Airetik ateratako argazki zahar batetik abiatu zuten ikerketa Manu Zeberio eta Izaro Quevedo Aranzadiko arkeologoek. «Itxitura bat ikusten, eta bertara, Euletxara mendira etorri nintzen. Ezaugarri zehatz batzuk zituen lurrezko egitura bat topatu nuen, eta erromatar garaiko kanpamentu bat zela iruditu zitzaidan. Baina hori baieztatu egin behar zen», kontatu du Zeberiok.
Eta horretan aritu dira azken urteetan. 2018an abiatu zuten ikerketa eta duela bizpahiru urte amaitu zuten. Bide horretan lantalde zabala izan dute; tartean Leaburu-Txaramako Udalaren eta Foru Aldundiaren babesa eta laguntza izan dute. «Bi eragileek diru laguntza eman digute, eta horri esker, gune guztia garbitu ahal izan zen, izan ere, sasi eta akai-belarrez josia zegoen, eta ikerketa abiatzeko ezinbestekoa zen garbiketa egitea. Topografia bat egiteko ere balio izan digu laguntzak», gaineratu du.
Terraza formako lubeta bat aurkitu zuten arkeologoek, bi metro inguruko zabalera zuen ezponda eta metro eta erdi inguruko altuera zuena, soldaduek lursail berean egindako indusketatik ateratako lur eta arrokekin egina. «Egindako indusketa arkeologiko gehienetan hauexek dira ohiko ezaugarriak; agger –lurrarekin egindako defentsa edo parapetoa–, fossa –lubanarroa– eta kontra-agger —lurrezko beste parapeto apalago bat–», esan du arkeologoak.
Eraikuntza martxan dagoen armada bati zegokiona da, «baina barrutiko okupatzaileen defentsa ziurtatzeko diseinu eraginkorra du. Metro bateko sakonera duen hobi bat aurkituko genuke, eta bat-batean 60 zentimetro pasatxoko altuera duen parapeto bat. Parapetoaren gehienezko kotatik hobiaren hondorainoko aldea 1,65 baino handiagoa da. Horrela, agger-aren punturik altuenetik kontra-agger-era dagoen distantzia bi metro ingurukoa izango litzateke, eta horri bi edo hiru metroko zuloaren zabalera gehituta, askoz ere zailagoa izaten da salto egin eta azken defentsa horri, defentsa nagusiari, aurre egitea. Kontuan izan behar da hesola gurutzatuen bidezko defentsa ere bazutela, eta horregatik, defentsan zegoen soldadua bera gainditzen zaila zen».
Zeberiok gaineratu duenez, «eremura iritsi eta egunean bertan egin zuten kanpamentua; lehendabizi fossa egin zuten eta horretarako lurra kendu eta harkaitza puskatu zuten, eta hortik ateratzen ziren materialak, bai lurrak eta harriak, atzera eta aurrera bota zituzten agger-a eta kontra-agger-a egiteko».
Hasierako hipotesien arabera, Zeberiok eta bere taldeak zundaketa batzuk egin zituzten eremuan, bai parapetoan, ezpondan eta baita goiko terrazan ere, eta kontatu duenez, orduan baieztatu zuten erromatar kanpamentu bat zela: «Batetik, eremua zirkularra dela ikusi genuelako, eta bestetik, fossa-k V formakoak direlako. Guztira hamar zundaketa eta kata arkeologikoak egin genituen dena ondo aztertzeko eta ez dago dudarik erromatar kanpamentu bat dela».
Ikerketarekin jakin dutenez, mendiak eskaintzen duen defentsa naturala aprobetxatu zuten. «Sestra-kurbetara egokitzen dira, dagoen mendi bat aprobetxatzen dute, baina mendiaren zati bat ere mozten dute. Zergatik? Sestra-kurbei jarraituz nekez defenda daitekeen irtengunea egin ez dezaten. Orduan, tarte horretan mendia mozten dute, eta gainerakoan egokitu egiten dira, baina komeni zaien lekuan ere haitza mozten dute eta Euletxarako kanpamentuan modu argian antzematen da parapetoa, haitzezkoa izanik, bere altuera ezin hobeto mantendu ahal izan dela hainbat guneetan», azaldu du.
Leku estrategikoa
Zeberiok kontatu duenez, Errepublikaren amaieran eta Inperioaren hasieran Akitania menperatu ondoren, Kantabriar Gerretarantz (Bellum Cantabricum) martxan zegoen soldadu talde batek hartu zuen eremua, denbora baterako. Zergatik? «Leku estrategikoa zelako». Izan ere, arkeologoaren ustetan, «kanpamentua ingurua konkistatzeko erabili zen. Hemendik, besteak beste, Tolosa, Ernio, Intxur, Aldaba, edota Basagain ikusten dira, baina leku hau estrategikoa da, bereziki, igarobide na-
turalak kontrolatzen zituztelako».
Tolosako Laskoain auzoan garai batean San Esteban de Laskoain ermita zegoen eta hori igarobide natural bat zela adierazi du, «Oria ibaia zeharkatzeko balio zuena. Hori dena hemendik kontrolatzen zen, eta nik uste toki hau horregatik dela estrategikoa, igarobide hori hemendik kontrolatzen zutelako».
Orain dela gutxi arte mendilerroak «bide naturalak» izan direla ere gaineratu du, eta Euletxara eremuan ere halako ugari ikusi daitezke. «Beste aldetik, Otsabio, Uli, Erroizpe edota Araxes ibaia ikusten dira, besteak beste, eta horiek guztiak bide naturalak dira, nahiz eta gaur egun errepidea egiteko mendia moztu egin behar izan den. Toki hau, beraz, zergatik da estrategikoa? Araxes bailara hemen bukatzen delako, Leaburuko San Sebastian ermitan, eta horrek esan nahi du bide zahar bat dagoela inguruan. Bide natural hori, beraz, hemen bukatzen da, Leaburun».
Material arkeologikorik ez
Euletxara mendian ez dute ia material arkeologikorik aurkitu, garaiko bi tresna soilik; balizko pilum baten punta –piramide-itxurako punta bat– eta lantza baten punta agertu ziren. Horrez gain, iltzeak eta burnizko zati batzuk ere agertu ziren indusketetan, baina Zeberiok esan duenez, «ezin da hori garai berekoa dela ziurtatu, zaila da hori jakitea».
Hala ere, aldi baterako kanpamentua izanik, material gutxi aurkitzea zentzuzkoa dela adierazi du: «Denbora baterako kanpamentu bati buruz ari gara, egun batzuetarako prestatutakoa, eta horregatik, hemen ez da ia material arkeologikorik aurkitu. Modu azkarrean eraiki zuten egoera jakin batera egokitzeko, hau da, erromatar tropak egun gutxi batzuetan leku honetan babesteko».
Egurrezko materialak ere izango zirela gaineratu du arkeologoak, «baina inguru honetan zaila da horiek denborarekin mantentzea, metalezkoak mantentzen dira bakarrik. Zeramikaz egindako gauzak, normalean, ez dira eramaten horrelako kanpamentuetara, hauek mugimenduan baitzeuden».
Euletxararen kanpamentuak hektarea bat hartu zuen gutxi gorabehera, eta arkeologoak kalkulatzen duenez, «baliteke bostehun soldadu egon izana». Gainera, ikerketek diote soldadu bakoitzak bere pilum-a, dolabra –zuloak egiteko tresna–, lo egiteko denda, arropa, eta egur batzuk ematen zituela soinean, eta Euletxara eremuan ez da antzeman gerrarik egon izana.

