera joateko bidean atseden tokiak sortzea erromesentzat. Horretarako eraikinak egin zituzten, eta itxura guztia du Mahala oinarri horrekin egina izan zela. Nik ez nuen sinesten, baina Tolosako Artxibora joaten hasi nintzen, eta 1.400 eta 1.500 urte inguruko dokumentuetan topatu nituen aipamenak. Juan de Amezketa delakoa izan zen hemengo jauntxoa. Azkena topatu nuenak hemen inguruko errota bati buruz hitz egiten du, eta antza Mahalako jabeena zen errota ere. Dokumentu hartan topatu nuen gosete garaian adostu zutela artoa, garia, garagarra edo dena delakoa bertan txikitzeagatik, onura batzuk jaso zituztela Mahalako baserrikoek eta ingurukoek. Idatzita dauden akordioak dira.

Horrez gain, beste dokumentu bat topatu dut 1.261ekoa. Eta hori ere ez nuen sinesten. Baina orain dela bospasei urte gizon batek deitu ninduen, eta kontatu zidan 1.261ean existitzen zela Mahala. Gizon hark beste idatzi bat ere bidali zigun, Nafarroako Artxiboan topatu zuen dokumentu batekoa, eta gaztelerara egokituta bidali zigun itzulpena. Mahala beharrean Machala aipatzen du, eta Lizartza ere aipatzen du beste izen batekin. Testuak kontatzen du Nafarroatik sartu zirela eta, Lizartza erre —beste batzuk diote suntsitu egin zutela— eta Mahala berriz arpilatu egin zutela: sagardo upelak hustu, baleztak, dirua, labanak eta kapak lapurtu, bi gizon bahitu, eta gerora diruaren truke libre utzi zituztela. Itxura guztien arabera, eraikinaren lehen arrastoak Jerusalemerako bidean oinarrituta egin zituzten, erromesentzat.

Zure historiara itzulita, zein izan dira une gogorrenak?

Izan ditugu momentu gogorrak. Krisia esaten da 2008an lehertu zela, baina beldurrarekin edo, 2007 amaieran salmentetan dezenteko beherakada izan genuen. Ikaratu egiten zara, estutu; azkenean, azpiegitura bat daukazu, lantaldea, hipoteka ordaindu beharra...

Garai hartan, 2009an edo 2010ean hasi ginen jogurta fruta zatiekin egin beharrean, fruta purearekin ere egiten. Modu horretan salmentetan galtzen ari ginena berreskuratu genuen nolabait. Gure ibilbidean behera ez dakit egin dugun, baina handitu ere ez gara asko egin; oso egonkorra izan da.

Eta unerik gozoena?

Unerik gozoena baino gehiago, faltan gehien botatzen dudana da behiekin eta belarretan lan egitea. Horrek maitemindu ninduen baserriaz. Ganaduarekin hasi, baina gerora beste eginbehar asko ere sortu zaizkigu eraldatzeari lotuta, eta hor erdigunea nik mantentzen dut oraindik ere; horrek ere nekatzen du, eta... Aurrera egiten duzu sinesten duzulako, baina gauza asko dira: ganadua, belardiak, eraldatzea, banatzea... Denak eskatzen du lanketa, eta horrek bere prezioa du.

Nik askoz nahiago dut behiekin lan egin. Belarrarekin lan egiten duzunean, ondo egiten saiatzen bazara emaitza onak ateratzen dituzu; eta hori horrela denean gustura sentitzen zara. Eta ganaduarekin beste hainbeste. Ganaduak lana eskertzen du, eta emaitza ematen du. Asebetetze bat dago hor, morala eta baita ekonomikoa ere.

30 urte hauetan bezeroa aldatu al da?

Badaude ezberdintasun batzuk. Lehen etiketari ez zitzaion kasu handirik egiten, eta orain ikaragarri begiratzen zaio: osagaiak, nutrizio balioak... Lehen ez zen jarri ere egiten, eta orain derrigorrezkoa da.

