Hamalau etxebizitza eraikiko dituzte Leaburuko bi gunetan

Ataria 2025eko urriaren 22a

Etxebizitza arloan lanketa sakona egiten ari da Leaburu-Txaramako Udala; Elizpe eremuan lau etxebizitza lerrokatu egingo dituzte, eta Torreberrin, hamar etxebizitza kolektibo.

Leaburu-Txaramako Udala herriguneko Elizpe eta Torreberri eremuetan etxebizitza berriak eraikitzeko lanketan ari da. 2018an onartu zen gaur egun indarrean dagoen Plan Orokorra, eta horren bueltan ari dira gauzatzen bi eremuetako proiektuak. Joxe Ramon Eizagirre alkateak esan duenez, «beste dokumentu urbanistikoak ere jorratzen joan gara, beharrezkoak direnak, eta orain hasi gara bi proiektu horiek sakon lantzen».

Bi lursail horiek udalarenak dira eta alkateak aipatu duenez, aspalditik zuten herrigunean bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa. «Zortzi etxebizitza pribatu eraiki ziren azkenekoz herrigunean, horietako lau Bentaburun».

Hala, Elizpe eremuan lau etxebizitza lerrokatu egingo dituzte, eta Torreberri eremuan, berriz, hamar etxebizitza kolektibo. Hala ere, obrak hasi aurretik, funtsezkoa izan zaie jakitea etxebizitza horiek erosteko zein nolako interesa dagoen herritarren artean. «Proiektua idazteko 90.000 euroko inbertsioa egin behar dugu, eta diru kopuru hori Leaburu bezalako udaletxe txiki batentzat inbertsio handia da. Gerora diru kopuru hori berreskuratuko dugun arren, guk ez dugu irabazi asmorik proiektu honekin. Lurzoru hauek publikoak dira eta horiek salduko diren prezioa kostua kubritzeko izango da», azaldu du alkateak.

Horretarako, herritarren artean galdetegia zabaldu zuten, haien interesa zein zen ezagutzeko. Elizpeko eremuko galdetegia 22 pertsonek osatu zuten eta Torreberri eremuko galdetegia, berriz, 20 lagunek. «Hortaz, bi eremuetako etxebizitzak, printzipioz, kubrituta geratuko dira, badagoelako jendea horiek erosteko asmoa duena», gaineratu du.

Aurten Elizpeko proiektua garatzen hasiko dira, eta datorren urtean Torreberriko proiektua jarriko dute martxan. «Behin honek guztiak zein kostu izango duen dakigunean, salmenta prezioa ezarriko dugu eta salmenta prezio hori ezarrita, etxebizitza tasatuetan ordenantza onartuko dugu etxebizitzen behin-behineko prezioa eta eskatzaileek bete beharreko baldintzak ezartzeko. Hori dena egitean zerrendak ireki eta lehiaketa bat irekiko dugu. Lurzoru hau sustatzaile bati salduko diogu aurretik ezarritako baldintzekin etxebizitzen salmenta aurrera eramango duena», azaldu du. Eraikuntza 2026 eta 2027 artean egitea aurreikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!