Aurtengo Euskararen Egunerako mosaiko bat egitea proposatu du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak. Eskualdeko 28 herriek hartuko dute parte, bakoitzak hizki bat osatuz, eta guztien artean Euskararen etorkizuna jokoan! esaldia egingo dute. Ekimenaren bueltan 2.000 euskaltzale bildu nahi ditu elkarteak.
Leaburu-Txaramaren kasuan, O hizkia osatu dute gaur plazan bildu diren herritarrek. 16:00etarako zuten jarrita hitzordua, eta pixkana bertaratzen joan dira, azkenerako taldetxo polita osatuz. Bada, hizkia osatu ostean, Euskararen Egunerako Euskararen etorkizuna jokoan! esaldia aukeratu izanaren zergatia azaldu dute.
Hain justu, lelo hori aukeratu du Galtzaundik gure hizkuntzak aurrerapen handiak izan dituen arren, «azken aldian euskararen susperraldi garaia eten dela eta atzeraldia etor daitekeela erakusten duten zantzu asko daudelako». Dena den, Tolosaldea Euskal Herriko eskualde euskaldunenetarikoa dela eta euskara kaleetan eta etxeetan «bizi-bizi» dagoela gogoratu du. «Horregatik, gune euskaldunok ardura dugu euskarak ezinbestekoa duen jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko indarra eta gogoa ditugula irudikatu nahi da giza mosaikoarekin».