Bestalde, gure bezeroak kopuruz ikaragarri ez badira ere, zorionez, mantendu egiten dira, eta horrek ematen digu egonkortasuna. Erosten duelako jarraitzen dugu hemen. Bezero bera ez bada ere, bezero mota mantentzen da, jendea kontzientziatzen da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Gustatuko litzaiguke hedatuago egotea, eta ekoizpenaren % 100 ekoizle txikiek sortzea eta merkaturatzea; baina gaur egun ez da posible. Kanpotik ere asko sartzen da, eta herri batek nortasunari eutsiko badio, bertakoa behar du. Gu horretan saiatzen gara, bertakoa egiten bertakoentzat, osasuntsua, eta ahalik eta kalitate handienekoa.

Produktu asko ditu Mahalak. Nondik dator zabaltzeko gogo hori?

Antolatzeko moduak asko baldintzatzen du merkaturatzea. Gure nahia izan da bezeroarengana iristea, bertako proiektuak defendatzen dituzten denda txikiak ardatz hartuta. Zenbat eta erreferentzia gehiago izan, errazagoa da mantentzea, eta jendeak eskatu ere egiten du; hori asetzea da helburua.

Eta gu ere ez gara geldirik egotekoak. Gure ahaleginaren zati txiki bat beti bideratzen dugu gauza berriak garatzera, ikertzera.

Bezeroak eskertzen duela esango zenuke?

Bezeroari aukerak ematen dizkiogu, eta, erosten badu, gustuko duenaren seinale da. Batzuk erosiko dute gu bezalako proiektuak bizirik mantentzeko helburuarekin ere. Bezeroen erosketarik gabe, Mahalak ez du etorkizunik.

Etorkizunera begira zein dira erronkak?

Une honetan ekipo nahiko zabala daukagu. Baina Mahala aurrera eramateak belaunaldi aldaketa bat eskatzen du, eta aldaketa horrek ondo egituratuta egon behar du. Momentu honetan hori da norabidera, eta ez zait iruditzen garaia denik proiektu berriak sortzeko; txikiren bat agian bai, baina gauzak ateratzea kostatzen ari zaigunarekin... Proiektu potenteak belaunaldi berriak egin beharko ditu.

Erreleboa ematea da, hortaz, lehentasuna.

Nire indar guztiak momentu honetan belaunaldi erreleboan daude. Etxeko bi semeak ari dira, eta haiei ez dago gehiago eskatzerik. Baina iruditzen zait egitura honek eskatzen duela zerbait gehiago ere. Gainetik nik eraman dut, baina jende konprometitu asko izan dut inguruan, eta horrek erraztu egiten du. Belaunaldi berriek ere beharko dute hori.

Askok sumatzen dute hutsunea belaunaldi erreleboan.

Nik ez dut garbi Mahalak segituko duenik. Egia da gure semeei ezin diegula gehiago eskatu, % 100 ari dira ematen; eta batzuetan zalantza ere egiten dut, ez dakit merezi duen, gizartea dagoen bezala... Gauza guztiek dute bere neurria. Hemen egitura bat puskatzen ari da, kapitalismoa ari da erabat gailentzen, haren ideietan bete-betean sartzen ari da gizartea, eta horren aurrean gurea bezalako proiektuentzat zaila da irautea. Nik garbi daukat merezi duela, baina konpromiso handiko jendea behar da. Hori ez badago, hobea da uztea.

Zenbait kirol talde eta ekitaldi babestu izan dituzue. Nondik dator gogo hori?

Mahalan jende askok egin du lan, eta asko eman du. Gauza bat garbi geratu da, hain zuzen, diruagatik baino gehiago, ideiengatik gaudela. Jakina, oreka bilatu behar da: bideragarria izan behar du. Baina diruaren gainetik, ideiak. Jarduera eta talde horiek konpromisotik babesten ditugu.

