Leaburu-Txaramako herritarrek Larresorora egingo dute irteera

Ataria 2024ko uztailaren 23a

Igandean Larresoroko Harriz-zubiko festak ospatuko dituzte eta Leaburu-Txaramako Udalak bertara joateko irteera antolatu du. Aurten festarekin batera Ote Lore elkartearen 40. urteurrena ospatuko dute.

Urtero bezala, hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da; bazkaria, musika, kantua, dantza, bertsoak, pilota partida eta puzgarriak izango dira, besteak beste. Udalak autobusa antolatu du festarekin bat egin nahi duten herritarrentzat. 8:45ean abiatuko da Leaburuko plazatik eta geldialdia egingo du 9:00etan Txaramako paper-fabrikako autobus geltokian.

LARRESOROKO HARRIZ-ZUBIKO FESTAK, UZTAILAK 28
  • 11:00. Bertso pilota jaialdia, plazan.
  • 13:00. Zintzur bustitzea, Harrizko Zubian.
  • 14:00. Herri bazkaria, Joxe Angelek animaturik (leku mugatuak). Haurrentzat menu berezia egongo da (5 euro). Bazkaria eta kontzertua 25 euro.
  • 18:00. Demode Quartet kontzertua.
  • Egun guztian zehar. Haurrentzako puzgarriak, toka txapelketa, taloak eta zozketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!