Leaburu-Txaramako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko partaidetza prozesuaren lehen faseari eutsi berri dio udalak. Joxe Ramon Eizagirre alkateak kontatu duenez, kanpin bat eraikitzeko asmoa agertu du herritar batek, eta horregatik aldatu beharko litzateke plan orokorra.
Joan dez asteazkenean ospatu zuten lehen bilkura herritarrekin batera. Bertan, dokumentuaren talde idazleak eta udal teknikariak ere izan ziren, proiektuaren nondik norakoak azaltzen. Lehen bilkura horretan herritar askok parte hartu zutela jakinarazi du alkateak, euren interesa erakutsiz, baina denek kezka bera partekatze zuten: «Kanpinera etortzen diren bisitariak non aparkatuko dute? Aparkalekua ere izango du?».
Kanpina Leaburuko San Sebastian ermita igaro, eta Gaztelurako bidean dagoen zelai batean eraiki nahi dutela zehaztu du alkateak. Horrekin batera, beste «urbanizazio lan txiki batzuk» ere egingo dituzte Leaburun.
«Espazioa oso txikia» dela eta kanpina hala izango dela gaineratu du, izan ere, lau bungalow eta karabanantzako sei aparkaleku eraiki nahi dituzte. Eta bisitarientzako aparkalekua? Galdera horri erantzun bat emateko lanean hasiak dira dagoeneko. Bilkuran egindako ekarpenekin udal teknikariek txosten bat idatziko dute eta legediak eskatutako dokumentazioa herritarren eskuragarri jarriko dute.
Proiektua aurrera doa baina honek zein etorkizun izango duenaren zalantza du alkateak, hala ere, Leaburu ezagutzera emateko eta herriari bizitasuna emateko aukera ona dela uste du.
Aurrera begira
Bigarren fasean, udalak ingurumen-ebaluazioari hasiera emateko eskabidea eta ingurumen-dokumentu estrategikoa ingurumen-organora bidaliko ditu, plan orokorraren aldaketarekin batera. Hilabete epean eman beharko dute erantzuna.
Hirugarren fasea hasierako onarpenaren ondoren izango da. Plangintza dokumentua eta ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko dokumentazioa jendaurrean jarriko da, eta alegazioak aurkeztu ahalko dira. Bukaeran alegazioen inguruko txostena idatziko da, egindako eskaerak edo ekarpenak onartzeko edo baztertzeko arrazoiak justifikatuko dituena. Horretaz gain, Leaburu-Txaramako Udaleko webgunean dokumentu legalak ulertzen laguntzeko dibulgazio materiala jarriko dute eskura. Eta parte-hartze gida ere jarriko dute. Partaidetza-prozesu osoan zehar genero-ikuspegia txertatuko dutela nabarmendu dute, «berdintasunerako partaidetza-mekanismoak ahalbidetuz».
Astelehenean bisita
Datorren astelehenean, ekainaren 22an, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuaren bisita jasoko dute, udalak orain arte gauzatutako proiektuak ikusi eta murgilduta dabiltzan beste hainbat ezagutzeko asmoz. Besteak beste, Txarama bidegorri berria eta Leaburun eraiki behar dituzten etxebizitzen guneak ikusiko dituzte.