Baserria bezala, Euskal Herria maite dugu bere lurraldetasunean, ezaugarriekin, historiarekin, hizkuntzarekin... Hori mantendu egin behar da, eta horregatik babesten ditugu euskara proiektuak ere. Herri kirolak, berriz, ulertzen dugu Euskal Herriaren zati bereizgarria direla, historiaren adierazle, eta hori babestea garrantzitsua da guretzat.

Naturak ere eragiten dizue zuzenean. Aldaketarik sumatzen ari zarete?

Udara oso gogorra izan da. Eta ematen du ohitzen joan beharko dugula: udan lehortea, euri kolpe ikaragarriak, harri jasak... Horretarako prestatzen ere joan beharko dugu. Ura ere gero eta gutxiago izaten dugu, oraindik badaukagu baina... Gogorra izan da, eta egokitu egin beharko dugu.

Eskualdean nola sumatzen duzu lehenengo sektorearen egoera?

Hitz gutxitan esateko, honakoa da norabidea: turismoa bai, lehen sektorea ez. Lehen sektorea oso baztertuta dago, ez da errespetatzen... Baserritarrak oso gutxietsita daude. Euskal Herrian oso beharrezkoak dira baserritarrak eta baserriak. Lehen sektorerik gabeko Euskal Herri bat egiten ari gara, eta erantzukizunik ez dute hartzen ahalmena dutenek. Politikoek, zenbait teknikarik... Mapatik kenduta dute lehen sektorea.

 

«Ez dago lanerako baldintzarik [...] Lehen sektorean egiten diren lanak inolaz ere ez dira pagatzen»

Oso gogorra da gertatzen ari dena. Oso gogorra. Hamarkada batzuk barru iritsiko dira damuak: «Zer egin dugu? Nola utzi dugu hori gertatzen?». Oso larria da, oso larria. Ez dago lanerako baldintzarik. Negozio txikiak eta ertainak suntsitzekoa da norabidea, eta gutxi batzuen esku egonda, nahi bezala maneiatuko dute gizartea. Lehen sektorean egiten diren lanak inolaz ere ez dira pagatzen.

 

«Hamarkada batzuk barru damutuko gara, orduan konturatuko gara nekazaritzak existitu behar duela»

Administrazio aldetik dokumentu pila bat bete behar dira, eta gehienek ez dute ez hankarik eta ez bururik. Eta ez badituzu betetzen, berehala azaltzen dira inspektoreak. Behar al dira hainbeste? Gizakiak eta baserritarrak izatez du ahalmena eta harrotasuna gauzak ondo egiteko. Zertarako hainbeste inspektore? Laguntzeko ez, behintzat. Eta baten batek lagundu nahi badigu, debekatuta dute; salatu egiten dituzte. Horretaraino gaude iritsita: laguntzea debekatuta, eta egurra ematea onartuta.

Gizartean sumatzen duzu kontzientziazio edo babes faltarik?

Gizartean era askotako jendea dago. Gu asko babesten gaituztenak gutxi badira ere, zorionez, badaude. Gizartea berekoitu egin dute; zaila da kolektiboki gauzak egitea. Badago jende konprometitua ere, baina proportzioan gutxi dira; gehiengoa beste bidetik doa. Eta horren aurrean lehen sektoreak sekulako inpotentzia sentitzen du.

Ia hitz egiten ere ezin zara hasi leku askotan. Baserritarra oso pertsona jakintsua da egiten duen horretan; kontua da gaur egun ez zaiola baliorik ematen baserritarrak egiten duenari. Baserritarrak balio asko ditu; eta baserritar bat eta ez da edozein modutan egiten. Baina gaur egun goraipatzen diren balioak beste batzuk dira; eta horiek pikutara eramango gaituzte denborarekin. Adimen artifizialak, adibidez, batailak irabaziko ditu, baina gerra naturak irabaziko du. Eta hamarkada batzuk barru damutuko gara, orduan konturatuko gara nekazaritzak existitu behar duela, ezinbestean. Orduan eramango dituzte eskuak burura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!