Partaidetza prozesua hasiko dute HAPOa aldatzeko

Ataria 2026ko ekainaren 4a

Hainbat herritarrek kanpin bat eraikitzeko asmoa dute, eta proiektua herritarrekin batera eztabaidatu nahi du udalak. Herritarrei xehetasunak azalduko dizkiete datorren asteazkenean egingo duten bilkuran.

Leaburu-Txaramako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko prozedurari hasiera eman asmo du udalak, eta horretarako, partaidetza programa bat abiaraziko du. Joxe Ramon Eizagirre alkateak kontatu duenez, kanpin bat eraikitzeko asmoa agertu dute herritar batzuk, eta horregatik aldatu beharko litzateke plan orokorra.

Kanpina Leaburuko San Sebastian ermita igaro, eta Gaztelurako bidean dagoen zelai batean eraiki nahi dutela zehaztu du alkateak. Horrekin batera, beste «urbanizazio lan txiki batzuk» ere egingo dituzte Leaburun. 

Bada, partaidetza prozesuak hiru fase aurreikusten ditu. Lehengoan, bilera bat egingo dute herritarrekin, eta bertan, dokumentuaren talde idazleak eta udal teknikariek proiektua azalduko dute. Egindako ekarpenekin udal teknikariek txosten bat idatziko dute. Bilkura datorren asteazkenean izango da, 18:00etan, udaletxean. Legediak eskatutako dokumentazioa herritarren eskuragarri jarriko dute.

Bigarren fasean, udalak ingurumen-ebaluazioari hasiera emateko eskabidea eta ingurumen-dokumentu estrategikoa ingurumen-organora bidaliko ditu, plan orokorraren aldaketarekin batera. Hilabete epean eman beharko dute erantzuna. 

Hirugarren fasea hasierako onarpenaren ondoren izango da. Plangintza dokumentua eta ingurumen ebaluazio estrategikoa egiteko dokumentazioa jendaurrean jarriko da, eta alegazioak aurkeztu ahalko dira. Bukaeran alegazioen inguruko txostena idatziko da, egindako eskaerak edo ekarpenak onartzeko edo baztertzeko arrazoiak justifikatuko dituena. Horretaz gain, Leaburu-Txaramako Udaleko webgunean dokumentu legalak ulertzen laguntzeko dibulgazio materiala jarriko dute eskura. Eta parte-hartze gida ere jarriko dute. Partaidetza-prozesu osoan zehar genero-ikuspegia txertatuko dutela nabarmendu dute, «berdintasunerako partaidetza-mekanismoak ahalbidetuz». 

Hamalau etxebizitza

Joan den urrian etxebizitza berriak eraikitzeko lanketan hasi zen udala. Hain justu, Elizpe eremuan lau etxebizitza lerrokatu egingo dituzte, eta Torreberrin, hamar etxebizitza kolektibo. Proiektuak aurrera jarraitzen duela zehaztu du alkateak, herritarrek interesa agertu baitzuten; esaterako, Elizpeko eremuko galdetegia 22 pertsonek osatu zuten eta Torreberri eremuko galdetegia, berriz, 20 lagunek. Proiektua ordea, garapen fasean jarraitzen du. «Etxebizitza bakoitzaren balioa baloratzen ari gara, prezio txukun eta egoki batean saltzeko», adierazi du.

Horren bueltan, ekainaren 24an, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren bisita jasoko dute, proiektuaren nondik norakoak sakonago ezagutu ditzan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!