Alaitz Imaz eta Altzo Jauregi izan dira sega ligaren irabazleak

Ataria 2024ko uztailaren 1a

Leaburun jokatu da Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligaren hirugarren eta azken saioa, eta bertan irabazleak Ainara Otamendi eta Altzo Jauregi izan dira.

Almitza elkarteak antolatu duen Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligaren hirugarren eta azken saioa egin zuten atzo Leaburun, San Pedro jaien barruan. Helduen mailan saioa Ainara Otamendi ibartarrak eta Altzo Jauregik irabazi zuten. Emakumezkoetan bigarren Alaitz Imaz hernialdetarra eta hirugarren Luixa Uzkudun leaburuarra izan ziren. Gizonezkoen, Julen Gabirondo eta Mikel Lizartza tolosarra izan ziren bigarren eta hirugarren. Beteranoetan Pabi Astondoa gailendu zitzaion Joakin Garmendia anoetarrari. Gaztetxo helduen artean, Inge Goikoetxea gazteluarrak irabazi zuen saioa, eta gaztetxo txikien artean Mari Olazar gazteluarra.

Liga amaituta, emakumezkoetan Alaitz Imaz izan da txapelduna, eta bigarren eta hirugarren, puntuetan berdinduta, Luixa Uzkudun eta Ainara Otamendi sailkatu dira. Gizonezkoetan, Altzo Jauregi izan da txapelduna, Mikel Lizartza izan da bigarren eta Oier Urkola anoetarra hirugarren. Beteranoetan txapela Pabi Astondoak eraman du eta bigarren geratu da Joakin Garmendia. Gaztetxo helduetan, lehen hirurak Harri Mitxelena, Inge Goikoetxea eta Nahia Aranzabe gazteluarra izan dira. Gaztetxo txikietan Mari Olazar, Irati Tome gazteluarra eta Izar Mendizabal.

Argazkiak: Almitza sega elkartea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!