Txaramako bidegorria luzatzeko lanak amaitzear

Ataria 2026ko martxoaren 3a

Bidegorria luzatu, espaloia zabaldu, semaforoak gehitu eta ur hoditeria eta argindarraren sistemak berritu dituzte, besteak beste. Hilabete honetan amaituko dituzte lanak.

Txaramako bidegorria luzatzen ari dira egunotan, eta lanak hilabete honetan amaituko dituzte. Horrekin batera, eta mugikortasuna eta bide-segurtasuna indartzeko helburuarekin, GI-2135 errepidean ere hobekuntza lanetan ari dira. Leaburu-Txaramako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin bultzatu dute proiektua. 

Lan horiei esker, Amaroztik Txaramako lehen eraikinetaraino iristen den egungo bizikletentzako eta oinezkoentzako erreia luzatu ahal izan dute GI-2135 errepideko 2+020 kilometro-punturaino. Gainera, urbanizazioan, drainatzeetan eta zerbitzuetan hainbat hobekuntza egingo dituzte.

Bidegorria luzatzeaz gain, espaloia zabaldu, semaforoak gehitu eta ur hoditeria eta argindarraren sistemak berritu dituzte. Esku-hartze horien helburua da tokiko eta eskualdeko errepide baten berezko beharrak bateragarri egitea, segurtasuna eta irisgarritasuna indartuz, eta, horregatik, bi erakundeek lankidetza hitzarmena sinatu zuten, jarduerak bultzatzeko.

Obren lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 631.253,94 eurokoa da (BEZa barne), eta finantziazioari dagokionez, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduak 245.896,69 euroko laguntza eman du. Lanak 2025eko azken hiruhilekoan hasi zituzten eta hilabete honetan amaitzea espero dutela esan du Joxe Ramon Eizagirre alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!